Indartuta itzuli da Donostiako Orfeoia
MUSIKA. Iazko urtea «laburra» izan zela onartu du Donostiako Orfeoiko zuzendari den Antonio Sainz Alfarok. Izan ere, 2017an 27 kontzertu eskaini zituzten, ohi baino gutxiago. Hala, 2018ari bestelako tankera hartu dio, dagoeneko 40 kontzertu inguru baitituzte lotuak. Lau bidaia dituzte programatuak Europara; lehena, heldu den martxoan. Rotterdamgo Filarmonikarekin batera, Mahlerren 8. sinfonia eskainiko dute. Martxoaren 23an eta 25ean, Rotterdamgo De Doelen zentroan izango dira, eta martxoaren 24an, berriz, Bruselako Bozar zentroan. Ekainean, emanaldia izango dute Tolosan (Okzitanian), uztailean Carcasonan (Okzitania) eta urrian Munichen. Euskal Herrian ere kontzertu andana izango dituzte, Donostiako Musika Hamabostaldian esaterako bat. Bestalde, Orfeoiaren 120. urteurrenaren ospakizunak iaz bertan behera gelditu ondoren, irailerako programatu dituzte. Aurreikusi bezala, Ivan Izugarria opera eskainiko dute Donostiako Kursaalean, irailaren 8an, eta 26an Madrilen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu