Argazkilaritza instanteak jasotzea dela diote; osotasunaren momentu txikiak jasotzea. Kamera esku artean, norberak momentuak jasotzeko era desberdinak ditu, begiradak baldintzatzen baitu zer une aukeratu. Batzuei, istante espontaneoak jasotzea gustatzen zaie, beste batzuei, ordea, une hori aurrez prestatua izatea gustatzen zaie; haren konposizio patxadaz sortuz. Denbora tarte horiek jasotzeko hiru modu erakusten ditu aurtengo Argazki Bilerak. Zarauzko (Gipuzkoa) hiru txokotan antolatu dituzte erakusketak: Sanz Enea kultur etxean, Torre Luzean eta Photomuseumen. Iaz 30 urte bete zituen egitasmoak; 31.a da aurtengoa.
Hiru erakusketa daude martxan orain. Bat: David Hornbacken 3 minutes (Hiru minutu), Photomuseumen, apirilaren 28ra arte egongo dena. Bi: Gernikako bonbardatzea ardatz hartuta, hamar argazkilari gasteiztarrek egindako lanak biltzen dituen Rügen, Sanz Enean, eta maiatzaren 26ra arte ikusi ahalko dena. Eta hiru: Marisa Di Santok Zarauzko merkatariei egindako erretratuak biltzen dituen Gertutasuna, Torre Luzean, maiatzaren 19ra arte ikusi ahalko dena.
Apirilaren 28tik aurrera, beste erakusketa bat ere zabalduko dute Photomuseumen: Euskaldunak Australian, hain zuzen. Maiatzaren 26ra arte bertaratu ahal izango da jendea laugarren erakusketa horretara.
'3 minutes'
Non: Photomuseumen. Noiz arte: Apirilaren 28ra arte
«Argazkigintza eta denbora eskutik helduta doaz», aipatu du Martxel Altuna Photomuseumeko zuzendariak. Hain zuzen, denborari buruzkoa da David Hornback argazkilariaren 3 Minutes proiektua. Argazki kamera zahar batekin hartu ditu erakusketarako irudiak; pertsonei egindako erretratuak denak. Kamera horrek esposizio denbora handia eskatzen du —hiru minutukoa zehazki—, eta, tarte horretan, erretratatutako pertsonei hausnartzeko aukera eman die. Eta hala azaldu du egileak: «Aurpegiek bere kontenplazioa, bere bakea, bere barne mugimendua islatzen dute».
Detaile txikiak agerian uzten dituzten irudi handiak dira nagusi aretoan, baina badira askoz txikiagoak ere. Postal tamainako argazkiak daude paretetako batean. Bata bestearen ondoan jarrita, mosaiko handi bat osatzen dute. Argazki horietako batzuk pertsona berari ateratakoak dira, eta segida moduko bat osatzen dute.
Argazkia ateratzeko behar izan dituen hiru minutu horietan erretratatutako pertsonek egindako hausnarketak ere bildu ditu Hornbackek, erakusketarako sortutako dokumental labur batean. Making of moduko bat proiektatzen da aretoko paretetako batean, eta bertan kontatzen dituzte pertsona erretratatuek euren gogoetak. Onartzen dutenez, batzuei luze egiten zaizkie hiru minutu horiek: tarte horretan auto baten gurpila alda dezakeela aipatzen du batek; eta kameraren aurrean lasai egoteko ahaleginak egin nahian ari da beste bat.
'gertutasuna'
Non: Torre Luzean. Noiz arte: Maiatzaren 19ra arte.
Ez da zarauztarra, baina ia-ia; 20 urte daramatza-eta herrian. Marisa Di Santok «pasio» du argazkilaritza, eta, batez ere, jendeari erretratuak ateratzea du gustukoen: «Eroso dauden toki edo espazioetan argazkiak ateratzea da politena», esan du. Eta hori da Gertutasuna erakusketa, Zarauzko dendarien inguruko lan dokumentala; euren dendetan erretratatu dituelako herriko hainbat merkatari.
Erakusketa bat egiten amaitzeko inongo asmorik gabe hasi zen argazkiak ateratzen. Baina Photomuseumeko zuzendariarekin hitz egin, eta proiektu itxura emateko aukera ikusi zuten. «Jendeari argazkiak ateratzen hasi nintzenean konturatu nintzen, askorentzat Internet, eta bertatik egiten diren erosketak, izugarriko arazoa direla». Horregatik, jendea euren erosketa ohituren inguruan hausnartzera gonbidatu nahi izan du erakusketarekin.
Guztira, 52 argazki daude Torre Luzeako aretoan; gehiago dauzka eginda, baina ez ditu erakusketan sartu. Zapata eta arropa dendak, ile apaindegiak, harategiak... denetarik dago. Irudimena erabiltzeko tartea ere izan duela kontatu du egileak, ez baitu dendaren «argazki soil bat» bakarrik atera nahi izan: «Nire adierazteko modua erakusten saiatu naiz argazki bakoitzean». Argazki gehiago egiten jarraitzea da Di Santoren asmoa, dendariei buruzko lan dokumentala delako.
Erakusketa irekita egon den lehen egunetan Torre Luzean izan da argazkilaria, eta jendearen iruzkinak jaso ahal izan ditu. Eta Photomuseumeko zuzendariaren ustez, herriko dendariei aurpegia jartzea da proiektuaren alderik esanguratsuenetako bat.
'rÜgen'
Non: Sanz Enean. Noiz arte: Maiatzaren 26ra arte.
1937ko apirilaren 26an Gernika (Bizkaia) bonbardatu zuen Alemaniako Condor legioak. Rügen deitu zioten operazio hari. Bonbardaketako hegazkinetako batzuk Gasteizko Salburua auzoko aerodromo zaharretik abiatu ziren. Operazioaren izen bera du Sanz Enea kultur etxeko erakusketak; izan ere, gertaera hartatik abiatu dira Gasteizko hamar argazkilari, erakusketako argazkiak ateratzeko.
David Salcedok gidatzen du Taller 144 proiektua, eta espazio horretan biltzen diren hamar argazkilarik sortu dute erakusketa. Piko Zuluetak, besteak beste. Gasteiztarra da bera, baina ez zekien Gernikako bonbardaketako hegazkinetako batzuk Salburutik atera zirenik. «Hasieran, ez zitzaigun motibagarria iruditu auzoaren inguruko proiektu bat egin behar genuela jakitea, baina, behin datu hori jakinda, lanaren dinamika erabat aldatu zen».
Sei hilabetez auzoan argazkiak ateratzen aritu ziren hamar argazkilariak, eta, asteburu bateko egonaldiaren ostean, proiektuan erabiliko zituzten irudiak aukeratu zituzten. Hasieran, fanzine digital bat egitea pentsatu zuten, baina, lanaren osotasuna ikusita, egokiagoa iruditu zitzaien erakusketa bat egitea.
Zuluetak oroitu du hasieran literalagoak izan zirela argazkiak egiteko orduan; aerodromo zaharrari irudiak ateratzen zizkieten gehienbat. Proiektuak aurrera egin ahala, ordea, horrek zentzurik ez zuela ikusi zuten: «Auzoko gauza arruntak bonbardaketako elementuekin lotzen hasi ginen».
Sanz Enea kultur etxeko aretoan sartu orduko, erakusketaren azalpen labur bat, hori da testuingurua aipatzen duen elementu bakarra. Irudiak ez daude sinatuta, eta ez dute izenbururik ere. Argazkilariak kontatu du ikusleak gehiegi ez baldintzatzeko egindako hautu bat izan dela. Talde lana izanik, proiektuan parte hartutako kideek ez zuten talde izaera hori alde batera utzi nahi; hainbat argazkilariren lanak izanda ere, zentzu bera baitute. Irudi guztiek dute estetika bera, denak daude zuri-beltzean; eta tamaina berekoak dira. «Badirudi pertsona bakar batek egin dituela», esan du Zuluetak.