Bigarren eguna izan zuen atzo Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen faseak. Saio bi jokatu ziren, Diman eta Muxikan, eta Iñaki Iturriotzek eta Ibai Amillategik irabazi zituzten.
Dimako eskolan egin zen saioetako bat, eta 182 punturekin gailendu zen Iñaki Iturriotz Zuluaga. Haren atzetik, honela geratu zen sailkapena: Aitor Arrutia Azkueta (180,5), Koldo Gezuraga Seijido (172,5), Ander Sarriugarte Garcia (167,5), Iker Garitagoitia Astigarraga (166) eta Peio Lago Iturriaga (129,5). Igor Menika izan zen gai jartzailea, eta Ander Txakartegi, Graxi Arregi, Jurgi Fuentes eta Ariane Elejabarrieta aritu ziren epaile eta idazkari lanetan.
Muxikan, ostera, Ibai Amillategi Omaetxebarria izan zen garaile, 195,5 punturekin. Segidan geratu ziren Inazio Vidal Gurrutxaga (184,5), Maite Sarasola Isazelaia (180), Peru Vidal Gurrutxaga (177,5), Naroa Torralba Rodriguez (154,5) eta Ana Picallo Perez (141,5). Zihara Jainaga aritu zen gai jartzaile lanetan, eta Beñat Romero, Garazi Mendoza, Miriam Juaristi eta Itziar Basterretxea izan ziren epaileak eta idazkaria.
Aulestin eta Sopelan hurrengoak
Datorren asteko saioak Aulestin eta Sopelan izango dira, 18:30ean. Guztira, zortzi kanporaketa jokatuko dira, eta puntuazioz sailkatuko dira udazkenean hasiko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako.
Saio guztietarako sarrerak esteka honetan daude eskuragarri.