Zozketak hala aginduta, Aitor Mendiluze izan da agurra kantatzen lehena: «Geure ahalak gehituz/ zuen kemenari/ sentitzen baitet nola/ ari garen ari/ begirada zabaltzen/ itsutzen denari». Nerea Ibarzabalek Iruñeko oholtza erretzen sumatu du aurreneko puntutik: «Emozioen magma gori bat/ bada gutako bakotxa/ ustekabean lehertzen denean/ lur azpiko berben poltsa/ ea zein mundu posibletarantz/ labaintzen zaigun ahotsa».
Amets Arzallusek ostiralean Barakaldoko BECen izan zen Hertzainak taldearen kontzertu jendetsuari egin dio keinu. Honela hasi du agurra: «Kaixo, lagun guztiak/ gu ez gara Hertzainak/ gaur erreko ditugu/ aurtengo gaztainak/ gaztainak, lehertu arte zainak». Ikus-entzulea dantzan jartzea, horixe du gaur helburu Arzallusek. Segidan, Joanes Illarregi hurreratu da mikrora, eta denak aipatu ditu; pista, harmaila zein errebotea: «Arenan nonbait garesti/ dago metro karratua/ pista, rebote ta grada/ hiru zonaz banatua/ Nafarroa berriz ere/ dago zonifikatua». Jolasa eta jokoa ditu asmo gaurkoan Illarregik.
«Historiaren tabernan» festa izango dela jakinarazi du Alaia Martinek segidan: «Egun argi bat filmatu nahi dut/ zuen begien zineman/ gure herri hau oinarri hartu/ eta naizenik eman». Nahiak aurreratu eta kargak atzeratu nahi dituela azaldu du Maialen Lujanbiok jarraian. «Gauzak gertatu daitezkeenean/ gertatzen direla nago/ beti gertatu behar zuketeena
baino beranduxeago».
Sustrai Colina izan da agurra kantatzen hurrengoa: «Hara hor non natzan/ Iruñeko plazan/ libre ta konfiantzan/ zuen eskuak hegan/ eraman nazan». Eta, azkenik, Beñat Gaztelumendi izan da parean dituen 13.000 lagunak agurtzen azkena: «Udazkenean piztu den herri/ honen nerbio sistema/ niretzat hori baita bertsoa/ printza bat eta unibertsoa/ gu sortzen ari garena/ ta gu sortzen gaituena».