Ines Osinaga musikariak irabazi du Joseba Jaka beka

'Itsasoa da bide bakarra' egitasmoa landuko du bekaren bultzadaz. Hemezortzi proiektu aurkeztu dira musika sorkuntza laguntzeko Elkar fundazioaren aurtengo deialdira

Joxemari Sors, Sara Zozaia, Ines Osinaga eta Jon Eskisabel, atzo, Donostian, bekaren irabazlea jakinarazi berritan. ELKAR.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2022ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Bi urtetik behin ematen du Elkar fundazioak sormena sustatzeko Joseba Jaka beka, eta musika egitasmoak sortzen laguntzera bideratu du aurtengo deialdia. Denera, hemezortzi proposamen jaso dituzte, eta, horien artetik, Ines Osinagak aurkeztutakoa hautatu du Joana Barbierrek, Sara Zozaiak eta Jon Eskisabelek osatutako epaimahaiak. Itsasoa da bide bakarra izena darama musikariaren proiektuak, eta urtebeteko epea izango du berau garatzeko. 10.000 euroko laguntza jasoko du bere sorkuntza lantzeko.

Osinagak adierazi du sormen prozesua lantzeko «izugarrizko bultzada» emango diola bekak, bere denbora «sortzera ez beste ezertara» bideratu ahal izango duelako. Halaber, eskertuta agertu da epaimahaiarekin bere egitasmoa hautatu izanagatik. «Niri behintzat, beka honek halako aitortza bat ematen dit, haien kriterioa estimatzen dudan pertsona batzuek uste dutelako agian ideia zoroa dela, baina ideia zoro ederra izan daitekeela». Sortzeko prozesuan krisiak eta zalantza momentuak izaten direla, eta horiei begira ere aitortza horrek lagunduko diola uste du musikariak.

Bere proiektuak hiru fase izango dituela aurreratu du. Lehena Kuban garatu du, orain gutxi Habanan eginiko egonaldian; ikerketa eta sorkuntza lan bat gauzatu zuen han, Gosariak (2014) diskoko kantuak abiapuntutzat hartuta —Gose taldearekin eman zuen, Joseba Sarrionandiarekin elkarlanean ondua—, eta ikerketa horrek andre musikari «zoragarriak» ezagutzeko beta eman diola ere kontatu du. Bigarren urrats gisa, Kubatik ekarritako material guztiarekin, bere sorkuntza garatuz joango da. Eta, azkenik, prozesu horretatik «diskoaren A aldea eta B aldea» aterako direla gehitu du. «Kantu hauek Kuban berriz sortzen utzi ditugu, eta ekarri ditugu bertsioak, kolaborazioak eta audio pila bat. Orain hasiko gara lanean kantu horiekin. Eta, gero, bidean bertan gertatu diren gauzekin sortu ditugun kantuekin».

Osinagaren proiektua hautatzeko arrazoiak aletu dituzte Sara Zozaiak eta Jon Eskisabelek. Zozaiaren hitzetan, sormena sustatzeko beka bat izanik, sortze prozesu «bete-betean» dagoen egitasmo bat hautatzeari garrantzia eman diote, batetik. Bestetik, disko batetik harago doan egitasmoa dela iruditu zaie. Halaber, garrantzia eman dio epaimahaiak Osinagarena «proiektu kontzienteki feminista bat» izateari, sormenerako hautatu dituen bidelagunak emakumeak direla gogorarazita. Anbizio eta kalitate handiko egitasmotzat jo dute, halaber, «etorkizun oparoa» izan dezakeena.

Askotariko proposamenak

Eskisabelek, berriz, nabarmendu du aztertu dituzten hemezortzi proposamenak elkarren artean oso desberdinak zirela, eta estilo aldetik askotarikoak. «Esango nuke ia-ia ez zeudela bi proiektu antzekoak izan zitezkeenak, eta proiektu bakoitzak nortasun bat zeukala». Parte hartzaileen adin tarte zabala ere azpimarratu du, ibilbide luzeko musikariek nahiz hasi berriek aurkeztu baitituzte beren egitasmoak deialdira. «Bazegoen zer aukeratu, ez da erraza izan, baina aho batez bat etorri ginen hirurok, eta uste dugu aukeratu dugunak merezi zuela beka jasotzea».

Elkar fundazioko lehendakari Joxemari Sorsek azaldu du 1996. urtean hasi zirela beka banatzen, eta 2016tik aurrera bizialdi berri bat izan duela. Orduan erabaki zen sormena sustatzeko beka izatea eta deialdi bakoitzean zehaztea zein adierazpide lagunduko zen. Aurreko aldietan literatura eta antzerki sormenerako izan da beka, eta musika proiektuak laguntzera bideratu dute aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.