Zinema

'Indarkeriaren Oi(h)artzunak' filma saritu du Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldiak

Amaia Merinoren eta Ander Iriarteren filmak jaialdiko ikusleen aitortza lortu du, baita Amnesty International sariaren epaimahaiaren aipamen berezia ere. Erakunde horrek 'Mediha' lanari eman dio bere sari nagusia.

Amaia Merino eta Ander Iriarte, 'Indarkeriaren Oi(h)artzunak' dokumentalaren zuzendariak, joan den astean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Merino eta Ander Iriarte, 'Indarkeriaren Oi(h)artzunak' dokumentalaren zuzendariak, joan den astean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2024ko apirilaren 19a
13:27
Entzun

Aitortza nagusia nori eman ikusleek ebazten dute urtero Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian. Jaialdiaren 21. aldian, Indarkeriaren Oi(h)artzunak dokumentala saritzea erabaki dute, eta, hala, Amaia Merinok eta Ander Iriartek zuzendutako lanak eskuratu du Film Luze Onenaren Ikusleen Saria. Esteban Muruetagoienaren hilketa jorratzen du filmak, haren alaba Tamara Muruetagoienaren hitzak oinarri hartuz.

Dokumentala iragan larunbatean estreinatu zen jaialdian. 1982. urtean hil zen Esteban Muruetagoiena, Guardia Zibilak bederatzi eguneko atxiloaldi baten ostean aske utzi eta hiru egunera. 42 urteren ondoren, haren alaba Tamara Muruetagoienak oraindik ez du jaso Poliziaren torturen biktima delako errekonozimendurik, eta hori bera irudikatu nahi izan dute bi zinemagileek dokumentalean.

(ID_13801268) (/EZEZAGUNA) indar
Tamara Muruetagoiena, Indarkeriaren Oi(h)artzunak filmaren fotograma batean.
GIZA ESKUBIDEEN DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Jaialdiko sari nagusia ez ezik, beste bat ere eraman du Merinoren eta Iriarteren filmak. Izan ere, Amnesty Internationalek banatzen duen sariaren epaimahaiak euskal ekoizpen horri Aipamen Berezia ematea erabaki du, «zinema eraginkortasunez baliatzen duelako argitu gabe jarraitzen duten tortura-kasu salatuak ikusarazteko».

Yazidi herriaren genozidioa

Erakundeak urtero Film Onenaren Sariarekin egiten dio aitortza film bati jaialdian, eta aurten AEBetako ekoizpen batek eraman du: Hasan Oswaldek zuzendutako Mediha film luzeak, hain zuzen ere. Mediha nerabe yazidiaren istorioa kontatzen du filmak. Estatu Islamikoaren bahiketatik bizirik atera eta itzuli berritan, bere buruari zuzentzen dio kamera, bere trauma prozesatzen saiatzeko, erreskate taldeak bere senide desagertuak bilatzen ari diren bitartean. Hala, bizirik den gazte baten begietatik, yazidi herriaren genozidioaren historia azaltzen du lanak.

(ID_13801267) (/EZEZAGUNA) (;)
Mediha filmaren fotograma bat. GIZA ESKUBIDEEN DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Epaimahaiaren iritziz, «emakumeen eta nesken aurkako sexu indarkeria gerra arma gisa erabiltzea salatzen du filmak, Irakeko gatazka belikoaren testuinguruan. Konkistatu, merkantzia gisa erabili, kolonizatu eta erabat suntsitu nahi den lurralde gisa tratatua izan da neska baten gorputza, Mediharena. Oswaldek gatazka armatu baten biktima ikusezinak ikusaraztea lortu du bere dokumentalaren bidez».

Erakundeak banatzen dituen sarien epaimahaia honako hauek osatu dute aurten: Ramon Agirre aktoreak, Izaskun Arandia zinemagileak eta Ana Barrera, Imanol Barrenetxea eta Alberto Ruiz de Olano Amnesty Internationaleko ordezkariek. Sari gisa, Koldobika Jauregi artistaren eskultura bat eramango du irabazleak, Protestarako eskubidea izenburua duena.

Bestalde, Anna Hints zuzendariaren The Weight of Lifefilm laburrak Gazte Epaimahaiaren Film Labur Onenaren Saria lortu du, zeinak 3.000 euroko ordainsaria duen. Dokumentalaren eta fikzioaren erdibidean kokatu dute filma, eta Delhiko zabor biltzaileen komunitate bat du ardatz, hondakinen eta bero kiskalgarriaren artean munduan duten lekua aurkitu nahian dabiltzanak. Surya izeneko gazteak kamera bat aurkituko du Delhiko zabor mendi handi batean, eta inguruko emakumeen kontatu gabeko istorioen leiho bihurtuko da haren kamera.

(ID_13801283) (/EZEZAGUNA) thew
The Weight of Life filmaren fotograma bat. GIZA ESKUBIDEEN DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Hilaren 12an hasi zen zinema jaialdia, eta arratsaldean amaituko da, Viktoria Eugenia antzokian egingo duten sari banaketa ekitaldiarekin. Andrea Jaurrietak zuzendutako Nina filmaren emanaldiarekin bukatuko da zinemaldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.