Pixka bat berandututa, barkamena eskatuz iritsi da elkarrizketara, baina presarik gabe askatu du barrua gero. Aktoretzat dauka bere burua Olatz Beobidek (Donostia, 1964), nahiz eta antzerki zuzendari eta aktoreen trebatzaile moduan ere bide luzea egiten ari den. Besteren artean, ETB1eko Goenkale saioan zuzendari izan zen zazpi urtez.
Olatz Beobide bai, baina Egaña ere bazara zu. Iñaki Beobide aitak bakarrik ez, Axen Egaña amak ere asko markatu baitzuen zure ibilbidea, ezta?
Bai, bai. Amak asko markatu gaitu seme-alaba guztiok. Ama indartsu eta bizia izan dugu eta daukagu; pertsona gisa, eredugarria. Bere haurtzaroari buruzko dokumental bat zor diot oraindik.
Etxean ia oharkabean barneratuko zenuten euskararekiko eta kulturarekiko maitasuna, ezta?
Bai. Transmisio lan hori hain naturala, aberatsa eta ederra izan zen… [Francisco] Franco hil zenean, arlo politikoan aldaketa garrantzitsu bat bizi izan nuen ume garaitik nerabezarora bidean, baina gurasoek oso argi zeuzkaten ideiak; herri bat izatea, zeureak maitatzea, hizkuntza, kultura… Antzerki lanak egiten hasi, eta diskoak eta liburuak egiten aritu ziren gero. Txikitan, diskoak ipurdi azpian eramaten genituen beste aldera [Ipar Euskal Herrira]. Hala hezi gintuzten, eta normala bakarrik ez, ederra ere bazen guretzat hori egitea. Nire hizkuntzarekiko eta herriarekiko maitasun izugarria transmititu izan didate betidanik gurasoek, beste hizkuntzak eta herriak errespetatuz betiere.
Sei anai-arreba izanda, handi samarra izango zen zuen etxea…
Ez, ez; ez zen batere handia. Donostiako Parte Zaharrean bizi da ama oraindik, San Bizente elizaren ondoan. Ikasketak bukatzean aita Bilbotik Donostiara bueltatu zenean, Donostia ez hain euskaldun batekin topo egin zuen, eta hori izan zen haren bulkadetako bat. Gure herrian euskara erdigunean jarri beharra sentitu zuen.
Baina sei anai-arreba etxean izanda…
Sei anai-arreba, eta tximu bat, eta katu bat, eta txakur bat, eta dortoka bat, eta… Oker bat izan zen tximuarena. Aitak asko bidaiatzen zuen garai hartan, eta orduan normaltzat geneuzkan gauzen artean zegoen [Bartzelonako] Rambletan animaliak saltzea. Urtebete iraun zuen tximuak etxean.
Ezkutuan zintzo aurpegia jartzen ere abila omen zinen zu…
Hori esaten du amak, bai! Sorgina omen nintzen. Denak aztoratzea lortzen omen nuen, baina inor ez omen zen konturatzen ni izan nintzela. Gauzak ez nituen lortzen arrazoia neukalako, bakerik ematen ez nuelako baizik.
Nolako haurtzaroa izan zenuten?
Garai gogorrak ziren, baina ederra izan zen gure haurtzaroa, jolasteko aukera izan genuelako. San Telmora joan, Atreora jaitsi… Hori dena normal egiten genuen. Amamak zaintzen gintuen leihotik. Urgull ere hor zegoen. Anai-arrebekin eta lehengusuekin oso ederra izan zen haurtzaroa. Gero, nerabezaro goiztiarrean, 10-12 urterekin, pilotakadak-eta izaten ziren beti. Bulebarrean gelditzen ziren autobusak, eta handik Parte Zaharrera joatea gerra gune batean sartzearen parekoa zen. Ultraeskuindarrak, jendea txistuka… Aurrez aurreko gogorrak izan ziren, tentsio handikoak.
Errealitate horretan, nolatan lotu zintuen antzerkigintzak?
Uste dut bizitza salbatu zidala antzerkiaren munduak. Izan ere, garai hartan oso gertu zeuden drogak eta politika, garairik gogorrenean. Ni nahiko errebeldea nintzen izatez; antinuklearren kontuarekin hasi nintzen 14 urterekin, guretzat normala baitzen Lemoizko [Bizkaia] zentral nuklearra gelditu nahi izatea, adibidez. Nire pasio horri guztiari bide bat eskaini zion antzerkiak, oraindik agortu ez den bide bat. Kulturala da nire aktibismoa.
Ikasketak berehala bideratu zenituen antzerkiaren arlora.
Bai. Pinpix-ekin hasi nintzen antzerkia egiten, Jose Ramon Soroizekin, eta orduan jada asko gozatzen nuen. «Toki hau nirea da!» sentitu nuen Astorian fokuen azpian obra txiki bat antzezten ari nintzela. Ez famagatik edo teatroa egiteagatik: bokaziozko zerbait sentitu nuen. Zorionez, Antzerti ireki zuten segidan.
Zer izan zen zuentzat Antzerti Euskal Herriko Arte Dramatikoaren Eskola?
Oso aukera ona. Jaurlaritzak eskola hori ireki zuen, bat-batean, nahiz eta oso urte gutxi iraun zuen, zoritxarrez. Orain ireki dute berriro, baina urte askoan egon gara Antzerti gabe. Oso irakasle onak genituen, antzerkirako lau urteko ikasketak ziren… Benetan profesionalizatzen hasi ginen.
Antzertin diploma jasota, London Theatre Centerrera joan zinen, Londresera, foru aldundiaren beka bati esker.
Hala da, bai. Han jarraitu nuen ikasketekin. Zentzu guztietan handiak ziren hemengo bulkadak, eta atera beharra sentitzen nuen. Ikasten jarraitu nahi nuen; beste eskola batzuk ezagutu nahi nituen. Royal Shakespeare eskolatik irakasle gisa zetorren bikote batekin topo egin nuen Londresen: eskola bat muntatzen ari ziren, eta nire aukera zela pentsatu nuen. Betidanik interesatu izan zait ingeles eskola.
Ez dira asko izango 13-14 urterekin Londresera joan eta aireportu batetik bestera helikopteroan eramandakoak…
Ez zait inoiz ahaztuko! Gurasoek momentu onak izan zituzten lanean, eta ahizpari eta bioi aukera eman ziguten Ingalaterrara joateko ingelesa ikastera. Horri esker joan ahal izan nintzen gero beka batekin antzerki eskola batera. Ez dakit bidaia agentziakoa nahastu egin zen edo zer gertatu zen, baina beste aireportu batean amaitu nuen. Adingabea nintzenez, gurasoei deitu zieten, beste aireportura iristeko bi ordu neuzkala esateko. Helikoptero bat hartzea proposatu zieten, eta han joan nintzen. Uste dut izugarrizko dirutza ordaindu behar izan zutela gurasoek, baina pozik joan nintzen ni.
Euskal Herrian bakarrik ez, Frantzian ere ibili izan zara lanean, Theatre du Rivage eta Theatre des Chimeres antzerki taldeekin. Nolako esperientzia izan zen hura?
Rivagerekin frantsesez lan egin nuen, oso gustura, nahiz eta denbora gutxi igaro nuen han. Chimeresekin, berriz, hizkuntza asmatuetan lan egin dut batez ere, mugak hautsi dituzten pertsonak izan direlako beti. Eta euskaraz ere bai, Miarritzeko konpainia izanik, eurek ere euskaraz landu nahi zituztelako obrak. Sari eta aitortza asko jaso genituen.
Euskal konpainia askorekin aritu izan zara lanean, baina benetako esperientzia zure antzerki konpainia sortzea izango zen, ezta?
Tanttaka, Ados, Vaiven, Hika… Ikaragarri aberastu nau horiekin lan egin izanak. Norbere konpainia sortzea beste kontu bat da, ordea; luzeak izaten dira sorkuntza prozesuak, eta gurean, zoritxarrez, ekonomikoki etekin txikikoak. Luzera begira, nekatu egiten du horrek.
Ezkutuko lanean abila zarela goratu dute zure lankideetako batzuek, zure argia besteei ematen saiatzen zarela beti.
Sei seme-alabako familia batekoa naizelako izango da, agian, baina erosoago sentitzen naiz seiok mahaiaren inguruan gaudenean, ni neu bakarrik jaten ari naizenean baino. Ingurukoen eta talde lanaren kontzientzia handia daukat. Taldea osatzeko gaitasuna daukat.
Donostiako Parte Zaharrekoa. Hala aurkezten al duzu zeure burua?
Bai. Asko maite dut Parte Zaharra. Nortasun bat eraikitzen laguntzen du San Bizente elizaren parean jaio izanak.
Pixka bat aldatu dira, ordea, duela berrogei urteko Parte Zaharra eta gaur egungoa…
Zoritxarrez, bai, eta nostalgiaz bizi dut. Parte Zaharrean gauza txar asko egon da, baina auzo bizi bat zen. Orain, berriz, frankiziaz beterik dago; betiko drogeria falta da, betiko denda txikiak… Horrek kalte egin dio auzo izaerari. Turistifikazio honek pixka bat harrituta nauka.
Antzokiak dira zure bizitoki naturalak, baina telebistan ere dezente ibili izan zara. Banan-Banan, Bi eta Bat, A ze parea, Aitaren Etxea, Jaun ta jabe…
Aukera asko eduki ditut, eta aukera horiek aprobetxatzen jakin izan dut. Urte batzuetan ez nion beldurrik izan emakumeon ahalduntze lan edo lidergo horri. Goenkale-n sartzea izan zen adibideetako bat. Aukera bat eman zidaten, eta baietz erantzun nien, baina gorago nahi nuela. Erronka izan behar zuen niretzat; ezin zen izan aktoreak zuzentzea bakarrik, hori egiten banekien eta. Zazpi denboralditan aritu nintzen talde izugarri baten buru.
Non zegoen Goenkale-ren sekretua?
Kaleko ohiko gauzak ateratzea zen sekretua. Irlandatik hartu zuten ideia, baina hemengo aktore ezagunenekin. Kontxu [Odriozola], Mikel Garmendia… Ez zen kasualitatea arrakasta izatea. 40-50 aktore mugitzen zituen Goenkale-k. Harrobi hori izan du herri honek, baina faktoria bat galdu genuen gero, ikus-entzunezko industria oso bat.
Gaur egungo egoera ez al da onena, beraz?
Zail dago, baina kultura ezin da neurtu ekonomikoki bakarrik. Kontua da gure herrian normaltzat jotzen dela Anoetara edo San Mamesera joateko 40-60 euro ordaintzea, eta garestia iruditzen zaigula antzokira joateko 8-12 euro ordaintzea. Gizarte gisa ere ez daukagu kontzientziarik.
Zuk gurasoengandik jasotakoa zure semeek ere jaso dute zuengandik. Perkusionista gisa dabil zaharrena, eta DJ gisa gazteena.
Hala da. Artistak dira biak, zaletasun handia daukate, eta bila dabiltza. Gustatzen zaie oholtza, eta ni oso harro nago, noski.