Idazlea: Yolanda Arrieta.
Ilustratzailea: Aitziber Alonso. Argitaletxea: Aizkorri.
Aizkorriren Irakurri, bizi sailak 5 urtetik aurrerako irakurleentzako liburuak argitaratzen ditu. Tapa bigun, formatu karratu eta letra tamaina handidunak guztiak. Berriki Amaren urteak argitaratu dute.
Eskolako girora garamatza liburu ilustratu honek. Irakasleak eskatuta marrazkiak egiten ari dira, bakoitzak berea. Malen eta Mireia ere horretan ari dira, bakoitza bere lanean bezainbat elkarrena zehar-begiratuaz. Poliki, detaileak zainduaz ari dira denak liburu honetan: neskak euren langintza osatzen, idazlea istorioa kontatzen eta ilustratzailea hau guztiau erakusten.
Yolanda Arrietak liburu xume hau izenpetzeaz gain, lan oparoa du bere maletan. Beti ari da proposamen berritzaileak bilatzen eta dagoeneko izenpetu ditu bi dozena lan haur eta gazte literatura alorrean. Azken obrak aipatzearren, Nitaz ahaztu dira, Itzalpetik eta Agur ama sinatu ditu. Bat azpimarratzekotan, Oinutsik jauregian (2007) zoragarria gogoratuko dugu, Alonsorekin batera sinatu zuena.
Aitziber Alonso ofizioko ilustratzailea da —dagoeneko dozena bat urte daramatza langintza honetan—, bere estilo propioa eraikitzen jakin duena. Liburu honetan bezala, bere gainerakoetan ere kolore beroak nahiago izaten ditu, teknikak konbinatuaz, arkatz-margo eta akrilikoak, esaterako. Marrazkiak «sinpleak» izan ohi dira eta garrantzi handia ematen dio ikuspuntuari, liburu honetan nabarmen geratu denez.•
Literatura. 'AMAREN URTEAK'
Inbidiak eta lagunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu