Musika

Iñaki Salvador, Jorge Pardo eta Chano Dominguez sarituko ditu Donostiako 55. Jazzaldiak

Hiru musikariek «ibilbide bikaina» egina dutela, eta «kontinenteko jazz musikari gailenen artean» daudela nabarmendu du jaialdiak.

Iñaki Salvador piano jotzailea izango da aurtengo sarituetako bat. GORKA RUBIO / FOKU
Erredakzioa
2020ko uztailaren 15a
11:58
Entzun

Donostiako 55. Jazzaldiak sari bana emango die Iñaki Salvador, Jorge Pardo eta Chano Dominguez musikariei. «Ukaezina da ematen diren sari hauen egokitasuna, kontuan izanda Pardok, Salvadorrek eta Dominguezek ibilbide bikaina egina dutela musikaren eremuan, eta kontinenteko jazz musikari gailenen artean daudela», azaldu du jaialdiak, ohar baten bidez. Jazz munduko musikarien ibilbideari aitortza egiten die jaialdiak, urtero, bere sariaren bidez. Orain artean, besteak beste, honako hauek jaso dute: Keith Jarrett, John Zorn, Herbie Hancock, Chick Corea, Hank Jones, Max Roach, Elvin Jones, Clark Terry, Bebo Valdes eta Wayne Shorter.

Iñaki Salvador piano jotzailea (Donostia, 1962) nazioartean itzalik handienetako bat duen jazzeko euskal musikarietako bat da. Zinemarako, telebistarako eta antzerkirako soinu bandak egin ditu, eta hainbat disko argitaratu ditu bai bere izenean bai beste batzuekin lankidetzan. Halaber, Donostiako Jazzaldiaren aurreko urte batzuetan arrakasta handia izan duten hainbat proiektu aurkeztu ditu, eta jazzeko euskal talderik garrantzitsuenetako bateko kidea izan da. Besteak beste, honako musikari hauekin lan egin izan du: Mikel Laboa, Perico Sambeat, Allan Skidmore, Pedro Iturralde, Jean Toussaint, Javier Colina, Jesse Davis, David Xirgu, David Gomez, Mario Rossy, Jorge Rossy, Charles Tolliver, Raynald Colom, Mikel Andueza, Gonzalo Tejada, Joaquín Chacon, Alvin Queen,…

Jorge Pardo (Madril, 1956) flauta eta saxofoi jotzaile «aparta» dela nabarmendu du jaialdiak: «Inork ez du Espainiako jazza hark baino hobeto interpretatzen». Besteak beste, honako musikari hauekin lan egin izan du: Chick Corea, Paco de Lucia, Wagner Tiso, Camaron, Tete Montoliu, Alex Acuña, Gil Goldstein, Peter Erskine, Chano Dominguez, Javier Colina… «Europako jazzaren ahotsik sendoenetako bat eta musikari flamenkoen artean berritzaileena dela esan daiteke».

Chano Dominguez pianistak (Cadiz, Espainia, 1960) sari ugari eta nazioarteko aitorpena jaso ditu bere ibilbidean, jaialdiaren ustez, haren kalitatearen erakusgarri dena. Maiz izan da Donostiako Jazzaldian jotzen (1995., 1996., 1999., 2001., 2003., 2006. eta 2017. urteetan), eta ikus-entzuleak «beti gustura» utzi izan ditu; horixe txalotu dio jaialdiak. Besteak beste, Enrique Morente, Paco de Lucia eta Martirio, Herbie Hancock, Jack DeJohnette, Wynton Marsalis eta Stefano Bollani artistekin aritu izan da.

Hilaren 22tik 26ra egingo dute aurtengo jazzaldia. Pandemiaren eraginez, egitarau murritzagoa izango du aurten, eta neurri bereziak hartuta egingo dituzte emanaldiak. Viktoria Eugenia antzokian, Kursaalean, San Telmo museoan eta Trinitate plazan izango dira kontzertuak, eta hondartzan ez da kontzerturik izango. Lina, Mariza eta Salvador Sobral kantari portugaldarrak, Silvia Perez Cruz, Michel Portal, Anja Lechner, François Couturier, Oreka TX, Marco Mezquida, Bojan Z, Paul San Martin eta Mikel Azpiroz ariko dira aurtengo jaialdian.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.