missa solemnis
Euskadiko Orkestra. Zuzendaria: Jeremie Rhorer. Abesbatza: Donostiako Orfeoia. Bakarlariak: Chen Reiss (sopranoa), Victoria Karkatxeva (mezzosopranoa), Maximilian Schmitt (tenorra), Hanno Muller-Brachmann (baxua). Egitaraua: L. V. Beethovenen Missa solemnis op. 12. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: abuztuaren 23a.
Ludwig van Beethovenen hileta bera hil eta hiru egun geroago egin zuten, eta hain zen handia bertan bildu zen jendetza, ezen ia ezin izan zuten prozesioa abiatu. Franz Grillparzerrek egin zuen hileta-otoitza eta, bitxiki, testu osoan ez du Jainkoa aipatzen: «Isildu egin den harpa! Utzi iezadazue horrela deitzen! […] Artista bat zen, eta nor jarriko zaio parean?». Beethovenek inork baino hobeto haragiztatu zuen jeinu-jainkoaren ideia erromantikoa edo, hobe esanda, musika bera jainkotzeaz arduratzen den jeinuaren ideia. Kristaua izan arren, haren sinesmen erlijiosoak ez ziren oso agerikoak, gutxitan agertzen baitzen elizan, eta esan daiteke haren eliz-konposizioetan musika gehiago dagoela eduki erlijiosoa baino. Missa Solemnis meza handia da horren adibide garbia, jatorriz Rodolfo artxidukea artzapezpiku izendatu behar zuten elizkizunean interpretatu ahal izateko idatzia. Estimu handia zion Beethovenek, mezenas eta lagun gisa, eta hala islatzen da eskuizkribuaren hasieran: «Bihotzetik joan dadila bihotzera».
Tamaina horretako obra bati aurre egiteko, beharrezkoa zen zuzenak ez ezik, planteamenduaren sakontasuna musika eta ahots aldetik islatzeko gai diren elementuak izatea. Ostiralean hala izan zen orokorrean. Orfeoia bezalako masa oso egokia izan zen errepertorio horren handitasunean txinpartak sortzeko: soinuan gorputz eta doitasun handiagoa garatu dezaketen arren, irmo ekin zioten, tesitura hainbeste tenkatzen denean ere interpretazio efektista eginez. Bakarlari laukotea ere fin, Beethovenen musikak onartzen duen arintasunaren eta sendotasunaren artean kokatuta, Benedictus hunkigarria eskaini zuten kontzertinoaren parte hartze samur eta bikainarekin batera. Euskadiko Orkestrak lan ona egin zuen obratzar hori sostengatzen, lerro garbiak marraztuz, eta Agnus Dei itzel eta malenkoniatsuan Rhorerrek tentsio giroa sortzea lortu zuen.
Obra horren aurrean, ez daukat argi zer entzuten den: musika ala infinitua. Beethovenen kasuan, ziurrenik, ez dago desberdintasun handirik.