Iruñea
2016ko irailaren 16a
00:00
Indarkeria egoerak direla-eta begiak ixtea izan ohi da hainbatek hartzen duten erabakia; ez ikusiarena egitea, alegia. «Uste dut estatubatuarrek badakitela mundu osoan mota guztietako biolentzietan daudela nahastuta. Normalean, ez dute hori ikusi nahi», aipatu zuen behin Joshua Oppenheimer zuzendariak elkarrizketa batean. Zinemak, ordez, ez du ez ikusiaren jolasean aritu nahi, eta begietako hesgailua kentzen laguntzen du, errealitate gordinak erakutsiz eta salatuz. Donostiako Zinemaldiari ez zaizkio salaketak oharkabean pasatu eta 64. edizioan zinema horren aldeko apustua egin du, The Act of Killing. Zinema eta indarkeria globala atzera begirakoa antolatuz. Aurkeztuko diren 32 filmetan, egun bizi diren indarkeria egoerak islatuko dira, hala nola gatazkak, terrorismoa, lurraldeen okupazioa... Zikloan ia kontinente guztietako bortizkeria kasuen lekuko izango da ikuslea, Txadeko lurralde lehorrean sortzen diren dramak ezagutzetik Daratt /Dry season filmean, Afganistan hegoaldeko mugaren esparruan dagoen aliatuen basean sartzeraino Armadillo pelikulan. Hona hemen zikloan izango diren filmetako sei:
'THE ACT OF KILLING'
Zikloari izena ematen dion The Act of Killing filmean, Indonesiako heriotza eskuadroietako liderrak, Anwar Congok, eta haren taldeak hartzen dute bozgorailua, eta kamera aurrean kontatzen dituzte 1965-1966 urteen bitartean egindako hilketak eta torturak. Beraien burua antzezten dute, biktimak interpretatzen dituzte eta elkarrizketak haiek idatzitakoak dira. Damuaren arrastorik ez du topatuko ikusleak. Asiako herrialdearen oroimenera egindako bidaia da filma, ustelkeria eta zigorgabetasun erregimenean bizi den herrialdera.
'ITSASOAREN ALABA'
Bi urte bete gabe zituela hil zuen GALekHaize Goikoetxearen aita, tiroz: Mikel Goikoetxea Txapela ETAko kideak 27 urte zituen. Josu Martinezen dokumentalean protagonista da alaba, eta aita ezagutu zutenen testigantzen bidez berregingo ditu haren memoria eta irudia. Martinezen beste pelikuletan bezala, ezaguna ez den memoriaz mintzo da, «normalean agertu ohi ez diren pertsonena».
'S-21, LA MACHINE DE MORT'
S-21, La machine de mort Khmère rouge filmean, gatazkaren bi alderdiak dira torturen berri ematen dutenak: torturatuak eta torturatzaileak. Kanbodiako segurtasun handieneko kartzela zen S-21, eta ia bi milioi pertsonaren hilobiak bildu zituen. «Zenbakiek ez naute hainbeste interesatzen, baizik eta nola. Eta zergatik», aipatu zuen pelikularen egilea Rithy Panh kanbodiar zuzendari eta dokumentalistak 2002an. Khmer Gorriek Kanbodiako agintaritza indarrez hartu zutenean, 1975ean, eraiki zuten kartzela, eta 1979ra arte mota guztietako torturak egin zituzten. Panhek 11 urte zituen eta geroztik galdera anitz gelditu zaizkio erantzun gabe. «Neure buruari galdetzen diot zergatik atera nintzen ni bizirik, eta zergatik ez anaia, arreba edo ama». Hildakoei egindako omenaldia da filma.
'LA PELOTA VASCA'
Euskal Herriko egoera politikoa ulertzeko ezinbesteko dokumentala. 2003an zuzendu zuen Julio Medemek. Iritzi eta ikuspegi ezberdineko pertsonek bat egiten dute filmean eta pisu handiko gaiak izango dituzte hizpide: presoak eta biktimak, ETA, GAL, Ibarretxe Plana, euskara... Dokumentalarekin Medemek alderdi politikoen artean zubiak eraiki nahi izan zituen, elkarren artean eztabaidatu, baina Alderdi Popularrak uko egin zion filmean parte hartzeari, Arnaldo Otegi agertzen zelako.
'TURTLES CAN FLY'
Helduak ez diren neska-mutikoen istorioa da honako hau, umeak ez diren baina helduak izatera jokatzen dutenak, halabeharrez. Irakeko Kurdistango herri bateko lurrak estaltzen dituzten pertsonen aurkako minak biltzen eta saltzen irauten dute bizirik; baina arazo berri bat begiztatzen da: Ameriketako Estatu Batuak Iraki eraso egiteko zorian dira. Hori dela eta, antena paraboliko baten bila dabiltza herriko bizilagunak, berriek zer esango duten zain. Testuinguru honetan, mutiko elbarri bat, bere arreba eta ume txiki bat iritsiko dira kurduen errefuxiatu esparrura. Mutiko elbarriak bihozkada bat izango du: gerra gero eta hurbilago dago.
'TO DIE IN JERUSALEM'
«Argi dago ama palestinarrak ezin zuela israeldar amaren azalean jarri, eta alderantziz. Elkartzeak erakusten du gatazkaren konplexutasuna baina baita erraztasuna ere», esan zuen behin Hilla Medaliak. Bi ama eta bi alaba. Israeldarrak, eta palestinarrak. Amaren lekukotasunen bitartez ezagutuko dugu bi alabek partekatzen duten istorioa: 17 urterekin hil ziren biak lehergailu suizida baten eraginez.