Arteak eta industriak asko dute elkarrengandik ikasteko eta elkarrekin egiteko. Ideia horretan oinarrituta sartu da buru-belarri Alfa Arte Eusko Jaurlaritzaren Sorkuntza Lantegien programan, Sorkuntza lantegi esperimentala proiektua aurkeztuz.
Uda ostean jarriko da martxan proiektua Eibarren, baina ildo nagusiak ezarri dituzte dagoeneko. «Berrikuntzaz eta teknologiaz hitz egiterakoan zientziak datozkigu berehala burura. Gutxitan lotzen ditugu artearekin, eta horixe irauli behar dugu», dio Miguel de los Toyos Eibarko alkateak. Alfa Artek sustatutako proiektuak artisten esku jarri nahi du jakintza industriala, sormen lanei ekiterakoan materialarekin, garraioarekin, kokapenarekin... sortzen zaizkien arazo eta erronkei batera erantzuteko.
Artearen eta industriaren arteko elkarlan espazio iraunkor eta jarraitua izango da Sorkuntza lantegi esperimentala, teoria eta praktika uztartuko dituena. «Artisten esku utzi nahi ditugu materialei eta prozesuei buruzko informazioa edota informazio teknologikoa», azaldu du Jose Mari Armentia Alfa Arteko kudeatzaileak. Horretarako, bertoko zein atzerriko sare industriala eta artistikoa lankidetzan jarri nahi dituzte, eta, babes publikoa ez ezik, ekimen pribatua ere bilatu nahi dute datozen hilabeteetan.
Zubiak josten
Euskal Autonomia Erkidegoan bi arazo detektatu dituelako jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak Sorkuntza Lantegien programa. «Batetik, gure kultura eredua bereziki erakustaldira zuzenduta egon da, eta gutxiago kezkatu gara sortzaileak sortzeaz. Bestetik, azpiegitura handiak egiteari eman zaio lehentasuna, eta ez horrenbeste sortzaileak hezteari eta babes teknikoa emateari». Hutsune horiek bete nahi ditu Blanca Urgell Jaurlaritzako Kultura sailburuak.
Alfa Arte 1993an sortu zen. Lehenago, josteko makinak egiteko argizari galduaren galdaketa erabiltzen zuten, greziarren eta erromatarren garaian eskulturak egiteko erabiltzen zen prozesu bera. Merkatura begirako eskultura txikiak egiteari ekin zioten hasieran, baina segituan sartu ziren artearen mundura. «Orain, galdategitzat baino gehiago, artearen zerbitzura dagoen industriatzat dugu geure burua», dio Armentiak. Bi munduen artean zubiak eraiki behar direla sinetsita, josteko makinen biltegia zena 840 metro koadroko sormenaren lantegi bihurtu dute.
Alabaina, elkarlana ez da norabide bakarrekoa. Armentiaren ustez, artista da beti berrikuntzaren motorra, irizpideak eta ikusmoldea aldatzen dakielako. «Industriaren ikuspegitik ulertzen zaila bada ere, artistekin lan eginda, normal bizi dugu ziurtasunik eza. Horixe eskaintzen dio arteak industriari: zalantza, berrikuntzaren hazia».
Industria, artearen zerbitzura jarria
'Sorkuntza lantegi esperimentala' proiektua sortu dute Alfa Artek eta Eusko Jaurlaritzak Eibarren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu