Iñigo Alberdik EOSeko zuzendari nagusi kargua uztea erabaki du

Zuzendariak kontratua aurtengo denboraldi amaiera arte luzatzea adostu du Eusko Jaurlaritzarekin

Iñigo Alberdik EOSen 2013-2014ko denboraldia aurkeztu zuen iazko maiatzean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2014ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendari nagusiaren kargua uztea erabaki du Iñigo Alberdik (Soraluze, Gipuzkoa, 1973). Martxoaren 3an amaitu zitzaion kontratua Alberdiri, eta ez berritzea erabaki du. Hala ere, 2013-2014ko denboraldiaren amaiera arte luzatzea adostu dute hark eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, eta tarte horretan aukeratuko dute zuzendari berria. Alberdik uztail amaiera arte jarraituko du.

Zortzi urtean izan da EOSeko zuzendaria. 2006an hartu zuen orkestraren ardura, eta betetzat eman du han emandako denbora. «33 urterekin sartu nintzen orkestran, eta nire lehen helburua kalitateari eustea izan zen». Hori baino gehiago lortu du Alberdik; izan ere, hura zuzendari izan den denboran, orkestrak munduko agertoki ezagunenetan jo baitu. 2007an Brasil eta Argentinatik egindako itzulia gogoan iltzatuta dauka Alberdik: «Sao Paulon eman genuen kontzertua berezia izan zen, hango Euskal Etxekoekin bildu ginelako. Ederra izan zen munduaren beste puntan euskal musika sortzea ». Malandain Ballet Biarritzekin Versailles jauregian (Paris) egindako Errauskine obra eta iaz Klasikat zikloaren barruan Ken Zazpirekin grabatutako lana ere nabarmendu ditu.

Garai zailei aurre eginda

Orkestraren administratzaile soila baino gehiago izan da Alberdi, musikaria eta musikazalea baita. Zuzenbidean lizentziaduna, Bergarako Kultura zinegotzia izan zen 1999tik 2003ra bitartean,EAJ-EA koalizioaren izenean. Goi mailako bi titulazio ditu, Musika Pedagogiakoa eta klabezin irakaslearena, eta Bergarako Mariaren Lagundia ikastolan aritu zen musika irakasle. Musikari gisa, Bergarako Orfeoiko pianista izan zen, eta organoa jo du Easo abesbatzarekin. Azkoitian, Bergaran eta Azpeitian egiten den Organo Erromantikoaren Zikloaren sortzaileetako bat izan zen Alberdi, eta, frantziskotarrak Arantzazura iritsi zireneko 500. urteurrena ospatzeko, Donostiako Musika Hamabostaldiak 2001ean antolatutako zikloa zuzendu zuen. Musika kritikari gisa, Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAn aritu zen. EOSen hasi aurretik, Kutxan lan egin zuen, eta hara bueltatzeko asmoa dauka.

Alberdik musikarekin lotura estua izan du betidanik, eta orkestrarekin izan den urte hauetan bide berriak ireki ditu, krisi ekonomikoari, kulturan egin diren mozketei eta BEZaren igoerari aurre eginez. Garai batean, munduan zehar bidaiatzen zuen orkestrak, hilabeteetako itzuliak eginez, baina krisiak Europara begira jarri zituen musikariak. Dena den, Europako agertoki garrantzitsuenekin harremanak sendotzea izan da Alberdiren helburu nagusietako bat: «Urte gogorrak igaro ditugu, eta aurrekontua asko jaitsi da azken urteetan. Dena den, balorazio positiboa egiten dut. Gure altxorra, harpidedunak, soilik %3 jaitsi dira urte hauetan, eta horrek erakusten digu zailtasun ekonomikoen gainetik fidelak direla entzuleak».

Musika garaikidearekin konpromiso sendoagoa hartzen saiatu da, horretarako, egungo konpositoreen lanak aukeratuz. Horrekin batera, hezkuntza arloan pausoak emateko asmoarekin, hainbat programa sortu ditu orkestrak etorkizuneko entzuleak lortzeko.

EOSeko laugarren zuzendaria

Duela 32 urte sortu zen EOS, eta, ordutik, lau zuzendari nagusi izan ditu. Imanol Olaizola izan zen lehen zuzendaria, 1982tik 1986ra bitartean; Jose Olaizola konpositorearen semea eta musikaria EOSen bultzatzaile nagusietako bat izan zen. Ondoren, Elias Elorzak hartu zuen kargua hamar urtean, 1986tik 1996ra. German Ormazabal izan zen Alberdiren aurreko zuzendaria, 1996tik 2005era bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.