Ilustrazioekin jolasean, Donostiako Santa Teresa komentuan

Irene Irureta, Maite Caballero, Ane Arzelus, Arrate Rodriguez eta Sandra Garaioaren ilustrazioak bildu dituzte 'Gutxi esan, asko jolastu' erakusketan. Donostiako Santa Teresa komentuan jarri dituzte lanak, eta irailaren 8ra arte egongo dira ikusgai.

'Gutxi esan, asko jokatu' erakusketa, Donostiako Santa Teresa komentuan. GORKA RUBIO / FOKU
'Gutxi esan, asko jokatu' erakusketa, Donostiako Santa Teresa komentuan. GORKA RUBIO / FOKU
Donostia
2024ko abuztuaren 20a
05:05
Entzun

Adineko bi lesbianaren limoiondo bat, munstro «naifak», kateatutako edertasun anitz... Donostiako Santa Teresa komentuko Ataria gunean sartu, eta askotariko formaz eta kolorez betetzen hasten dira ikuslearen begiak. Ez da hitzik kasik, ordea; ezpada irudiak: zehatzago, ilustrazioak. Jolas egiteko gonbita egiten duten obrak dira. Ilustrazioaren kategorian iaz Egile saria jaso zuten bost artista plastikoren lanak aurkeztu dituzte Gutxi esan, asko jolastu erakusketan. Irene Irureta, Maite Caballero, Ane Arzelus, Arrate Rodriguez eta Sandra Garaioak jarri dituzte euren lanak ikusgai, eta irailaren 8ra arte bisitatu ahalko dira.

Beren proiektuetan —argitalpenak, produkzio grafikoa eta marrazkiak— aniztasunari, zaintzari, gorputzaren bidez nortasuna eraikitzeari zein norberaren unibertsoari leiho bat irekitzen diote erakusketako bost artista protagonistek. Egile(ak) zikloaren bigarren eta azken erakusketa da ireki berri dutena —lehena, Bidegurutzeak izenekoa, uztailean egin zen—, eta helburu bikoitza du: batetik, ikusgarritasuna ematea sarituak izan diren artistei; eta, bestetik, Santa Teresa komentuan espazio bat eskaintzea artearen eta sorkuntzaren alorrari.

Feminismoa ardatz, erakusketak ilustratzaileen prekaritatea azaleratzea ere badu xede. «Artistei azken emaitzagatik ordaintzen zaie, baina erdibideko sormen prozesuagatik ez», azaldu du Ainara Martin erakusketaren komisarioak. Horregatik, artista bakoitzaren obren alboan, lana burutzeko sortu dituzten bozetoak jarri dituzte. Ilustratzaileen %80 emakumeak direla nabarmendu du Martinek.

(ID_14159656) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-08-09, Donostia. Gutxi esan, asko jolastu erakusketa
Irene Iruretaren 'Dardarak' lanaren zati bat. GORKA RUBIO / FOKU

Jolasa da bost obrak lotzen dituen haria. Ane Arzelusen Irudiztegia lanean, esaterako, pala forma duen filtro gorria begietan jarri eta ilustrazioaren aurrean parez pare ipiniz gero, gaur egungo euskarazko hitzen arrasto historikoak azalduko zaizkio ikusleari. «Nire proiektuak, dibertsitatea eta feminismoa hizkuntzan barneratzeko helburuarekin, euskararekiko hausnarketa bat proposatzen du: gure hizkuntza inklusiboa da?», dio egileak.

Jolasa da, Ainara Martinen hitzetan, «garena eta ez garena izateko, geure buruari begiratu, eta prestatu eta deformatzeko daukagun ispilua». Ziurtatu du, horri esker,  ikuslea beste modu batera hurbildu ahal izango dela artista bakoitzak proposatzen duen ideiara.

«Jolasa da garena eta ez garena izateko, geure buruari begiratu, eta prestatu eta deformatzeko daukagun ispilua»

AINARA MARTINErakusketako komisarioa

Arrate Rodriguezek, Erretratu katea lanarekin, kateatutako pertsonen ilustrazioen eta erretratuen sekuentzia bat osatu du. Artistak adierazi nahi du komunikazioa amaitu gabeko jolasa dela, eta ikusle bakoitzak zerbait desberdina hautemango duela erretratu bakoitzarekin. Hamabi deskribapen jarri ditu Rodriguezek lanekin batera, eta ikusleak lotu beharko ditu horiek erretratu bakoitzarekin.

Hala, interaktibitatearen bidez, jendeak hausnartzea nahi dute. Obra «naifak» diren arren, helarazi nahi duten mezua «gogorra eta sakona» dela uste du Martinek. Garaioaren «munstro naifek», adibidez, lehen begi kolpean munstroak soilik diruditen arren, gorputz barneko beldurrak irudikatzen dituzte, besteak beste. Lan introspektibo hori marrazki eta buztinezko eskulturekin aurkeztu du. Jendeak barruan daramatzan munstro txikiei forma, kolorea eta dimentsioa ematera gonbidatzen du jendea.

Sandra Garayoaren 'Barneko piztiak' lanaren eskultura bat. GORKA RUBIO / FOKU
Sandra Garaioaren 'Barneko piztiak' lanean bildutako eskultura bat. GORKA RUBIO / FOKU

Lan instropektiboa da Caballeroren Goiari eusteko obra ere. «Ideien mundua eta ideiak gure barnean nola sartzen diren irudikatu nahi izan dut; eta mugimenduaren bidez ideia horien harira gure barnean izaten ditugun gatazkak ordezkatu», argitu du.

Limoiondoa

Limoiondo bat bizi zikloaren metafora gisa; zuhaitz hori soilik geratu baitzen zutik bikote ziren adineko bi andre lesbiana, Maritxu eta Katalin, etxegabetu zituztenean. Helduaroa eta bi emakumeen arteko laguntza, zaintza eta maitasuna aztertzen ditu Irene Iruretak Dardarak obran. Emakumeen zahartzaroa eta emakumeen arteko amodioa jarri ditu jomugan. Artistak azalpen hau eman du aurkeztutako lanari buruz: «Nola imitatzen ditugun haurtzaroan, jolas sinbolikoen bidez, berriz pentsatu beharko liratekeen zainketa ereduak».

Egile saria 2021ean sortu zen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren ekimenez, Gipuzkoako lurraldean arteak eta kultura gizarte eraldaketarako eragile gisa bultzatzeko, sormen prozesuak bultzatzeko eta talentu artistikoa sustatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.