Lejos del mar Imanol Uriberen (1950) azken pelikulak ikusleen irriak, are algarak, eragin zituen herenegun arratsaldeko emanaldian. Barreak, gainera, unerik dramatiko eta gordinenetan. Izan ere, kasualitatez eta tupustean sortzeko ia-ia ezinezko gertatzen den harreman bat kontatzen du pelikulak: militar bat hiltzeagatik kartzelan 22 urte pasatu dituenSanti Argote Bengoa (Eduard Fernandez) etakidearen eta biktimaren alaba ezkonduaren artekoa, zeina egun Andaluzian bizi den. Halako zerbait gertatzea posible ote den galdetuta, erdi harrituta bezala erantzun du Uribek: «Zergatik ezin da gertatu, bada?».
Gin-tonic bat edaten duen bitartean eta betiere besoak gurutzatuak dituela erantzun die galderei, hogei bat minutuz. «Telebista piztu, eta egunero ikusten duzu ezinezkoak ziruditen gauzak gerta litezkeela» Noski, horretarako baldintza egokiak eman behar direla dio. «Patua eta beste...».
Zinemagile euskal herritar beteranoak argi utzi nahi du ez duela politikoki posizionatzeko asmorik eduki; ez dela haren intentzioa izan dogma bat ezartzea, paradigmatikoa izatea. «Saiatu naiz politikatik ahal bezainbeste urruntzen». Gizakien arteko harremanei buruz mintzatu da. «Biolentziak batzuengan zein besteengan eragindako kalteei buruzkoa da pelikula». Erakutsi asmo du nola eragiten dien horrek pertsonen arteko harreman intimoei.
Pertsona horiek elkartzea eta horiek «elkarrekin ibiltzen» jartzea izan da haren ahalegina. «Eta, noski, biolentziak sortutako mina barneraino itsatsita daukatenek kontraesan asko dituzte». Horrela azal daiteke, beharbada, pelikularen amaiera. «Saiatu nintzen bukaera positibo bat egiten, baina ezin; ez dut esan nahi, ordea, ezin denik, e?».
Santi humanizatuz
Orain arte euskal gatazkaz edo horren ondorioez egin diren lanetan, pertsonaien alderdi ideologikoa nabarmendu izan da, sentipenen gainetik. Lejos del mar-en planteamendua bestelakoa da. Etakidea ere humanizatzen du, nolabait esanda, eta besteenjarrera da kasu honetan biolentoa.
Santik bizilagun dituenena, adibidez. Sotoko kartzelan ezagututako Emilio preso «junkiearen» eskutik helduko da Almeriako kostaldeko herri batera, eta hasieran Emilioren aitak eta gainerakoek begi onez hartuko dute. Espetxetik Parot Doktrinaren ondorioz ateratako bat dela jakiten dutenean, aldiz... «Emilioren aita, Santi miresteari utzi, eta gorrotatzen hasiko da, erradikalki. Halako jarrerak elikatzen dira [Espainiako] zenbait esparrutan, komunikabideek bultzatuta».
Zenbait jendek adierazi dio Uriberi Santiren pertsonaia «maitagarria» dela. «Zergatik ez da, bada, izango!», erantzun izan die. Días contados (1994) Uribek gaiari buruz egin duen beste pelikuletako bateko protagonista ere, Antonio etakidea (Carmelo Gomez), «oso humanoa» zela komentatu izan diote. «Zergatik ez zen, bada, humanoa izango! Gauza batek ez du bestea kentzen». Santiren pertsonaiaren kasura estrapolatu du arrazoiketa. «Egin duena egin du, baina Emiliorekin harreman goxoa, intimoa dauka, eta hori asko gustatzen zait». Jende bat sutu egin zaio halako pertsonaia bat sortu duelako. «'Hori ezin da sinistu! Ezinezkoa da!', esan izan didate. Nola ez dela sinesgarria?»
Pelikulak kalean eztabaida eragiten baldin badu,Uribe gustura geratuko da. «Badakit zaila dela filma aurreiritzirik gabe ikustea... Tira, uste dut eser zaitezkeela eta eramaten utzi». Gertatu den guztiari pisua kendu nahi dio. «Hori da ideia. Gertatutakoa gertatu bada ere, saia gaitezen gauzak beste modu batean ikusten». Ez oso aspaldi gertatu da dena, baina. «Badakit, baina noizbait hasi beharko dugu horri buruz hitz egiten...». Elkarrekin bizitzen jakitea da gakoa, Uriberen iritziz: «Saia gaitezen behintzat, nahiz eta gero, agian, inora ez iritsi horrela».
Pelikula osatzeko ez duela dokumentazio lan apartekorik egin nabarmendu du. «Beharrezkoa zena baino ez, ez bainuen zerbait adierazgarri egin nahi». Iñaki Rekarte 21 urte kartzelan igaro zituen etakidearen istorioaren berri, esaterako, behin pelikula osatuta zeukanean eduki zuen. Santi bestelakoa dela pentsatzen du: «Ez da damutu politiko bat. Santi, gaztaroan beste batzuk bezala, istorioa horretan sartu zen, eta atentatu bat egin zuenean praketan kaka egin zuen. Atera egin nahi izan zuen, harrapatu zuten, eta kartzelara. Baina haren kasua nahiko bakana da. Gehienek borrokan sinetsiz eta batuta jarraitu dute espetxean».
Kazetari batzuen esanetan, gatazkari buruzko pelikulen trilogia itxi du Uribek Lejos del mar-ekin, 1980ko hamarkadan La muerte de Mikel (1984), eta 1990ekoan Días contados (1994) ondu ondoren. Trilogiarenari ez dio garrantzi handirik ematen. Iruditzen zaio, dena den, beste bi film horiek «konnotazio politiko» gehiago zituztela. «Hirurak bateratzen dituena da hirurak mintzo direla bikote harremanez, nahiz eta testuinguruak diferenteak izan».
Eta izenburuak iradokitzen duenari dagokionez, «oso irekia» delakoan dago. «Hasieran, adierazi nahi zuen Santik itsasotik urrun igaro duen denbora. Gero, gidoia garatu ahala, ikusi genuen izan zitekeela itsasoa oso hurbil bezala oso urrun dutela; Marinaren aita Kantauri itsasoan hil zuten, eta Santi eta Marina Mediterraneo itsasoan elkartzen dira....». Uriberen aburuz, gerta daiteke Lejos del mar-ek kontatzen duena.
Donostiako Nazioarteko 63. Zinemaldia. Sail Ofiziala
Imanol Uribe: «Zergatik ezin da gertatu?»
Kartzelan 22 urte igaro dituen etakide baten eta hil zuen pertsonaren alabaren arteko harremana kontatzen du 'Lejos del mar' filmak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu