Pradalesek Lehendakaritzara gonbidatu du Fermin Muguruza, «bizikidetzaz eta memoriaz hitz egiteko»

Eusko Jaurlaritzako Justizia sailak espetxeetan kultur ekitaldiak egiteko baldintzak zorroztuko dituela iragarri ostean, musikariak adierazi zuen jakin nahi zuela Lehendakariak erabakiaz zer pentsatzen duen.

Imanol Pradales lehendakaria, artxiboko argazki batean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Imanol Pradales lehendakaria, artxiboko argazki batean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
mikel lizarralde
2024ko azaroaren 20a
19:51
Entzun

«Memoriari eta biktimei, espetxe politikari eta adierazpen askatasunari eragiten dieten gaiak nahikoa serioak dira inora eramaten ez gaituzten planteamendu mediatiko antzuekin aritzeko haietaz». Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak horrela erantzun dio, gaur, Fermin Muguruzak atzo eginiko eskaerari. Musikariak kontzertua eman zuen larunbatean Martuteneko espetxean, Donostian, eta, han Sarri, Sarri kantua interpretatu zuela eta, Justizia Sailak zera jakinarazi zuen atzo, ohar bidez: gogortu egingo dituela espetxeetan kultur emanaldiak egiteko baldintzak. Horren inguruan, Muguruzak adierazi zuen «atzerapausoa» dela Eusko Jaurlaritzak orain erabakitzea kultur ekitaldiei baldintzak zorroztea, eta, lehendakariari mintzatuz, esan zuen jakin nahiko lukeela zer pentsatzen duen Pradalesek erabakiaz.

Gaur erantzun dio lehendakariak Muguruzari, eta adierazi du Jaurlaritzak «bere erabakia» eman duela, eta ez duela horren inguruan «gehiago» esateko. Hala ere, gaineratu du prest dagoela musikariarekin hitz egiteko: «Muguruzak hitz egin nahi badu bizikidetzaz eta memoriaz, bere osotasunean, Lehendakaritzako ateak irekiak ditu solasaldi zintzo bat izateko».

Bide batez, Pradalesek Muguruza zoriondu du, «Anoetako bere kontzertua oso arrakastatsua izango delako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.