Itziar Ugarte Irizar
Parabola ezagun bat: badoaz bi arrain gazte aurrera, elkartzen dira kontrako noranzkoan datorren beste arrain zahar batekin, eta hark galdera egiten du: «Zer moduz dago ura?». Arrain gazteek aurrera segitzen dute, eta azkenean batak besteari begiratu eta diotsa: «Zer arraio da ura?».
Gaur eta aspaldi, hedabide nagusien egunerokoan, munduaren jario arruntean Landakoko arrainontzi honek duen leku urria, horra ura, bere korronte, bere sagailo, arrain harrapakari eta arrain hegalari. Hor doa bisitaria igeri.
Iñigo Astiz
Norekin gauden ere bagara. Miren Amurizak, Aner Peritzek eta Lumi taldeak azokako inaugurazio ekitaldian egindako saio finetik erreskatatutako apunte azido bat gaur zauriak ozpintzeko. Diagnosia: «Zure hamabost lagunik onenen artean edo zure lankideen artean edo frontoian edo yogan edo areto batean ondoan esertzen zaizkizun denak gizonak edo zisak edo zuriak izatea hautu baztertzaile naturalizatuen ondorio da». Eta asmakizuna: «Gizonen talde esklusiboak lagun talde matxistak badira, eta lagun talde esklusiboki heterosexualak lagun talde homofoboak, lagun talde zuriak zer dira?».