Literatura

Iñaki Petxarromanek 'Lehendakariaren alaba' nobela plazaratu du

Klima larrialdia eta Euskal Herriko politika ardatz hartuta, thriller kutsuko istorio bat irudikatu du idazle eta kazetariak. Elkar argitaletxearekin eman du lan berria.

Iñaki Petxarroman idazle eta kazetaria,  nobela berria eskuetan hartuta, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Iñaki Petxarroman idazle eta kazetaria, nobela berria eskuetan hartuta, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2024ko apirilaren 16a
17:47
Entzun

Hainbat gertaerak Euskal Herriko egoera astindu dute 2026. urtetik 2040rako tartean. Baionan erbesteratu behar izan du EH Bilduko Jaurlaritzako lehendakariak; Ayusok eta Abascalek gobernatzen dute Espainia; euri faltagatik, ura negozio pribatu bilakatu da; tenperatura beroen eraginez, migratzaile ugarik jo dute penintsulatik euskal kostaldera; eta gazte ugarik egin du bat ETA Berri erakundearekin. Etorkizun hurbilean eta Euskal Herrian kokatutako istorio bat irudikatu du Iñaki Petxarroman idazle eta kazetariak, eta thriller kutsuko nobela plazaratu du Elkarrekin: Lehendakariaren alaba.

«Hau fikziozko lan bat da», argitu du lehenik eta behin egileak. «Nire asmoa ez da izan iragartzea etorkizuneko Euskal Herrian zer gertatuko den, baina bai etorkizunean koka litekeen istorio bat kontatzea». Idazten hasi zenean, 2040ko balizko Euskal Herrian girotutako istorio bat irudikatu nahi izan zuela azaldu du, eta aitortu geroari begira planetari eta Euskal Herriari buruz dituen «kezkek eta beldurrek toki dezente» hartu zutela. «Emaitza gisa, distopikotzat jo daitekeen errealitate bat irten da, segur aski». 

Istorioaren abiapuntuan, egoera politiko eta soziala irauliko lukeen ezohiko egoera larri bat jarri du egileak. Izan zitekeen gerra bat, edo pandemia bat, esan duenez. Kasu honetan, baina, ur eskasia da. Eta, egoera hipotetiko bat izan arren, Petxarromanek gogora ekarri du Iberiar penintsulan horixe gerta daitekeela aspaldi aurreikusi zutela Nazio Batuen Erakundeko klima larrialdiaren gaineko adituek. «Liburuak planteatzen duen hipotesia da Espainia, bere egoera larriari aurre egiteko, ura dagoen lekura joango dela ur bila; besteak beste, Euskal Herrira. Horrek talka politikoa eta soziala sortuko luke gurean». 

«Egoera fikziozkoa da, baina errealitate zantzuak erakutsi nahi nituen; benetan gerta daitekeen egoera bat irudikatu nahi nuen». IÑAKI PETXARROMANIdazlea eta kazetaria

Egoera horretan, migrazioak izango dira, autogobernuak «traba» egingo dio Espainiari, eta EH Bildu Eusko Jaurlaritzara iristean bat egingo du horrek guztiak. «Lehergarritzat jo dezakegun gertaera kate bat sortzen da, urarengerra hasten da, eta horrek hainbat ondorio larri dakartza». Errepresioa, erakundeen deuseztapena eta legez kanporatzeak aipatu ditu egileak, eta gehitu euskara eta euskal kultura ere ataka larrian leudekeela. «Gazte batzuek ezohiko egoera gogor horri sabotajeen eta armen bidez erantzutea erabakiko dute».

Testuinguru horretan txirikordatzen dira nobelako bi narrazio hariak. Batetik, 2040an gertatzen den istorioa, «non komando bateko hainbat kideren gorabeherak eta bizipenak deskribatzen diren». Eta bestetik, erbesteratuta dagoen lehendakariaren testigantza, «lehen pertsonan eta modu kronologikoan». Bi ildoak nobelaren amaieran batuko dira, «thriller politiko baten erritmoan osatzen den puzzle baten piezak elkarri lotzen diren moduan».

Pertsonaia nagusiak fikziozkoak direla ere zehaztu du egileak, nahiz eta zenbait politikariri egiazko izena utzi dien. «Egoera fikziozkoa da, baina errealitate zantzuak erakutsi nahi nituen; benetan gerta daitekeen egoera bat irudikatu nahi nuen». 

«Sinesgarri» den mundu bat

Petxarroman kazetari jardunagatik da ezaguna batez ere, 30 urte egin baititu Euskaldunon Egunkaria-n eta BERRIAn, baina bestelako lanak ere eman ditu. Horien artean, saiakerak eta kronika liburuak ondu ditu ugarien —Begirada bat Kubari (2007) eta Ezezagunerako bidaia. Mundua, klima eta ekologia krisian (2020), besteak beste—, baina fikzioa ere landu izan du —Kearen fiordoa (2015) nobela zuen orain artean berriena—. 

Halako istorioek xede batzuk bete behar dituztela uste du Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak, eta Petxarromanen liburu berriari hiru dohain nabarmendu dizkio: «Bat da entretenitua izatea, eta liburu hau halakoa da, ezin duzuna utzi bukatu arte, benetako jakin-mina pizten dizulako». Bigarrena, «marrazten duen munduak baduela barne logika bat, eta sinesgarria dela». Eta hirugarrena, lantzen dituen gaiek «pentsarazi» egiten dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.