Iñaki Beobideri eginiko lana Antzerkizale sariarekin aitortuko dio EHAZEk

Jarrai antzerki taldeko zuzendari ohiak hilaren 27an jasoko du saria, Villabonan, lehen Antzerkizale Egunean

Ainhoa Sarasola.
Villabona
2010eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Euskarazko antzerkiaren etorkizunaren alde lan egiten duen elkartea izanik, aurrera begira jarri du bere ahalegina EHAZE Euskal Herriko Antzerki Zaleen Elkarteak. Ordea, badaki bere proiektua ez dela «ezerezetik» sortu, eta, horregatik, atzera begiratu du lehen Antzerkizale saria nori eman erabakitzeko. 1960ko hamarkadako euskal antzerkiaren sustatzaile nagusietako bati orduko lana aitortzea erabaki du. Iñaki Beobidek (Zumaia, Gipuzkoa, 1934) jasoko du I. Antzerkizale saria. Hilaren 27an Villabonan (Gipuzkoa) egingo den I. Antzerkizale Eguneko ekitaldian emango diote saria.

«Nondik gatozen jakite aldera, gure historia hurbilenari begira jarri gara, eta 1960ko hamarkadan jarri dugu arreta, hamarkada horretakoak baitira gaur egungo antzerkigintzaren aurrekariak», azaldu du Idoia Gereñu elkarteko idazkariak. Urte haiei erreparatuta, Beobideren izena nabarmentzen dela uste du EHAZEk. Euskararekiko kezkak bultzatuta, Jarrai antzerki taldeko sortzaileetako bat izan zen. «Haren zuzendaritzapean, euskal antzerkiaren barruan korronte berritzailearen buru bihurtu zen Jarrai taldea», Gereñuren hitzetan.

Frankismoko urteetan, «badaezpadako baldintzetan», Donostiako Aurrera jatetxearen azpikoetan elkartzen ziren Jarraiko kideak entseatzeko. Besteak beste, Arantxa Gurmendi, Ramon Saizarbitoria, Txaro Arteaga, Xabier Lete, Axel Egaña, Rikardo Ugarte, Xabier Goenaga, Mertxe Uranga eta Mikel Forkada izan ziren taldeko kide. Hamar urteko ibilbidean hogei antzezlan taularatu zituen, «arrakasta handiz».

Bide berritzailea

Beobideren zuzendaritzapean, Jarraik hainbat berrikuntza ekarri zizkion euskal antzerkigintzari. Batetik, lantzen ziren gaiekiko haustura ekarri zuen. Nekazari giroko eguneroko gaiak nagusi zirenean, «euskal eszena gaurkotzeko kezkak bultzatuta», orduko gizartearen isla izan zitezkeen gai eta gatazkak taularatu zituen taldeak, eta «antzerki unibertsalagoa eta kritika eduki nabarmenagoa» zuena landu zuen.

Halaber, itzulpenaren bidea ireki, eta atzerriko antzerkigile ezagunen lan ugari antzeztu zituen, euskal egileenak baztertu gabe betiere, Gabriel Aresti, Piarres Larzabal eta Monzonenak, besteak beste. Hizkuntzarekiko kezkak bultzatuta, berriz, euskara batuaren alde apustu egin zuen. «Hitz batean laburtuz, korronte modernoetara eraman zuten hemengo antzerkia».

Horregatik guztiagatik emango diote saria hilaren 27an, Antzerkizaleen Egunean egingo den ekitaldi nagusian, Villabonako Gurea antzokian. Ekitaldi horrez gain, egun osorako egitaraua prestatu du elkarteak. Antzerkizale eta euskaltzaleei bertaratzeko deia egin die Josu Camara elkarteko lehendakariak, antzerkia euskarara hurbiltzen eta euskarazko antzerkia «ikusgarri» egiten laguntzeko. Bide horretan urratsak egin dituzten lagunak omendu eta urtero halako egun bat antolatzeko asmoa du aurrera begira EHAZEk.

 

Antzerkizale Eguna



EGITARAUA

11:00: Antzerkizale Egunaren hasiera, Errebote plazan.

11:30: Kalejira eta pregoia Porrotx eta Marimototsekin. Ondoren, Poxpolo eta Konpainia.

13:15: Kale animazioa antzerkiarekin: Alproja, Kukuka...

14:30: Herri bazkaria.

16:30: Haurrentzako txokolatea eta buruhandiak.

17:30: Antzerki pieza motzak: Ixabel Agirresarobe eta Mikel Laskurain, Hiru Alanbrikak, Battitta Lau Ttitta eta Abarka.

20:00: Ekitaldia Gurea antzokian. Beobideri saria emango diote; besteak beste, Edurne Agirrezabalaren Sarean zintzilikatua obra eskainiko dute.

23:30: Dantzaldia DJ Bullekin, gaztetxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.