Etzi beteko dira 75 urte Imanol Larzabal abeslaria jaio zenetik—2004ko ekainaren 25ean hil zen—, eta, urteurrenaren karietara, hura oroitzeko omenaldia egingo dute ostiralean eta larunbatean: besteak beste, abeslariaren inguruko dokumental bat proiektatuko dute etzi, On Time ekoiztetxeak sortu berria, eta kontzertu berezi bat ere egingo dute larunbatean. Bederatzi artistak parte hartuko dute: Amaia Zubiriak, Olatz Salvadorrek, Maria Amolategik, Olatz Pratek, Joxan Goikoetxeak, Txema Garcesek, Iosune Marinek, Telmo Trenorrek eta Beñat Mujikak. Imanolen kantuen bertsioak egingo dituzte. Bi ekintzak Donostiako Lugaritz kultur etxeko Imanol Larzabal aretoan izango dira.
Kontzerturako sarrerak salgai daude jada Viktoria Eugenia antzokian, Antzoki Zaharrean eta Lugaritz kultur etxean, baita Donostia Kulturaren webgunean ere. Dokumentalaren emanaldia, berriz, doakoa izango da —gonbidapenak eskuragai daude, toki beretan—. Larunbatean, kantu jira eta bazkari herrikoia ere egingo dituzte. Imanolen Lagunak kolektiboak antolatu du haren oroimenezko ekitaldia, Donostia Kulturak lagunduta. Bestalde, Elkar argitaletxeak Imanol: Kantatzen du kantuz disko-liburua aurkeztuko du bihar; Imanolen ondarearen antologia biltzen du lanak.
Ez da lehen aldia Imanolen inguruko dokumental bat egiten dutena. Oraingoan, hemeretzi pertsonaren lekukotzak bildu dituzte, eta bederatzi musikarirekin bertsioak sortu. Imanol: azken kontzertua izenburupean aurrestreinatuko dute. 70 minutu irauten du dokumentalak, eta sortzaile eta abeslariaren ibilbidearen errepasoa egiten du, «batez ere haren kultur ekarpenari garrantzia emanez». Lekukotzen artean, bat ekarri du gogora Joxan Goikoetxea musikariak; Xabier Amurizarena, hain zuzen: «Hark esaten du: 'Ez gara futurologoak, baina hemendik 40 edo 50 urtera zer geratuko den galdetzen badiogu geure buruari, nik ziur daukat: Imanolen ahotsa eta Imanolen kantuak'. Nireak egiten ditut hitz horiek».
Goikoetxearen arabera, garrantzitsua da perspektiba edo distantzia pixka batekin neurtzea zein den Imanolek utzitako legatua, eta uste du, denboraren galbahea pasatuta, haren errepertorioko kantu «asko eta asko» geratu direla. «Bisio horrek ematen duen emaitza izan daiteke dokumentala». Aipatu duenez, hiru belaunalditako jendea agertzen da. Transmisioari ere garrantzia eman dio, eta poesia musikatzeko orduan Imanolek zuen abilezia goraipatu. Baita lanerako zuen grina ere.
Iñigo Kintana aritu da dokumentalaren edizio eta muntaketa lanetan, eta adierazi du Imanolen bizitza «bidaia» bat izan zela. «Horrela osatu eta tratatu dugu dokumentala». Hainbat leku ageri dira. Piezarekin jendea hunkituko dela iritzi du.
Memoriaren alde
Imanol hil zen urtean, 2004an, eratu zuten Imanolen Lagunak elkartea, helburu «argi» batekin: haren memoria aldarrikatzea eta egindako lana merezitako tokian jartzea. Maite Berzosa kolektiboko kideak esan duenez, «ahanzturaren kontrako jardunari» ekin zioten: «75 urte beteko zituen aurten, eta iruditu zitzaigun garai egokia zela berriro halako omenalditxo bat egiteko». Haren auzoa (Antigua) eta aretoa aukeratu dituzte horretarako: «Haren kantuek aberastu egin gintuzten, eta hori zabaldu nahi dugu».
Jon Insausti Donostiako Kultura zinegotzia ere aurkezpenean izan zen, eta esan zuen Donostia hiri «emankorra» dela sortzaileei dagokienez: «Imanolek ere utzi zigun bere legatua: musikala, intelektuala eta etikoa».
1969an grabatu zuen Imanolek bere lehen disko txikia, magnetofono batekin, Antiguako parrokiako sotoan: Michel Etxegaray ezizenaz atera zuen, frankismo garaian. Diktadura betean, 1971n Ipar Euskal Herrira erbesteratu zen, eta Ziburun jarri zen bizitzen. Parisera ere joan zen sarri.
Hainbat musika mota jorratu zituen bere ibilbidean: kantagintza, jazza, rocka, musika tradizionala... Harenak dira disko hauek, besteak beste: Herriak ez du barkatuko (1974), Lau haizetara (1977), Sentimentuen hauspoz (1979), Muga beroetan (1989) eta Versos encendidos (2003).
ETAko militantea izan zen 1976ra arte. 1986an, Dolores Gonzalez Katarain Yoyes ETAko buruzagi ohiaren hilketa zela-eta, Ordizian kantatu zuen, eta, harrezkeroztik, haren kantaldi kopurua murriztu egin zen. Kantariari babesa eta elkartasuna azaltzeko, Beldurraren kontra kontzertua egin zen Belodromoan, Imanolen adiskideen eta Espainiako hainbat kantariren parte hartzearekin. Kontzertuaren antolakuntzak polemika bizia piztu zuen euskal kulturgileen artean. Euskal Herritik Alacantera (Herrialde Katalanak) joan zen bizitzera, eta Oriolan hil zen.
Imanol Larzabalen omenezko dokumentala eta kontzertua emango dituzte asteburuan
Imanolen jaiotzaren 75. urteurrena dela eta, omenaldia egingo diote. Hemeretzi lagunen lekukotzak bildu dituzte dokumentalean; etzi izango da aurrestreinaldia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu