Asier Barandiaran. Literatura ikerlaria

«Indarkeriarekin lotutako gaiekin kontuz ibili behar luke bertsolariak»

Periferian egoteak perspektiba ematen die idazle nafarrei, Asier Barandiaran ikerlariaren ustez, baita euskal gatazkaz aritzerakoan ere.

Inigo Astiz
Iruñea
2012ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Gatazkaren gaiak badu zentraltasun bat euskal literaturan. Periferia aztertu nahi izan duela dio, ordea, Asier Barandiaran ikerlariak (Galdakao, 1970). Nafarroako idazleen testuetan jarri du begia, horregatik, eta Gatazka Nafarroako euskal literaturan izeneko liburua argitaratu berri du Euskal Herriko Unibertsitatearekin. Dioenez, kokapen fisikoak badu eragin literariorik. «Periferia geografiko eta kulturalean egoteak perspektiba ematen die Nafarroako egileei». Generoka egin du ikerketa, eta egileka. Hiru sailetan zatitu du lana: eleberriak, poesia eta bertsolaritza.

Liburuan diozunez, literaturak badu eginkizun etiko bat.

Bai. Mundu anglosaxoian badago Ethical turn (bira etikoa) izeneko mugimendu bat. Haren arabera, narrazioek balio transmisio bat egiten dute istorioen bitartez. Egindako narrazioekin egileak bere mundu ikuskera transmititzen du. Burutu gabeko proiektu bat da gizaki oro, eta horregatik erakartzen gaituzte besteen istorioek. Interesatu egiten zaigu beste pertsonaien proiektuak nola burutu diren ikustea.

Sortzaile nafarren lanetan euskal gatazkak duen trataera aztertu duzu. Nola landu dute gaia?

Erdigune kulturaletik pixka bat aparte daude sortzaileok geografikoki eta kulturalki. Bestelako perspektiba bat ematen die horrek, eta eragina du gatazkaz idazterakoan ere. Aberasgarria da hori. Eginak ziren gatazkaren trataerari buruzko azterketak lehenago, baina erdigunetik gertuko idazleen lanak hartu dira batez ere kontutan, eta ez periferian daudenak. Eta merezi zuen azterketa propio bat gaiak. Izan ere, periferia horretan badaude ekarpen interesgarriak. Egile batzuk, gainera, aitzindariak izan dira jarrera batzuk literaturara eramaterakoan.

Zein dira jarrera horiek?

Askotarikoak dira idazle nafarren jarrerak. Eleberrigintzan, adibidez, nabarmentzekoa da egin duten ekarpena. Badira euskal gatazkaren begirada periferikoa ematen asmatu duten sortzaileak. Gatazkaren inguruan badago berbaldi politiko bat, eta diskurtso horien zentzugabekeria erakusten asmatu dute idazleek. Pertsonaia konkretu batzuen borroka existentziala kontatu eta berbaldi politikoarekin parekatu dute. Diskurtso politikoa nahiko itsusi gelditzen da gizakiaren aberastasunaren aldean. Asmatu egin dute horretan, baita literaturaren bidez gatazkaren alderdi batzuk salatzen ere. Poesian egon da ekarpen interesgarririk ere. Hasier Larretxeak, adibidez, Azken Bala liburuarekin. Zaila da gatazkaren inguruan haren pareko jarrera erakutsi duen egilerik aurkitzea Euskal Herri osoan. Berritzailea da, eta hori Nafarroan gertatu da.

Gatazka garai batean kontakizunaren erdi-erdian egoten zela diozu, baina orain gero eta gehiago agertzen dela fondoko gai gisa.

Badago joera hori. Gatazka izan liteke batzuetan pertsonaien barne gatazka harilkatzeko markoa, baina maiz ez da izaten gai zentrala. Bada gai horri «gure gai tristea» deitzen dion egilerik, eta saihestu egin liteke, agian sentimendu horregatik, gatazka modu gordinean lantzea. Zenbaitetan modu ia komikoan ere landu da gatazkarena. Parodia moduko bat egiten du Jon Alonsok, adibidez, Euskal Karma liburuan.

Bertsolaritza ere aztertu duzu liburuan. Maiz lantzen den gaia da gatazkarena; baina diozunez, nahiko ikuspegi monokromatikoan.

Bertsolari jakin batzuk hautatu ditut soilik, haien bertsolaritzan gatazkaren gaiak pisu handia duelako [Xabier Silveira, Estitxu Arozena, Manolo Arozena eta Jesus Goñi]. Hori da corpusa, eta halakoa izan da emaitza. Horrek ez du esan nahi Nafarroako bertsolaritza halakoa denik. Gaur egun, inoiz baino anitzagoa dela esango nuke. Presente egon da gatazkaren gaia Euskal Herri osoko bertsolaritzan, eta Nafarroan ere bai. Egia da, zenbait kasutan publiko potentzialarentzat eta publikoaren zati batentzat izan daitekeela mingarria oholtzatik esan diren gauza batzuk. Hor sustatu behar litzateke bertsolaritzaren alde kulturala eta kohesionatzailea. Bertsolaritzak badu gaitasun hori, baina halako berbaldiekin bertan behera gelditzen da aukera hori.

Zeri deitzen diozu funtzio kohesionatzailea?

Bertsolaritza ahozko generoa da, eta badu alde performatibo bat. Kohesio bat sortzen du horrek bertsolariaren eta publikoaren artean. Oso interesgarria da komunitatearen kohesio hori gurea bezalako hizkuntza txiki batentzat. Kohesiorako gaitasun hori da bertsolaritzak herri honi egin dion ekarpena. Pikutara doa izaera kohesionatzaile hori, ordea, haren gainetik bestelako mezu politikoak jartzen direnean.

Baina bertsolariari kohesio horren alde aritzea ez al da bertsolaritzaz kanpoko balio batzuen alde aritzeko eskatzea?

Euskal Herriko Bertsolarien Elkarteko paper batzuetan ere aipatzen da bertsolaritzaren alderdi hori sustatzeko beharra. Ez da beraz, bertsolaritzaz kanpoko ezer. Testu horietan indar kohesionatzaile horren goraipamena egiten da, eta ni ados nago horrekin. Bertso jartzailearen zer egina azaltzen duten testuetan ere azaltzen da ideia hori. Gai-jartzaileak ez luke bertsolaria egoera batean jarri behar, jakinik publikoaren zati bat iraintzeko arriskua dagoela.

Bertsolariek ETAren jardunari buruz esaten dituzten batzuk publikoarentzat mingarri izan daitezkeela ez dela kontuan hartzen diozu, eta gogoeta egin beharra dagoela gatazkaren gaia lantzeko moduei buruz.

Batzuen eta besteen indarkeriarekin lotura duten gaiak lantzen direnean kontuz ibili behar da, eta publikoarekiko kohesioari eusteko unea da. Publikoan egon daiteke indarkeria mota bat edo bestea jasan duen jendea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.