Beste koxka bat gehituko dio curriculumari. Iñigo Alberdi Soraluzen (Gipuzkoa) jaio zen, 1973an, eta musikaren esparruari lotutako hamaika postu bete ditu azken urteotan. Zuzenbide ikasketak egin zituen EHUn; klabezin eta musika pedagogia ikasketak Donostiako Goi Mailako Kontserbatorioan; master bat Arrasateko unibertsitatean, eta Euskadiko Orkestrako zuzendari orokorra izan zen 2006tik 2014ra. Lizarrako Antzinako Musika Asteko zuzendari artistiko izan zen 2017tik 2019ra, Eusko Ikaskuntzako kidea ere izan da, baita Musikeneko eta Musika Hamabostaldiko patronatuko kidea ere. Euskaldunon Egunkaria eta BERRIA egunkarietan ere kritikari aritu izan da, eta Bilboko Koral Elkarteko zuzendari ere izan da azken urteetan. Orain arte. Hemendik aurrera Bilboko Orkestra Sinfonikoaren zuzendaria izango da. Egunotan hartu dute erabakia, eta maiatzaren 7tik aurrera hasiko da postu berrian.
Azken hogei urteetan Ibon Aranbarrik bete du zuzendari postua. Erretiroa hartu eta baziren aste batzuk haren ordezkoari buruzko hipotesiak entzuten zirela. Hain zuzen ere, Alberdi zen gehien errepikatzen ziren izenetako bat, eta, azkenik, Bilboko Orkestra Sinfonikoko patronatuak erabaki du Alberdi izendatzea zuzendari.
Esker ona
Aranbarriren lana eskertu nahi izan du Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak. «Oso eskertuta gaude urte hauetan guztietan gure orkestran Ibon Aranbarriren talentua izan dugulako». Haren «inplikazioa», «dedikazioa» eta «profesionaltasuna» laudatu ditu, eta, haren hitzetan, ezaugarri horiek bilakatu dute BOS «kultur erreferente».