Iluntasunean bilatu dute argia

TOC taldeak lau kantuko EP bat kaleratu du: 'Bat barik ez dauz bi'. Hirugarren lana dute, eta autoekoitzi duten lehena. Bilakaera izan arren, taldearen esentzia mantendu dute

Ander Goitia, Aitor Etxebarria, Xabier Bilbao eta Mikel Bilbao, TOC taldeko kideak. MARIA MURIEDAS.
Olatz Enzunza Mallona.
Mungia
2023ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
«Nahi bezain ondo zainduta» osatu du hirugarren lana TOC Mungiako taldeak (Bizkaia). Lasai, patxadaz. Aitor Etxebarriak (gitarra), Ander Goitiak (baxua), Mikel Bilbaok (bateria) eta Xabier Bilbaok (ahotsa) osatzen dute laukotea, eta, aurreko lanetan egin legez, taldearen berezko ezaugarriei eutsi nahi izan diete. Baita lortu ere. Bat barik ez dauz bi lau kantuko EPa plazaratu dute. Erronka moduan, gainera, autoekoitzi egin dute. Euskal musikaren eszenan azkar zabaltzen ari dira haien izena eta musika, eta horren erakusgarri da datozen hilabeteetarako iragarri duten kontzertu sorta. Larunbatean, esate baterako, Elorrioko (Bizkaia) Gazte Topagunean arituko dira, eta igandean, Gernika-Lumon (Bizkaia).

Aurreko lanen ildoari jarraituz osatu dute EPa taldekideek: 2019an kaleratu zuten Badau estreinako EPa, eta haren ondotik etorri zen Zidazun hamabi kantuko disko luzea, 2021. urtean. Aurreko lanarekin alderatuta, baina, taldekideek argi zuten «zerbait laburragoa» egingo zutela. «Patxadaz landu nahi genuen diskoa: denbora hartu, guk geuk autoekoitzi, probak egin... Esperimentu moduko bat izan da», kontatu du Etxebarriak. Eta, hain zuzen, horrek egiten du diskoa berezi, haren ustez: «Masterizazioa izan ezik, guk geuk egin dugu gainerako guztia, nahi bezala zaindutako lan bat da». Hamazazpi minutuko EP bat izan da emaitza. Abenduan aurkeztu zuten, Durangoko Azokan, eta «oso pozik» daude harrerarekin.

Urte hauetan guztietan, soinu propioa garatu dute. Gordintasuna eta inperfekzioa dira, besteak beste, taldearen bereizgarrietako batzuk, eta horren bila jo dute orain ere. «Ideia zen diskoa entzutean entsegu lokalean gurekin zaudela sentitzea», adierazi du Etxebarriak. Hala ere, taldearen hastapenetatik orain arte eboluzionatu baina esentziari eutsi izanaren irudipena du laukoteak. «Beti izaten da bilakaeraren bat, baina garrantzitsua iruditzen zaigu hasierako ezaugarri batzuk bere horretan mantentzea», azpimarratu du abeslariak.

Lau kantu, lau esperientzia

Mina eta dolua dira, besteak beste, diskoko gai nagusiak. Dena dela, kantuak «nahiko abstraktuak» direla azaldu du Xabier Bilbaok: «Gure kantuek ez dute gai konkretu batzuez hitz egiten; estrapola litezke, eta bakoitzak bere interpretazioa egiten du. Niretzat hori da interesgarriena». «Instrumentalki ere hori transmititzen ahalegintzen gara», gaineratu du Goitiak.

Gau eternal bat hautatu dute single modura. «Lokalera eraman nituen hasierako arpegioa eta errepikarako akorde batzuk. Elementuak gehitzen hasi ginen, eta horrela atera zen», oroitu du Etxebarriak. EParen izenburua ere kantu horretatik atera dute: «Argie joan arren/ Ez da ezer barri/ Bat barik/ Ez dauz bi». Hala ere, amaiera aldera hartzen du indarrik handiena abestiak: «Ilun egon arren/ Euki eizu argi/ Hor nauela beti».

Bide beretik doa Nire loa kantua ere. «Leku ilun, hotz eta heze bat irudikatu nuen idazteko orduan», kontatu du Bilbaok. Bi kantu horiek sortzeko, Mikel Soto idazlearen Suak pizten direnean poema liburua hartu du abiapuntu gisa abeslariak: «Aitortza moduko bat da. Letrak egin behar zirenerako, ez neukan ezer idatzita, eta, nolabait esateko, idaztera behartu behar izan nuen neure burua. Orduan liburu hori irakurtzen ari nintzen, eta hortik atera ziren».

Halaber, hainbat abeslarik kolaboratu dute Hutsa bezain hotza kantuan: Kiliki Frexkok, Juanjo Berasainek eta Josu Ximun Billelabeitiak. «Parranda batek askorako ematen du», esan du Goitiak, barrez: «Elkarrekin zerbait egin behar genuela esan genuen, baina hor geratu zen asmoa». Handik hilabete batzuetara elkartu ziren entsegu lokalean, eta egun bakarrean egin zuten dena: melodia, hitzak eta bideoklipa. «Alde instrumentala grabatuta zegoen, baina beste dena egun bakarrean osatu genuen. Orain, kantua entzutean, egun hartaz oroitzen gara», esan du Bilbaok.

Lana borobiltzeko, Mikel Goiriena bertsolariak idatzi ditu Bildurre abestiko hitzak. «Beste batek idatzitakoa zuk zeuk sentitzea eta beste batzuei sentiaraztea oso aberasgarria da. Oso hitz politak dira, asko esaten dute», nabarmendu du abeslariak.

Konposizio prozesua «nahiko berezia» izan ohi dela aitortu dute taldekideek. «Baina hala egitera ohitu gara, eta neurria hartu diogu», gaineratu dute. «Lehenengo, alde instrumentala egiten dugu; gero, estruktura pentsatzen dugu, eta, azkenik, ahotsa sartzen dugu», azaldu du Etxebarriak.

Musikari ez ezik alde bisualari ere garrantzia ematen dio taldeak. Maria Muriedas eta Ximon Agirre arduratu dira bideoklipak eta diskoaren azala ontzeaz. «Entzuteko esperientzia aberasten du alde bisualak; eskutik lotuta doaz, eta mimo handiz lantzen saiatzen gara. Mariak eta Ximonek sekulako lana egin dute», nabarmendu du Goitiak.

Euskal eszenaren parte

Pandemiatik hona euskal musikaren eszena «nabarmen» aldatu dela ohartu dira TOC taldeko kideak, eta horrek mesede egin die kalte baino gehiago. «Eszena berri bat sortu da, eta horrekin guztiz identifikatuta sentitzen gara: olatu hori hartu dugu edo hark hartu gaitu gu, baina oso eroso gaude», zehaztu du Etxebarriak.

Datozen hilabeteetarako hainbat kontzertu iragarri dituzte. Larunbatean, esate baterako, Elorrioko Gazte Topagunean arituko dira, eta, haren ondotik, Euskal Herriko txoko askotan egongo da taldea entzuteko aukera. Besteak beste, Gernika-Lumon, igandean; Zumaian (Gipuzkoa), apirilaren 15ean; eta Orion (Gipuzkoa), apirilaren 21ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.