'LO QUE PASA MIENTRAS'
Rocio Tejada eta Olaia Vallerentzat artea bizitza da, bizitza artea den bezala: inspirazio iturri eta ikerketa objektu dituzte egunerokotasunean topatzen ditugun desafioak. Hori oinarri hartuta, erorketaren inguruan galde egin zioten dantzari: zer da erortzea? Ez al da, hein batean, kontrola galtzea? Nola bizi dugu gizarte honetan grabitatearen indarrari men egin eta gure gorputzak lurreratzearen fenomenoa? Interpreteak —bizitzan bezala— ez daude eszenan bakarrik, elkarren ondoan baizik: elkar sostengatu, eutsi, bultzatu, zaindu… dezakete. Eta horra hor sortzen den beste galdera: nolakoa da gure harremana zu erortzen ari zarenean? Ni erortzen ari naizenean? Bitarte horretan gertatzen denaz hitz egiten du pieza honek, bitarte hori beti orainean kokatu eta nahi beste luzatzeraino, bitarte hori bizitza bera baita. Eta, horregatik, sorkuntza hau ezin liteke inoiz hil.
Teknologiaz eta milaka estimuluz betetako presente honetan, geroz eta gehiago zailtzen zaigu presente egotearena, eta hori izan da interprete eta koreografo gazteen helburu nagusietako bat: txikitasunari, detaileei, sotila den horri balioa ematea, fokuaren erdian ezartzea eta behar duen denbora ematea. Musika, mugimendua, argiak… dena bat dator fluxu organiko batean, hasperenak ere bai kasik, naturalki sortu eta taula gainean, espazioan, airean… erortzen direnak; horiek ere bai, erori. Beharbada, istant bakoitza erori egiten da etorri eta joan ahala, beharbada erorketa etengabe batera gaude destinatuta. Izan dadila, bada, Vallek eta Tejadak adierazten duten maitasunaz bildua: elkar begiratu, ukitu eta besarkatuz.
Testu hau ere, dantzaren gonbita bezalaxe, badirudi paragrafoz paragrafo erori egiten dela: bukatuko delakoan, baina ez, oharkabean, hasiera berri bat.
Ez dezala inork galdu kontenplaziorako esperientzia intimo, magiko eta eder hau; non, gutxitan bezala, dantzarietatik hasita argazkigintzaraino, emakumez bakarrik osatutako talde baten begiradaz gozatu dezakegun.