Literatura

Indigena bihurtzea

Komunitate kolonoaren indigenizazioari heltzen dio Joseph Rudyard Kipling idazleak 'Kim' abenturazko eleberrian, britainiar inperioaren eta indiarren erlaziotik tiraka.

Joseph Rudyard Kipling idazlea, 1895eko irudi batean. ELLIOTT & FRY.
estibalitz ezkerra vegas
2020ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Joseph Rudyard Kiplingentzat (Mumbai, 1865-1936) inperioa filosofia bat zen, eta britainiar zibilizazioaren nagusitasunean oinarrituta zegoen hura. Haien nagusitasuna zela medio, britainiarren erantzukizun moraltzat kontsideratzen zuen legea eta jakintza munduko «herri atzeratuei» eramatea, haien artean India. Edward W. Saidek behin adierazi zuen bezala, idazleak «ezin zuen India historian imajinatu britaniarren kontroletik kanpo»; Indiak etorkizunik bazuen, britainiarrek eraikitako etorkizuna izango zen hura. Ikuspegi inperialista hori oso presente dago Kiplingen nobeletan; are gehiago, esan daiteke inperioa irudikatzearen prozesuan subjektu inperialak sortu egiten dituela, Kim-en (1901) argi ikus daitekeen bezala. Aipatu nobelan, inperioaren fantasia handienari heltzen dio; hots, kolonoaren indigenizazioari, horretarako aproposa den generoaren bitartez: abenturazko nobela.

XIX. mendearen amaiera aldera, Afganistango bigarren gerraren edo, garai hartan esan ohi zuten bezala, Joko Handiaren testuinguruan kokaturik dago Kim nobela. Errusia eta Britainia Handia Asia erdialdearen gaineko kontrola eskuratzearren borrokan ari dira, eta, azpijokoz beteriko gatazkan, britaniarrentzat espioitza lanak egiten ibiliko da Kim, nahiz eta zehazki zertan ari den ez dakien. Hasieran behintzat. Nobela abiatzen denerako, Lahoreko kaleetan (garai hartan India, gaur egun Pakistan) bizimodua aurrera atera nahian eskale dabiltzan haur umezurtzetako bat da. Mandatuak ere egiten ditu batzuetan inguruko dendari eta tratularientzat. Azken horien artean dago Mahbub Ali, bere zaldi negozioa estalki moduan erabiltzen duena zerbitzu sekretu britainiarrentzat lan egiteko. Aliren bitartez Kim ere espioitza sarean murgilduko da, agenteen artean mezuak igortzen. Irakurtzeko gai ez denez, mezulari aproposena da: ez dago planak hankaz gora jar ditzakeen arriskurik.

Kimek, ordea, badu sekretu bat: zuria da. Ingurukoek indiarra balitz bezala tratatzen dute; haiek bezala mintzo da, indiar ume asko bezala kalean hazitakoa da, eta bere izenaren anbiguotasunak ez du bere jatorriaren gainean bestela pentsatzeko arrazoirik ematen. Tibetar lama batek ikasle hartuko du, hain zuzen, indiarra delakoan. Kimek berak ez du bere indiartasuna zalantzan jartzen; gurasoak haur jaioberria zela hil zitzaizkion pobreziak jota, eta inude indiar bat egin zen bere kargu. Txikitatik indiarren ohiturak besterik ez du ezagutu. Lepoan daraman idunekoa da bere nortasuna argitzen lagun dezakeen objektu bakarra, haren esanahia deszifratzen dakienarentzat, jakina. Indiako trenbide konpainiarentzat lan egin aurretik, Kimen aita, Kimball O'Hara, britaniar armadan sarjentu ibili zen. Aitaren erregimentua parte zen masoi-ordenaren ikurra darama Kimen idunekoak.

Misio baten erdian, zori hutsez aitaren erregimentuan ibilitako kapilauarekin topo egingo du Kimek, eta idunekoaren harira bere jatorria agerian geratuko da. Orain arte mutikoak eraman duen bizimoduarekin gaitzituta, kapilauak Kimi ingeles subjektu bati dagokion heziketa eskaintzea erabakiko du, eta Lucknowen den elitezko ingeles eskolara bidaliko du. Paradoxikoki, ikasketen kostuak ez ditu berak ordainduko, lama zaharrak baizik. Azken horrek Kimen heziketa erlijiosoarekin jarraitzeko asmoa du, mutikoa argialdi unera iritsi daitekeela sinetsita baitago. Baina, eskolan igaroko dituen hiru urteetan lamarekin harremanetan jarraituko badu ere, zerbitzu sekretuekin duen harremana ere indartuko du Kimek, eta ikasketak amaitutakoan Joko Handira itzuliko da, oraingoan gobernuaren beraren agente moduan.

Arrotzen kutsadura

Ingelesez going native (natibo bilakatzea) gisa deskribatzen den egoerak lilura bezainbeste antsietate eragiten zuen inperioarentzat. Batetik, bere helburua zen tokikoak kanpotik bezain ondo ezagutzea barrutik, beren adimenean sartu ahal izatea, baina horrek ekar zezakeenari beldur zion —ingeles nortasuna ideia eta ohitura arrotzekin kutsatzeari edo, muturreko kasu batean, ezabatzeari—.

Kim-en kutsaduraren arriskua oso presente dago hasierako orrietan, protagonista erabat indiartuta dagoela eta bere jatorriaz ohartzeko gai ez dela esaten zaigunean. Nobelak, ordea, buelta ematen dio egoera horri britaniar nortasunaren indarra (eta, beraz, nagusitasuna) erakusteko: patuak erabakia zuen Kim bere onera itzuliko zela eta inperioaren barruan dagokion tokia beteko zuela. Are gehiago, indigenetan indigenena ere badela frogatzen du protagonistak: nobelaren amaieran, lamak aurreikusi bezala, argialdi unera heltzen da Kim, indiar gutxi batzuek lortzen dutena urteetako trebakuntza espiritualaren ostean. Kimek pentsamendu indigena menperatzea posible dela frogatzen duen bitartean, ingeles nortasuna arriskuan jarri gabe, antzeko prozesurik ezda, ordea, eskaintzen indigenei dagokienez. Hots, indiar bat ezingo da inoiz ingelesen pare izan, agintzea ez baita bere nortasunaren parte, agindua izatea baizik.

Baina ezin da ahantzi Kim ez dela ingelesa, irlandarra baizik: India bezala inperioaren menpe dagoen lurralde batekoa da jatorriz. Kontraesan modura hartu behar ote luke irakurleak? Ez horixe. Kim-ek erakusten du inperioaren konplexutasuna eta irismen ahalmena, subjektu kolonizatuak beraiek erabiltzen baititu elkarren kontra aritu daitezen metropolitik bultzaturiko fantasiaren izenean. Azken batean, inperioa bera den joko handiaren eskemaren barruan mandatari bat besterik ez da Kim, besteen aginduak betetzen dituena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.