Juan Luis Goenagaren koadroak batu, eta oso bestelako proposamen batekin ireki du urtea Donostiako Kubo Kutxa aretoak: Marina Nuñez artistak (Palencia, Espainia, 1966) aretorako berariaz osatu duen Azalik gabe erakusketarekin. Eskuz margotutako koadroak eta, batez ere, ordenagailu bidez egindako irudiak eta bideoak biltzen ditu, eta, artistaren lan berrienak nagusi badira ere, horra heltzeko aurreko hamarkadetan egin dituen urratsak ere jasotzen ditu erakusketak. Lotuta baitaude, eta denborak ohartarazi baitie, bai berari eta bai aspalditik haren lana jarraitzen duen Susana Blas komisarioari, leku ezberdinetatik, baina auzi berberetara itzultzen dela artista azken buruan: «Trantsizioan diren identitateak, lauhazka doazenak, kanonikoak ez direnak: hori da erakusketako eta bere 30 urtetako lanaren gai nagusia».
Duela bi urte hasi ziren erakusketa prestatzen, eta Ane Abalde aretoko zuzendariak aipatu du azken hilabeteetako egoerak berretsi egin duela orduan antzematen zioten zentzua. Izan ere, nortasun aldakorrekin batera, gizakiak teknologiarekin eta naturarekin erlazionatzeko duen modua da Nuñezen lanaren ardatzetako bat, eta, horregatik, Blasek nabarmendu du gaurkotasunari erabat lotutako erakusketa dela. «Ez da maiz gertatzen. Margoak ikustera joatea beti dago ondo, baina agian ez dizute hainbeste hitz egiten bizitzen ari zaren garaiaz. Lan hauek bai, eta horregatik ere izan daitezke deserosoak. Ez dut uste inor epel uzten dutenik».
Izaki malguak, metamorfikoak, anomaloak irudikatzen dituzte Nuñezen lanek, genero roletatik zein bestelako normetatik ateratzen direnak. Hainbat formatutan ontzen ditu, eta, pinturarekin hasi eta oraindik tarteka hara itzultzen bada ere, batez ere 3D softwarearekin eta efektu bereziekin ari da lanean azken urteetan. Hala osatutako obra berrietako bat da, hain justu, erakusketako pieza nagusietako bat, artistak duela aste gutxi bukatu duena: Aztia. Pantaila handi batean proiektatuta, gizaki bat agertzen du tornado bat eragiten, eta Lorategi basatia (2019) izeneko instalazioa dago haren alboan,zeinak neurrigabe haziz doan lorategi bat erakusten duen.
Horiek igorri dezaketen ikuspegi «distopikotik» urrun, ordea, artistak ñabartu du erakusketaren asmoa hain zuzen aurkakoa dela: suntsipenaren gainetik eraldaketa hobestea eta inguruarekiko beste harreman bat sustatzea. Hartara dator izenburua ere, gizakia kanpoaldetik isolatzen duen sinbolotzat hartuz azala. Nuñez: «Pieza gehienek azalik gabeko harreman baten aldeko apustua egiten dute, inguruarekiko harreman jariakor, enpatiko eta are sinbiotiko baten aldekoa».
Komisarioak aipatu du Nuñezen lana ezaugarritzen duen beste puntu bat «diskurtso burutsuek» beren piezetan duten oihartzuna dela. Teorialari horien artetik —asko zientzia fikzioari lotutakoak—, Donna Harawayren ekarpenak harengan izan duen eragina azpimarratu du: 1984ko Ziborg Manifestua-k eta berriki eman duen Arazoarekin jarraitu idatziak, esaterako, inguruarekiko harremanak birkonfiguratzearen premiaz diharduenak.
Lau «orbitako» ibilbidea
Erakusketa lau «orbitatan» antolatu dute, modu zirkularrak hobeto erantzuten diolakoan Nuñezen lanari. Lau eremuak ere kiribil bat balitz bezala lotu dituzte, eta argiarekin ere jokatu dute horretarako: lehen eta azken orbitetan, geldotasun eta analisirako piezak jarri dituzte, argitan; eta alderdi «sentsorialago» batetik jasotzera bideratutakoak erdiko eremuetan, erdi ilunpetan.
Lehen orbitak hormetan zintzilikatutako hiru serie hartzen ditu: Beren onetik kanpo. Supernobak (2018), Murgiltzea (2018) eta Itsaskia (2020). Era ezberdinetan, beren ingurunean disolbatuz doazen gorputzak agertzen dituzte denek.
Oso bestelakoa da hurrengo bi aretoetan datorrena. Ikus-entzunezko piezak eta instalazio bideografikoak dira, eta Murgiltzea (2019) da, Aztia-rekin batera, tamainaz ikusgarriena. Arkitektura begetal eta geometrikoetatik materialean integratutako izakiak agertzen dira, barrurantz mugitzen. Blas: «Kiribil azkengabe bat da, non amaieran ikusiko ditugun pertsonaia batzuk materialtasun horretan guztiz diluituta,banaketarik gabe inguruaren eta subjektibotasunaren artean». Ondoan dago Geldirik ere, propio erakusketarako bukatu duena. Zoruan jarritako pantailetan, ileak eta bestelakoak ateratzen zaizkien forma «femeninoak» ageri dira, geldo mugitzen. Margo klasikoetan daude oinarrituta batzuk, eta artistak aitortu du pintura ikasketek bere obran beti izan duten eraginaren isla dela.
Itzal artean segituta, begia da hirugarren aretoko irudi nagusia. Begia, «mundu berriak sortzeko gai den sormen begiradaren sinbolotzat» hartuta. Pitzadura (2013) da han den piezetako bat, eta artistak uste du munduan egoteko modu batez ere ari dela: «Modu bat ez duena behin betiko emaitza bat bilatzen; baizik eta onartzen duena gizaki izatea prozesuan egotea dela».
Hiru orbiten ostean, denboran atzera egin nahi duen aretora helduko da bisitaria azkenik. Artistaren aurreko zenbait lan ikonikok irekitzen dute, 1996ko Munstro emeak saileko olioek, kasurako, eta Marina Nuñez, denboraren tunela izeneko ikus-entzunezkoak ixten, zeinak artistaren hiru hamarkadako ibilbidea biltzen duen, kronologikoki. Horiek eta egun lantzen dituen piezak elkarrizketan daudela sumatzen du artistak, eta zirkulazio horretan beti egon den elementu bat azpimarratu du: «Nire obran beti izan da zentrala kanonetik kanpokoa irudikatzea, eta hori, definizioz, beti da monstruosoa. Beti zaramatza lurralde deserosoetara».
Ingurua mugagabetzea
Marina Nuñez artistaren piezarik berrienak eta 30 urteko ibilbidearen sintesi lan bat jarri dituzte Donostiako Kubo Kutxa aretoan, 'Azalik gabe' erakusketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu