Inguruaren edertasun xumea helburu

Pedro Salaberri artista iruindarraren paisaia eta erretratuen erakusketa dago ikusgai Iruñeko Ziudadelan

Pedro Salaberri, erakusketako bere lan batzuen aurrean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2014ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Soilak, baina ez sinpleak. Halakoak dira Iruñeko Ziudadelan, Mistoen Aretoan ikus daitezkeen oleoak. Zertzelada lodiz egindako paisaiak dira gehienak, baina badira erretratu batzuk ere. Pedro Salaberrik (Iruñea, 1947) azkeneko bi urteetan sortutako olio margolanak dira, eta ekain hondarrera arte ikusgai izanen dira.

Artistak edertasuna eta harmonia eskaini nahi dizkio ikusleari, eta, era berean, bere bizitokiari gorazarre egin. Izan ere, Iruñe inguruko paisaiak dira nagusi Ziudadelan ikusi litezkeen margolanen artean. Hiria eta mendia, biak parez pare jarri ditu erakusketa aretoan. Bietan, teknika bera erabili du: ikusitakoa soiltzea. «Nire koadroak poemen antzekoak dira: esan nahi dudana soilik beharrezkoak diren hitzekin kontatzen dut, eta ez gehiago. Ez dut bihurgunez betetako solas lardaskatua egin nahi, sentipena zuzenean bidali nahi dut», azaldu du artistak.

Ikusten duena laburbiltzen du, beraz, Salaberrik. Koloreen bitartez egiten du lan hori. Esan duenez, horiek dira sentipenak igortzen dituztenak, eta, horregatik, kolore alaiak biziki garrantzitsuak dira bere lanean. «Kolore biziak erabiltzen tematu naiz, naturaren, zeruaren edota pertsonen sentsazio biziak transmititzen dituzten koloreak, hain zuzen». Kolore geruzek osatzen dituzte paisaia gehienak, hirikoak zein mendikoak, eta kolore ezberdinetako siluetek bereizten dituzte margolanean ageri diren elementuak.

Artista iruindarraren aburuz, errealitatea eta koadroak bereizirik daude. «Nik ikusi eta bizi dudanak margolanak egiteko balio didate, baina beste errealitate bat izanen da, ezagutzen dugunari atxikia», esan du. Beste errealitate horrek, baina, zuzenean eramaten du ikuslea ezagutzen dituen parajeetara. Iruñeko Olite, Monjardin eta Aralar kaleetara, Merkatura, Mendillorri inguruko gasolindegira eta Artxibora. Baita Nafarroako herrietara ere: Zizur, Auritz, Baztan, Izarbeibar...Urrutiagora ere bidaiatu liteke Salaberriren margolanekin: Berlin, Praga eta Erromara, adibidez.

Hiritik kanpokoak dira Pirinioak, Ezkaba, Higa... baita Euskal Herritik kanpoko Ordesa ere. Beraz, natura eta hiria, biak maite ditu Salaberrik. Berak dio hiria naturaren baitan dagoela. Hirian jendea bizi eta harremanak egiten ditu, eta naturan dena dago. «Hirian pertsonak daude, eta haien denetariko asmoak, baina natura hor dago inolako asmorik gabe, eta, neurri batean, kontrolatzen ez dugun unibertso baten parte garela gogorarazten digu». Biak beharrezko dituela azaldu du: bata parean du, eta «biziarazi» egiten du; bestearen bitartez hitz egin dezake gainontzeko pertsonekin.

Biak beharrezko, eta biak eder. Salaberriren helburua inguruan dituen tokien edertasuna irudikatzea baita. «Ezagutu eta ibiltzen ditudan tokien inguruan ongi hitz egin nahi dut, duten ona aurkitu, eta, bestela, nik jartzen diet», azaldu du. Dena dela, edertasun hori subjektiboa dela esan du, norberak hautematen du: «Guk jartzen dugu edertasuna. Hiri bat norbanakoak dira».

Urteekin xehetasunak

Erakusketaren bigarren zatian erretratu gutxi batzuk daude. Salaberriren ibilbidean garrantzia izan dute erretratuek, baina orain pertsonek are garrantzi handiagoa dutela uste du: «Hasieran, uste nuen unibertsoa irauten zuela, eta pertsonak sartu eta irten egiten zirela. Berdin pentsatzen jarraitzen dut, baina orain dudan adinarekin niretzat pertsonak dira garrantzitsuenak». Beraz, paisaiekin egin bezala, haietan sakondu eta haiei buruz ongi hitz egin nahi izan du.

Erretratu guziak artistaren ezagunak dira, maite dituen pertsonak, alegia. «Pertsonei buruz hitz egin nahi nuen, seguruenik, paisaiarik maiteena direlako niretzat». Gainontzeko olioetan ez bezala, erretratuetan xehetasun gehiago erabili ditu pertsonak hobeki ezagutzeko. Dena dela, bere ohiko estiloa da nagusi. Berak uste du bere lanaren eboluzioagatik izan dela, lehen gehiago laburbiltzen zuela: «Mendi bat mendi guziak ziren, baina orain izen-abizenak jarri nahi dizkiet, bai pertsonei baita mendiei ere; jadanik ez dira zernahi edo nornahi». Beraz, bilakaera horren ondorioz, Orhi, Adi eta Ezkaba ez dira mendi bera haren margolanetan. Definizio horren bila xehetasun txiki batzuk sartu izan dituela aitortu du; beraz, «narratiboagoa» dela oraingo estiloa.

Maiatzaren 17an Salaberri Ziudadelan izanen da, 19:00etatik aurrera, erakusketaren berri bertatik bertara emateko.

Iruñean ezaguna da Salaberri. Oraingoarekin batera, jadanik bost bider erakutsi ditu bere lanak Ziudadelan. Iruñeko eskola deitutakoaren parte ere izan zen. Eskola horrek 70eko urteetan haize freskoa ekarri zion Nafarroako hiriburuko artearen munduari. Gainera, hainbat erakusketatako komisario ere izan da iruindarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.