Indarkeriaz ari, hura mugatuz

Hannah Arendtek boterearen eta biolentziaren arteko loturaz dihardu 'Indarkeriaz' obran, besteak beste. Itziar Diez de Ultzurrunek euskaratu du, eta Katakrakek argitaratu

Edozein pentsamolde politikotan sailka zitekeen arren, askotatik edan zuen Hannah Arendtek bere teoriak ontzeko. BERRIA.
amaia igartua aristondo
2021eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Duela urtebete zen argitara ateratzekoa, baina pandemiak atzeratu egin du hori ere. Dena dela, Hannah Arendten Indarkeriaz liburua berandu helduko zen euskal literaturara, zegokion datan kaleratua izan balitz ere. Izan ere, Hedoi Etxarte Katakrakeko editoreari «bitxia» iruditzen zaio orain arte obra euskaraz argitaratua egon ez izana, aintzat hartuta «Euskal Herrian, tamalez, indarkeriak eta politikak azken hamarkadetan izandako harremana». Hutsune hori betetzeaz arduratu da bere argitaletxea Itziar Diez de Ultzurrunen itzulpenarekin, eta Mario Zubiaga Teoria Politikoko irakaslearen hitzaurreak biribildu du edizioa.

Editoreak aipatutako bi elementu horiek ditu oinarri liburuak, hain zuzen: indarkeria eta politika. Zubiagak azaldu duenez, polis-a —«boterearen lekua» eta polemos-a —«gerra, gatazka»— «elkartuta» ageri dira Arendten teorian, baina ez, ordea, «bat eginda», irakasleak azpimarratu duenez. Zehaztu du botere politikoa ekintza kolektiboan sortzen dela, eta biolentzia, aldiz, ekintza indibiduala dela. Arendten garaian gertukoa zen mehatxu bat erabili du Zubiagak adibide gisa: gerra nuklearraren irudia, indarkeria gauzatzeko aski baita banako bakar batek botoi bat sakatzea, baina botere politikoa banako horien elkarbizitzan dago oinarritua. Alegia, «natura ezberdinekoak» dira kontzeptuok, baina, halere, estuki lotuta daude beti. «Ez dago gauza arruntagorik boterearen eta biolentziaren arteko nahasketa baino».

Horrenbestez, bata zein bestea egoki zedarritzea izan zuen helburu pentsalariak, ohikoa zuen legez. Zubiagak dioenez, uko egiten zion filosofotzat kalifikatua izateari, bere lana ez baitzen «egia bilatzea», baizik eta «errealitatea ulertzeko kontzeptuak ezartzea». «Kontzeptuen mugarritze lana oso inportantea zen» harentzat, irakaslearen arabera, eta praktika horren hamaikagarren adibidea dakar Indarkeriaz liburuak, politika eta indarkeria terminoak zehazteko saiakera ere bai baita. «Politikotasunaren erreibindikazio sakona egin zuen Arendtek. Haren muinaz hausnartu zuen, baita baztertu ezin diren kontzeptuek sortzen duten zauri sendaezinaz ere». Halaber, irakasleak gaineratu du lanean politikotasunaren «kolonizazioaz» ere badiharduela: «Zenbateraino konpon dezaketen teknikak eta zientziak eztabaida politikoa, eta nola nahi den neutralizatu moralaren bidezidorretik sendaezina den tentsio bat».

Eraginen batuketa

Arendtek kontzeptuak mugatzea izan zuen jomuga, baina ezin daiteke pentsalariarekin beste horrenbeste egin, Etxarteren hitzei erreparatuta, bederen: «Arendten interes puntuetako bat da heldulekurik gabe pentsatzen zuela». Dioenez, filosofo izaerari uko egiteaz gain, feminista izaeratik ere urrundu egin zen—«nahiz eta XIX. mendeko hainbat emakume berreskuratu»—, eta, liberalismoan kokatzen duten arren, sailkapen hori ere gaitzetsiko luke pentsalariak ziurrenik, Etxarteren iritziz. Kontrakoa adieraziko balute ere, berdin: «Ez dator Alemaniako ezkerreko pentsamoldetik; beraz, ezkerrekoek mesfidantzaz jokatu dute haren obrarekin».

Kategorizatu ezina izan zen Arendt, baina, era berean, kategoria guztietatik edan zuen bere teoria politikoa osatzeko. Inguruan izan zituenen eragina jaso zuen, eta bere pentsamoldeak ere beste horrenbeste egin zuen haiengan. Besteak beste, harreman intelektual estua izan zuen Karl Jaspers psikiatrarekin, baita Martin Heideggerrekin ere —harreman sentimentala ere izan zuen filosofo alemaniarrarekin—. Bere ama Martha Cohn ere garrantzitsua izan zen bere garapen teorikoan, baita bere azken senarra ere, Heinrich Blucher ezkertiarra.

Ingurukoekin ez ezik, ordea, Arendten teoriek urrunagoko pentsalariekin ere izan zuten erlazioa eta, batez ere, ika-mika. «Antipodetan» zituen teorialarien testuak ikertu zituen, garaiko gazteek irakurtzen zituztenak, nagusiki —Lenin eta Frantz Fanon, besteak beste—, eta horien ideien erabileraren inguruan hausnartu zuen, Itziar Diez de Ultzurrun itzultzaileak azaldu duenez: «Saiatu zen jatorrizko iturrietara jotzen, eta aldeak azpimarratzen. Ikusten zenarekin ez bazetozen bat teoriak, aztertzen zuen zer zen bat ez zetorren hori».

Eraginen aniztasun horrek testuaren forma baldintzatu zuen, aipu eta oin oharrez lepo baitago Indarkeriaz obra. Ezaugarri hori izan da itzulpen lanaren oztopoetako bat, Diez de Ultzurrunek nabarmendu duenez: «Itzulpen jarioa eteten zuten, iturrietara jo eta ikusi behar nuelako ea euskaratuta zeuden». Gainera, «tolesturaz eta sakonunez betetako autorea» izanik, beharrezkoa egin zaio «orekari abila» izatea: «Euskaraz erraz irakurtzeko testu bat eman behar nuen, baina atxiki lotuz jatorrizkoari. Itzulpengintzan esaten den bezala: 'Ahal bezain hurbil eta behar bezain urrun'». Izenburutik bertatik izan ditu «zalantzak», aitortu duenez, aukeran baitzituen bortxa, bortizkeria eta biolentzia ere.

Motza, baina mamitsua

Obrak 160 bat orrialde ditu, baina, hala ere, pentsalariak gai asko garatzen ditu bertan. Politika eta indarkeria ardatz gisa erabilita, beste hainbat ertzi heltzen die Arendten teoriak, itzultzaileak azpimarratu duenez. «Liburu honek gogoeta eragiten laguntzen du; gai asko azaltzen ditu, eta, nire ustez, azalkeriatik alde egiten eta klixe bidez pentsatzeari uzten laguntzen du». Diez de Ultzurrun «irakurle arrunt» gisa hurbildu zaio pentsalariaren lanari, eta hainbat azpimarra egin dizkio, haietako asko egunerokotasunez beteak, dioenez.

Esaterako, Arendtek «kezka» agertzen du zientziaren garapenaren eta unibertsitatearen eta askatasunaren arteko loturaren inguruan, eta, halaber, «eskuinekotzat jotzen den nazionalismo» baten sorreraz ohartarazten du pentsalariak, «populismoaren ondorioz gaur egunera ekar daitekeena», itzultzailearen ustez. Era berean, «aintzat hartzekoa» deritzo gizakien ekintzen helburuei buruz egindako gogoetari: «Arendtek garrantzia ematen die ustekabekoei. Ezin daiteke aurreikusi gizakien ekintzek zer ondorio izango dituzten. Hortaz, bitarteko helburuak garrantzitsuagoak izan daitezke hasieran lortu asmo ziren helburuak baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.