Ines Medinaren dimentsioen arteko geometriak bildu ditu Artium museoak

Artista plastikoaren lehen bi hamarkadetako praktikari buruzko erakusketa zabaldu du Artiumek. Esperimentazio monokromoetatik hiru dimentsiora egindako ibilbidea ikus daiteke A3 aretoan.

Ines Medina artista, gaur, Artiumen. RAUL BOGAJO/ FOKU
Ines Medina artista, gaur, Artiumen. RAUL BOGAJO/ FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko otsailaren 28a
16:18
Entzun

Marrazkia, margolaritza eta eskultura diziplinei lotutako kontzeptu klasikoak albo batera utzi, eta kolorearen bidezko adierazpen abstraktuan murgildu zen Ines Medina artista (Caceres, Espainia, 1950) 1979. urtean. Pigmentu garbiak mihise gordinen gainean jarrita, bere ibilbide artistikoaren beste etapa bati ekin zion hala: «Paper zuriak zikintzen hasi ahala hasi nintzen sentitzen, eta jabetu nintzen artearekin nuen harremana erabatekoa zela». Artium museoak ikusgai jarri du artista plastikoak bi hamarkada luzetan kolore, dimentsio eta abstrakzio geometrikoan barrena egindako bidaia esperimentalaren bilduma bat, Ines Medina. Ikerketa analitiko-plastikoa erakusketan. Medinak 1978tik 1995era arte egindako obrak ekainaren 1era arte egongo dira ikusgai.

Margolaritza, instalazioa eta eskultura barne hartzen dituen obra mardula egina du Medinak. EHUko Arte Ederren Fakultatean ikasketak egiten ari zela, artearen funtzioa zein zen aztertzea erabaki zuen, eta, ikerketa prozesu luze baten ondotik ondorioztatu zuen artea «ezagutza tresna» bat zela: «Ikasteko eta naizena izateko pintatzen dut», azaldu du artistak erakusketaren aurkezpenean. 

Artearen funtzioaren etengabeko bilaketa horrek gidatu du bere lana 1978tik gaur egunera arte, Beatriz Herraez museoko zuzendariak esplikatu duenez. Eta ezagutza bilaketa horretan, ikerketa formala eta psikoanalitikoa uztartu ditu: lehen etapan, hiru dimentsioak eta kolore primarioak erabilita, eta gerora, sinbolismoa eta psikoanalisia ikuspegi formalarekin nahastuta. Era berean, genero arrakalari eta introspekzioari ere arreta berezia jarrita garatu du bere lana.

Ines medina
Ines Medinaren Berdinen arteko sedukzioa koadroa Artiumen. RAUL BOGAJO/ FOKU

Artistaren ikerketa plastikoaren lehen etapan murgiltzeko era ematen du erakusketak: 1978an egin zituen lehen esperimentazio monokromoetatik hasi, eta 90eko hamarkadaren erdialdera arte ordenagailuak bere lanetan izan zuen eragin nabarmenera arte. Denbora tarte horretako pinturak eta instalazioak bederatzi serietan antolatu zituen artistak, eta era berean sailkatu ditu lanak Artiumek ere A3 aretoko erakusketan.

«Paper zuriak zikintzen hasi ahala hasi nintzen sentitzen, eta jabetu nintzen artearekin nuen harremana erabatekoa zela»

INES MEDINAArtista

Medinak urtebete eskas eskaini zion kolorearen ikerketa abstraktuari: 1978tik 1980rako tartea, zehazki. Garai hartakoak dira kolorearekin eta materiarekin izandako harremana islatu zuten tamaina txiki eta ertaineko hainbat koadro —Horiak eta Gorriak, besteak beste—, eta, hain justu, lan horiek zabaltzen dute erakusketa: espresionismo abstraktuaren etapa laburraren baitan egin zituen formaren erabateko abstrakzioa erakusten duten lan nagusiek. Ondoren, espazioaren kontzeptuan murgildu zen, kolore hori biziko koadro bat pintatzeko «behar bizi batek» bultzatuta. Horretarako, formak tenkatu zituen, horiek erabat desagertu edo muga abstraktu geometriko bihurtu arte, Medinak azaldu duenez. Zuri ezberdinak, Gorri ezberdinak, eta Gris bateragarriak koadroak dira horren adibide.

Psikoanalisitik sortuak

1981etik aurrera, «psikoanalisi pertsonal luze eta sakon» bati ekin zion Medinak, eta psikoanalisia bere metodologiaren parte bihurtu zen. Marren, koloreen eta formen zentzuaz eta balioaz «analisi formalak eta psikoanalitikoak» egin zituen, eta dimentsioen inguruko gogoetak margoetan islatu. Bi dimentsiotik abiatuta, hiru dimentsiorako jauzia egin zuen horrela, Jorge Oteizaren eta Eduardo Txillidaren obretan inspiratuta.

Lehen begi kolpean, Medinaren koadroek Piet Mondrian Herbehereetako margolariaren estiloa iradokitzen dute. Mondrian abstrakzio geometrikoaren erreferente handienetako bat da, eta Medinak «argi eta garbi» onartu du haren estiloak zipriztindu zituela 1980ko hamarkadaren amaieran eta 1990eko hasieran pintatu zituen koadroak. Giotto di Bondone, Diego Velazquez, Paul Cezanne, Jorge Oteiza eta Jean-Michel Basquiat ere aipatu ditu inspirazio iturri gisa, baina aitortu du Mondrianen «neoplastizismoaren» arrastoa nabaria dela bere etapa horretan. Marren konposizio karratuekin eta koloretsuekin osatutako Irudi potentziala serieko koadroak dira horren lekuko.

1980ko hamarkadaren hasieran hasi zen ordenagailua eta inprimagailua erabiltzen hiru dimentsioko irudiak lortzeko, baina 1990eko hamarkadan New Yorkera joan zen arte ez zen hasi ordenagailua propio erabiltzen artea egiteko; zehazki, «mugaren» kontzeptuan sakontzeko eta planoaren gainazala eta kokapena etengabe neurtzeko erabili zuela kontatu du artistak.

Erakusketaren erdialdean jarritako bitrina batean bildu dituzte lan guztietako prozesuen zirriborroak, eta baita artistaren ikerketa hobeto ulertzeko materiala ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.