Indartsu itzuli dira

Lau urteko etenaldiaren ondotik, hemen da berriro ere Ezinean taldea 'Berriz' diskoarekin

Araitz Muguruza.
Donostia
2014ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Berriro itzuli da oholtza gainera Ezinean taldea. Lau urte eman dituzte taldekideek geldirik. Kontzertuak eman gabe eta diskoak kaleratu gabe, baina ez dira geldirik egon. Horren adibide kaleratu berri duten Berriz diskoa (Oihuka). «Diskoa grabatzen hasi ginenean, 36 abestiko zerrenda genuen, eta horietatik hamalau aukeratu behar izan ditugu», esan du Iban Amenabar abeslariak. Bistan ez, baina lokaleko lau hormen artean lanean aritu dira.

2006an atera zuten lehenengo diskoa, eta taldearen izen bera zeraman: Ezinean (Gor). Handik bi urtera, Zuretzat (Gor) lana kaleratu zuten. Abesteaz gain, baxua ere jotzen du Amenabarrek. Oihan Amezuak bateria jotzen du, eta Oier Ezeiza eta Oihan Lizaso taldeko gitarristak dira.

Indartsu itzuli dira azpeitiarrak. Hala dio Anjel Valdes diskoetxeko arduradunak. Uste du taldearen abestiek jarrera propio bat dutela eta hor dagoela «musikaren benetako balioa». Erritmo azkarrekoak dira abestiak, eta laburrak. «Pitzadurak eragiten dizkie abestiekin dagoeneko zahartuta dagoen sistemari; mundua aldatzeko nahia erakusten dute».

Hardcore melodikoa egiten du Ezinean taldeak, ahotsek, hortaz, garrantzi berezia dute. Hain zuzen ere, Ezeiza eta Lizasoren koruek laguntzen dute Amenabar. Melodiak janzteko erabiltzen dute hardcore musika.

Kantuei hitzak ipintzeko orduan ere melodia dute erdigunean. Hitzak ia horien arabera aukeratzen dituztela nabarmendu du Amenabarrek: «Sortzen dugun lehendabiziko gauza da melodia, eta hura hitzik gabe ateratzen dugu, gero melodia horren araberako hitza osatzen dugu». Bokal bat edo beste baten erabilerak zuzenean eragiten baitu abestiaren doinuan, Amenabarren arabera. Hitzen muina gizarte gaiak direla zehaztu du: «Saiatzen gara askotan onartutzat jotzen diren gauzei kontrapuntu bat jartzen, eta, noski, jendeari hausnarketa egitera bultzatzen».

Lokalean egin zituzten grabaketak, iaz. Eñaut Gaztañagaren (Grises) Gaztain estudioan (Zestoa, Gipuzkoa) egin dituzte nahasketak, eta Doctor Master estudioko Estanis Elortzak masterizatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.