Literatura

Iñaki Zabaletak Ur Jauzia bildumako laugarren liburua plazaratu du

'Nazioa eta hizkuntza Humboldten pentsamenduan' da lanaren izenburua. Jakin fundazioak eta EHUko Joxe Azurmendi Katedrak elkarlanean argitaratzen dute bilduma.

(ID_13626851) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-02-21, Donostia. Iñaki Zabaleta Gorrotxategiren 'Nazioa eta hizkuntza Humboldten pentsamenduan...
Iñaki Zabaleta –eskuinetik hasita hirugarrena–, eta Jakineko nahiz EHUko ordezkariak, liburuaren aurkezpenean. JON URBE / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2024ko otsailaren 21a
15:30
Entzun

Isaac Newtonek zioen erraldoi baten sorbaldara igotzeak aukera eman ziola haratago joateko eta ikuspuntua zabaltzeko. Iñaki Zabaleta Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia Saileko irakaslearen ustez, pentsalari handi orok du beste pentsalari bat atzean. Wilhem von Humboldt da, Zabaletaren ustez, atzean egoten diren pentsalari horietako bat. Hainbat liburu atera izan ditu haren pentsaera aztergai hartuta, eta lan horietan berriena da, hain zuzen, Nazioa eta hizkuntza Humboldten pentsamenduan. EHUko Joxe Azurmendi Katedrak eta Jakin fundazioak elkarlanean sortutako Ur Jauzia bildumako laugarren liburua da. Pentsalari humanista horren ideietan nazioak eta hizkuntzak duten lekuaz hitz egiten du saiakerak.

Ur Jauzia bildumak euskal pentsamendu garaikidearen inguruko lanak biltzea du helburu. Hura sortzeko ideia Joan Mari Torrealdaik izan zuen. Izena, ordea, Joxe Azurmendik berak behin azaldutako kontzeptu batetik dator. Lorea Agirre Jakineko zuzendariak kontatu duenez, Azurmendiri egin zion elkarrizketa batean azaldu zuen pentsalariak zer zen berarentzat kontzeptu hori: «Ur jauziaren sisteman sinesten zuela kontatu zidan; hau da, norbaitek berak idatzitakoa irakurri, eta bere ideia propioak eraikitzeko erabili zezakeela; jakinduria ur jauzi bat izango balitz bezala». Azurmendik uste du bere ideiak ez direla soilik bereak, beste baten ideiak martxan jartzeko balio baitute. Bildumaren helburua da haren obra zabaldu eta abiapuntu gisa erabiltzea, Agirreren esanetan, «hortik abiatuta kritikatu, eraiki eta ikertu» dadin.

Gizakia oinarri

Humboldt Prusian sortua zen, eta bitan izan zen Euskal Herrian —1799an eta 1801ean—, euskaldunen, euskararen eta euskal nazioaren inguruan ikertzen. Zabaletak lanaren oinarrian izan duen galdera honakoa izan da: Zergatik ezaugarritzen zituen Humboldtek euskaldunak nazio gisan, eta zegatik ikusten zuen euskara euskaldunen hizkuntza nazional gisa?

Nazioa hizkuntza komunitate bat zela uste zuen pentsalariak. «Kontzeptu hori ulertu eta barneratu behar izan zuen, eta pixkanaka joan zen bere ikerketan aurrerapausoak eginez». Gainera, gaian oso inplikatuta egon zela kontatu du Zabaletak.

Hiru ataletan banatuta dago liburua, Humboldten bizitzako hiru etapa nagusien arabera. Lehen atalean, pentsalari gisa hasi zeneko garaiak azaltzen dira. Humanista izanda, gizakia izan zuen ardatz beti, baina ohartu zen gizabanakoa ulertu ahal izateko gizataldea ere ikertu behar zuela. Immanuel Kant filosofoaren eragin handia izan zuen, eta haren izaera nazionala hartu zuen abiapuntu gisa. Frantziara joan zen hango izaera nazionala ezagutzera, baita Espainiara ere. Geroago heldu zen Euskal Herrira, eta «bi estatutan banatutako nazio bat» topatu zuela azaldu zuen bere idazkietan. «Orduan jabetu zen zein garrantzitsua den hizkuntza nazioa osatu eta ezagutu ahal izateko», esan du Zabaletak.

«Hizkuntzak barru-barrutik lotzen ditu gizakiak».IÑAKI ZABALETA EHUko Filosofia irakaslea

Hamazazpi urtez izan zen politikari Humboldt, eta ibilbide hori aipatzen da lanaren bigarren atalean. Hirugarren eta azken atala haren bizitzako azken hamabost urteen ingurukoa da. Politika alde batera utzi, eta hizkuntzaren alorrean jarri zuen begirada. Nazioaren eta hizkuntzaren arteko harremana landu zuen, eta nazio bat desagertzeak hizkuntza bat desagertzea dakarrela ondorioztatu.

Zabaletak aitortu du Humboldt aspaldiko pentsalaria dela, eta agian jendeari «aspaldikoegia» egingo zaiola. Hala ere, uste du gaur egungo hainbat auzi hobeto uler daitezkeela duela hainbat urte egindako gogoeta horiek abiapuntu hartuta: «Erakutsiko digu zer den beharrezkoa eta zer ez». Azken gogoeta bat ere egin du: «Hizkuntzak barru-barrutik lotzen ditu gizakiak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.