Musika

Imanol Arregi 'Iturbide' hil da

1970eko hamarkadan pandero jotzaile nabarmenetako bat izan zen. Bizipoza, festa giroa eta dantzarako gogoa zabaltzen saiatu zen beti.

Imanol Arregi 'Iturbide' pandero jolea. ESTITXU ELDUAIEN
garbine ubeda goikoetxea
2023ko irailaren 13a
15:43
Entzun

Azpeitian sortu zen Imanol Arregi Iturbide, 1935ean, hain zuen, Loiola auzoko Iturbide baserrian. Hamar senideren artean zaharrena zen.

Gerraondotik zetorren belaunaldia ongi ezagutzeko aukera izan zuen, eta, soinu jole haiekin ez ezik, askoz geroago plazaratutakoekin ere aritu zen. Besteak beste, Pikua, Errota, Epelde eta Laja izan zituen bikotekide.

Makina bat erromeria alaitutakoa zen, eta plaza gutxi utzi zituen egin gabe. Bizipoza, festa giroa eta dantzarako gogoa zabaltzen saiatu zen beti.

15 urte zituela jo zuen estreinakoz jendaurrean. Urrestillako taberna batean izan zen. Hara ekarritako soinujoleak, Antonio Buenetxea Txankarta-k laguntzailea behar zukeela eta, pandero bat jarri zioten eskuetan, eta esan: «Iturbidetarra haiz eta asmatuko duk». Izan ere, pandero jole bat baino gehiago zituen familian, tartean osaba ezaguna, Sakabirekin eta Auntxarekin ibilitakoa. Nori begiratua beharbada bai, baina artean panderorik ez etxean eta igitaia joz zaildu zen.

Urrestillako saio harez geroztik askotan eskatu zioten jotzea. «Lotsa ematen», ordea. Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen ekimenez, Iturbide, igitai jolea biografia-liburua idatzi zuen Amagoia Gurrutxagak. Bertako narrazioan agerikoa denez, lanak izan zituen bere jarduna eta trebezia asumitzen. Pandero jotzaile «behartua» zela esaten zuen. «Panderista jaio egin behar da. Panderista da berez bokazioa daukana, eta nik ez neukan. Nik erraztasuna eta festaren bokazioa nituen».

Soldaduskan zela heldu zion serioago. Asteburuetan libratzeko aukera ematen zionez, pandero bat eros ziezaioten eskatu, eta gogotik entrenatu zen.

Gerora, beste hainbat lanetan baino hobeki kobratzen zuelako, «horretara dedikatzea» erabaki zuen. 36 urte bazituen ordurako. Trikitilarien lanari balioa ematen eragin handia izan zuen Iturbidek. Trikitilariak ere artistak zirela eta behar bezalako ordaina zor zitzaiela aldarrikatu zuen, sarri, baserritar arlote jotzen zituzten lekuetan egin ere.

Tradizioaren alde

Plaza, erromeria, festa eta ezkontzetan ez ezik, Trikitixa Txapelketetan ere parte hartu zuen. Lau txapel jantzi zituen, lehen hirurak Lajarekin, 1974an, 1975ean eta 1977an, eta azkena, berriz, 1985ean, Miren Etxanizekin. Trikitilari Txapelketen karietara belaunaldien arteko talka lehertu zenean, tradizioaren aldarri ozena egin zuen.

Hainbat diskotan ageri da haren artea. Bere lehen grabaketa Enrike Zelaia soinu jolearekin egin zuen 1972an, Euskalerriko Erromeria izenburupean. Trikitilariak diskoan ere parte hartu zuen Lajarekin, eta Urrestillako Trikitixa izeneko diskoa Antonio Aranaga Auntxa soinu jolearekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.