Kulturgilea, orokorrean, eta kultur sustatzailea, zehazki. Gerra ondorengo frankismo garaian, euskal kulturari eskeletoa eraikitzen egin zuen lan Iñaki Beobidek (1934, Zumaia, Gipuzkoa- Donostia), antzerkigintzan lehenik —Donostiako Jarrai antzerki taldea sortuz—, diskogintzan gero —Herri Gogoa diskoetxea abiatuz—, eta telebistan azkenik —ETBren sorreran inplikatuz eta bertako produkzio arduradun lanetan arituz—. Euskararen aldekoa, beti. Gakoa da haren izena 1950eko hamarkadako euskal kulturgintzaren nondik norakoa ulertzeko. Bart gauean hil da, 89 urterekin.
Eragile hitzarekin defini daiteke Beobide. Jarrai antzerki taldea ez ezik, Herri Gogoa ez ezik, eta ETB ez ezik, beste hamaika egitasmoren parte ere izan zen. Antzerti aldizkariaren sorreran ere hartu zuen parte, adibidez. Gazte naiz atala sortu zuen Ramon Saizarbitoriarekin batera, Zeruko Argia aldizkarian. 70eko hamarkadaren hastapenetan, Irakur saila sortu zuen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegirekin eta Benito del Vallerekin batera, euskarazko liburugintzan eta hezkuntzan ere eragiteko.
Euskara eta modernitatea
Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak ere saritu zuen haren jarduna 2010. urtean, Jarrai antzerki taldea sortzen eta gero zuzentzen egindako zortzi urteko lanagatik. «Korronte modernoetara eraman zuen hemengo antzerkia». Albert Camusen eta Tenesse Williamsen eta nazioarteko beste hainbat autoreren lanak ez ezik, Martin Ugalderen, Xalbador Garmendiaren, Telesforo Monzonen eta Gabriel Arestiren obrak ere taularatu zituen konpainiak. Gerediaga elkarteak ere Argizaiola sariarekin aitortu zuen haren lana hurrengo urtean. «Mende erdian zehar denetariko euskal kultura alorretan egindako lan eskergarengatik».
Hutsunea non, Beobide han. Unean uneko premiei erantzuten erretratatu zuen Juan Luis Zabala kazetariak, 2011. urtean BERRIA egunkarian eman zion elkarrizketan. «Antzerkiaren munduan ahal genuena egin eta gero, hutsune izugarri bat ikusi nuen arlo horretan, diskogintzan». Hala sortu zuen Herri Gogoa diskoetxea, 1967an, Edigsa etxearen babespean. Urnietan (Gipuzkoa) egin zituzten lehen grabazioak, Bartzelonatik horretarako ekarritako ekipo batzuekin. Sasoiko kantagintzako musikaririk esanguratsuenak pasatuko ziren handik, eta Ez Dok Amairu taldeak izen hori hartu baino lehenagoko lehen emanaldia ere Beobidek eta Jarrai antzerki taldeko kideek antolatu zuten.
Telebistarako jauzia
Eta berriz hutsunea. Musikan hamalau urte eman ondoren, berriz ere jauzi egin zuelako Beobidek. Hala kontatu zion erabakia BERRIAri. «Hamalaugarren urterako, diskogintzako kontuak nahiko ondo zeudela jabetu ginen, baina sumatzen genuen bazegoela beste hutsune bat, eta hori zen telebista». Hain zuzen, Eusko Jaurlaritza sortu berrian Ramon Labaien kontseilariaren laguntzaile aritu zen Beobide. Irratirako eta telebistarako eskola sortu zuten lehenik, profesionalak prestatzeko, eta, 1982an Hanburgora bidaia bat egin ostean, ETB nola sortu zuten kontatu zuen Beobidek Jakin aldizkarian. «Hanburgo bertako estudioetan egon ginen berrogei lagun. Bueltan, Euskal Telebista sortu zen; etxea bukatu gabe ere, emititzen hasi ginen gauerdian, urtarrilaren 1ean».
Frankismoak gogor kolpatutako etxe batean hazi zen Beobide, eta zentsura ere ezagutu zuen diskogintzan hasitakoan.
«Urteetako zapalketa bortxaz lehertu zen orduan». Hala gogoratu zuen 60ko hamarkadako giroa Beobidek, Jakin aldizkarian. Euskal kulturaren 60ko hamarkadaren bihotzean eman zuen gaztaroa. Eta argi izan zuen bere kokapena hasieratik. Anaitasuna aldizkarian, esaterako, argi lerratu zen modernitatea euskaraz uztartzearen alde, 1966ko artikulu batean, gitarrarekin euskaraz kantatzeagatik, Ez Dok Amairuren bueltako sortzaileen aurkako kritikak hasi zirenean. «Gaztediak ez ditu abesti zaharrak gorrotatzen […]. Nahi gabe, ordea, telebisio, irrati, disko eta abarrek beste erritmo batzuetara eramaten du. Zergatik orduan berari atsegin zaion doinuari euskal hitzak eman ez? Hori ezin diteke iñola ere, euskararen aurka joatea. Euskara, beste hizkuntza guztiak bezala, erabiltzeko da».
Frankismoa eta zentsura
«Nire aita zazpi urte nituela ezagutu nuen Bilboko Larrinaga espetxean». Frankismoak zuzenean kolpatutako etxe bateko seme izan zen Beobide, Patxi Sarriegik 2004an Jakin aldizkarian egin zion elkarrizketan irakur daitekeenez. 36ko gerran ihes egin behar izan zuen haren aitak, espetxean urteak eman zituen gero, eta Beobide oraindik gazte zela hil zen. Haren amak atera behar izan zuen aurrera Iñakik eta beste hiru anai-arrebek osatutako familia.
Herri Gogoan diskoetxean zebilenean, zentsurarekin izandako enkontruen berri ere eman zion Beobidek orduko hartan. «Gogoratzen naiz, beste batean ere, zentsurari amore emateko kantu bati izena aldatu behar izan geniola, eta hitz lerrokada oso bat bere horretan kendu behar izan genuela era nabarmenean. Kontua zen kantua grabatuta genuela ordurako, eta ezin genuela besterik egin. Zentsura pasatzeko, beraz, disko barrenean sartzen genituen hitzen orria beltzez tindatu eta besterik gabe aurrera egin genuen. Benito Lertxundiren disko bat zela ondo gogoan dut».