Iñaki Zubeldiak liburu bat osatu du haur literatura defendituz eta aztertuz

Idazlearen askotariko gogoeta, kritika eta elkarrizketen bilduma da 'Haur literatura aztergai 2'

Iñaki Zubeldia, Haur literatura aztergai 2 liburuaren egilea. IÑIGO URIZ / ARP.
Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Haur eta gazte literaturaz azken urteetan argitaratutako hainbat gogoeta, kritika eta elkarrizketa bildu ditu Iñaki Zubeldiak (Ikaztegieta, Gipuzkoa, 1945) Haur literatura aztergai 2 liburuan (Erroteta), duela sei urte kaleratu zuen Haur literatura aztergai: gogoetak, elkarrizketak, kritikak liburuari jarraipena emanez (Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea, 2006). Liburu hartan bezala, orain argitaratu berri duen honetan ere haur literatura defenditu eta aztertu du, alderdi askotatik begiratuta.

Egileak idatzitako aitzin solasaren ondoren, Joxantonio Ormazabal In memoriam artikulua aurkituko du liburuaren irakurleak, Zubeldiak Ormazabal lankide ohiari adiskidetasunez eskainia. «Beti mirestu izan diat hire sormena eta fantasiarako eta umeentzako gauza gustagarriak egiteko huen ahalmena», idatzi du lan horretan Zubeldiak: «izan zitezkean abestiak, bertsoak, ipuinak, ahokorapiloak, jolasak, olerkiak, errimak… Denetarako hintzen artista, baina bereziki umeentzako istorioak sortzeko dohain berezi bat huen. Eta inork ez beza ulertu istorio sinpleak, Kittano, Bihotza zubi, Saturna, Koti edota Ilunorduak eta argilaurdenak bezalako obrak ez baitira ez sinpleak ez errazak idazten».

Ondorengo lanean, euskarazko haur eta gazte literaturaren bilakabidea aztertu du Zubeldiak; 2010ean Brno-ko (Txekia) Unibertsitatean emandako hitzaldiaren transkripzioa da liburuan jasotako artikulua.

Liburuko hirugarren artikuluak Zer da literatura? Zer daukagu Haur Literaturaren kontra? du izenburu. Haur literaturaren aurkako aurreiritziak gaitzesten ditu lan horretan Zubeldiak: «Zer dugu haur literaturaren kontra? Agian, literatura mota hau asko saltzen delako inbidia pixka bat? Ez dakit zer den, baina badago zenbait jenderen aldetik haur literaturaren kontrako jarrera bat eta haur literatura idazten duten idazleak bigarren edo hirugarren mailako idazletzat hartzeko joera ziztrin bat».

Laugarren lanak Bernardo Atxagak 2004an Donostian zuzendutako ikastaro batean esandakoak dakartza gogora. Garbizalekeriaren mamuaren aurka mintzo da bereziki Zubeldia, Atxagak orduan esandakoak oinarritzat hartuta.

Bost elkarrizketa

Ondorengo bost artikuluak haur eta gazte literatura lantzen duten beste horrenbeste idazleri egindako elkarrizketa luzeak dira: Aitor Arana, Seve Calleja, Ana Urkiza, Iñaki Friera eta Fernando Morillo. Literaturbideak ekimenari eta haur liburutegiei buruzko erreportaje zabalak dira hurrengo bi lanak, elkarrizketa banaz hornituak.

Liburuko azken artikuluak Wendy Orr australiar idazlearen Nimen uhartea kontakizuna du gaitzat (Aitor Aranak itzuli eta Ibaizabalek 2002an argitaratua). «Liburu bikaina da», Zubeldiaren iritziz, «berezia, besteetatik desberdina, erabiltzen duen gaiarengatik». Liburuan oinarritutako filma ere —Jennifer Flackett eta Mark LevinÃNim's Island— aipatzen eta laudatzen du Zubeldiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.