«Nire euskaltasuna baso bat da,/ eta ez du zuhaitz genealogikorik./ Nire euskaltasuna dorre bat da,/ eta ez du Alostorrerik./ Nire euskaltasuna bide bat da,/ eta ez du zaldizkorik». Imanol Larzabal musikaria iceberg batekin parekatu du Ainara Ortega abeslariak, eta, azaldu duenez, bere kasuan, Nire euskaltasuna abesti ezaguna izan zen izozmendiaren punta. Gero joan zen azpian zegoen guztia ezagutzen. Eta tontorrarekin batera, haren azpian deskubritutakoa ere azaleratzea da orain Imanol jazz emanaldiaren helburua. Loraldia jaialdiak gonbidatuta, Imanolen hainbat kanta jazz lengoaiara moldatu dituzte Iñaki Salvador eta Karlos Gimenez piano jotzaileek, eta Juan Luis Perez Mitxelena Petti eta Ortegarekin batera eskainiko dituzte Azkuna Zentroan bihar. «Imanol beste leku batzuetatik ekartzea da gure erronka goxoa», laburbildu du Ortegak.
Imanolekin urte luzez lan egindakoa da Gimenez, eta hark sortutakoak dira abeslariaren kanta ezagunenetako batzuk. 1979an hasi ziren elkarrekin lanean, eta hainbat disko argitaratu zituzten elkarrekin geroztik. «Beti oso lotuta egon dira», azaldu du Ortegak. «Izan dira bikote bat musikatik harago doana. Oso tandem ederra osatu dute, bai musikala eta bai pertsonala ere». Salvadorrek ere gertutik ezagutu zuen Imanol azken urteetan, eta harekin lan egina da hainbat kontzertu eta diskotan. Eta bi piano jotzaileek osatu dute horregatik ikuskizunaren bizkarrezurra.
Piano banarekin arituko da bakoitza agertokian, eta Petti eta Ortega arituko dira abeslari. Elkarrekin guztiak, Imanolen abestiak eskaintzen.
Eta, hain zuzen ere, Gimenezek eta Salvadorrek egindako transmisio lan hori txalotu du Ortegak. «Eskertzekoa da hurrengo belaunaldiko musikariok nola nahi izan gaituzten gerturatu Imanolen unibertso horretara, eta iruditzen zait aberasgarria dela bi belaunaldiak elkarrekin agertokian egotea».
Imanolen musika izango da emanaldiko protagonista nagusia, baina antolatzaileek aurreratu dutenez, mikrofono bana ere izango dute Gimenezek eta Salvadorrek, eta, beraz, ziurrena da abestiekin batera azalpen eta anekdota batzuk ere tartekatzea.
Bi piano jotzaileen arteko konplizitatea nabarmendu du Ortegak. «Aldi berean joko dute. Ez da hori lan erraza, baina elkar oso ongi ulertzen dute, bai pianoan eta baita bizitzan ere. Oso-oso lagunak dira, eta elkarren begirada behar dute elkar entzuteko. Aldi berean joko dute, eta, noizbehinka, joko du batek eta gero besteak, baina, orokorrean, batera».
Ez zaio arrotza Imanolen musika Ortegari ere. 2012an, esaterako, Imanolen kanten bertsio lehiaketa bat irabazi zuen Zure tristura eta Nire euskaltasuna abestien moldaketekin. Bestela ere Iñaki Salvadorrekin batera maiz abestu ditu haren kantak zuzenean, eta Gimenezekin ere hainbatetan aritutakoa da Ortega, baita, tartean, Imanolen omenezko kontzertu batean ere.
Hunkitu egiten dute Imanolen kantek kantaria. «Zure tristura abestia entseguetan ez dut bukatzen», onartu du. «Ezin dut abestu. Akabo. Iruditzen zait maisulan bat. Ez duzu ulertzen nori buruz edo zeri buruz ari den, baina badu abesti horrek misterio mingarri bat».
Eskainiko dute kanta hori emanaldian, eta horrez gainera, Ausencia, Oroimeneko portua eta beste hainbat kanta ezagun ere eskainiko dituztela aurreratu du Ortegak. Hain ezagunak ez diren beste abesti batzuk ere joko dituzte, gainera. Tarteka elkarrekin abestuko dute Pettik eta Ortegak, eta txandaka ere arituko dira beste batzuetan. Eta abeslariak azaldu duenez, «sorpresak» ere izango dira emanaldian.
Imanolen bueltan ibilitako musikariak ere izan ditu gogoan Ortegak. Gimenez, Salvador, Amaia Zubiria, Txema Garces, Anjel Unzu... Eta itzaleko lan hori txalotu du. «Horiek denek eraiki dute Imanol, denek batera».
Jazza eta inprobisazioa
Jazz ukitua izango dute moldaketek, ikuskizunaren izenburuak adierazten duen bezala, baina Ortegak erlatibizatu egin du etiketaren zama. «Jazz hitzarekin batzuetan iruditzen zait saiatzen garela esparru zabal bat hartzen. Jazz hitza jartzen diogu, baina akaso izan zitekeen inprobisazioa edo halako zerbait. Mugarik gabeko zelai zabalak dira jazza. Eta akaso kontzertua ikustera joaten denak espero duena baino jazz gutxiago jaso dezake [barrez]. Hori ere gertatzen da batzuetan».
2016an Loraldiak Mikel Laboari egindako jazz kutsuko omenaldia da guztiaren abiapuntua, Aitor Narbaiza Loraldia jaialdiko zuzendaritza taldeko kideak zehaztu duenez. Laboaren abestiak egokitu zituen ordukoan Salvadorrek, eta Ortegaz gainera, Anjel Unzu gitarra jotzailea eta Maria Berasarte abeslaria izan zituen lagun ordukoan. Narbaiza: «Oso ondo atera zen, eta oso pozik gelditu ginen. Eta aurten Imanoli omenaldi bat egitea pentsatu, eta berriz ere Iñakiri [Salvadorri] deitu diogu».
Ez da Imanolena gisa horretako omenaldi bakarra jaialdian. Narbaizak azaldu duenez, transmisioa da Loraldiaren helburua, eta horregatik programatu dituzte, adibidez, Antton Abadiari, Estitxuri eta Oteizari eskainitako ikuskizunak, eta horregatik Imanolen ikuskizuna ere.
Imanol iceberga
Imanolen abestiak jazzera egokituko dituzte Iñaki Salvador, Karlos Gimenez, Ainara Ortega eta Petti musikariek. Bihar estreinatuko dute 'Imanol Jazz' ikuskizuna Loraldia jaialdian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu