Artea

Iluntasunaren xarma erakusgai, Jessica Sarah Rindlandek Tabakaleran ireki duen erakusketan

'Extramission: Begi distiratsuen ehizan' erakusketa zabaldu du zinemagile eta artista bisual argentinarrak. George Shiras argazkilariak sortutako kamera-tranpa du ardatz Rindlanden erakusketak; animaliei argazkiak gauez ateratzeko teknika garatu zuen.

Ezkerretik eskuinera, Vanja Kaludjercic, Calara Montero, Jessica Sarah Rindland eta Jose Luis Rebordinos, gaur Tabakaleran egindako aurkezpenean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ezkerretik eskuinera, Vanja Kaludjercic, Calara Montero, Jessica Sarah Rindland eta Jose Luis Rebordinos, gaur Tabakaleran egindako aurkezpenean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2024ko irailaren 17a
16:30
Entzun

Zinema beste konturik ez da izaten Donostian garai honen bueltan, eta Tabakaleran ere lekua egiten diete zinema artearekin elkartzen duten proiektuei, Zinemaldiarekin aurrera eramandako egitasmoen bitartez. Iaz, adibidez, Isabel Herguerak Sultanaren ametsa proiektua garatu zuen, eta Zinemaldian estreinatu. Aurten, Jessica Sarah Rindlanden (Buenos Aires, 1986) erakusketa bat jarri dute martxan: Extramission: Begi distiratsuen ehizan. Gaurtik urtarrilaren 12ra arte egongo da ikusgai, Tabakalerako 2 erakusketa aretoan. Rotterdamgo zinema jaialdiak ere parte hartu du erakusketaren antolakuntzan, eta hara ere eramango dute erakusketa; urtarrilaren 15etik aurrera egongo da bertan.

Bai Zinemaldiak eta bai Tabakalerak izan dute honen aurretik harremana Rindlandekin. Izan ere, Ikusmira Berriak programan egoiliarra izan zen, eta garai hartan egin zioten Tabakaleratik paraleloki ikerketa artistiko bat egiteko proposamena. «Ikus-entzunezko instalazioetan ibilbide interesgarria duela iruditu zitzaigun, eta arte bisualetarako gertuko begirada duela», argudiatu du Clara Monterok, bertako kultur zuzendariak. Ikusmira Berriak programan sortutako lana ikusteko aukera ere egongo da aurtengo Zinemaldian. Monólogo colectivo da film luzearen izena, eta zoo batean lanean ari diren bi langileren arteko elkarrizketak erakusten ditu.

Teknika zahar eta berriak

«Aspalditik nuen proiektu hau garatzeko ideia. Ez nuen pantaila batera mugatuko zen zerbait egin nahi, zerbait zabalagoa nahi nuen», aitortu du artistak. Gainera, erakusketa posible egin duten eragileei eskertu die proiektua garatzeko aukera eman izana. Erakusketan kamera-tranparen historiari egin nahi izan dio erreferentzia egileak. George Shiras argazkilari estatubatuarrak sortu zuen teknika bat da, animaliei gauez argazkiak ateratzeko. Indigenen ehiza moduak oinarritzat hartuta sortutako teknikak erabili zituen hura sortzeko.

«Aspalditik nuen proiektu hau garatzeko ideia. Ez nuen pantaila batera mugatuko zen zerbait egin nahi, zerbait zabalagoa nahi nuen»

JESSICA SARAH RINDLANDArtista bisuala eta zinemagilea

Honako honetan datza Shirasek garatutako teknika: suaz baliatzen zen animaliak erakartzeko, eta, behin horiek erakarrita, suak haien begietan distira sortzen zuenean ateratzen zuen argazkia. Animaliak izuturik geldirik geratzen ziren momentu horretan, eta irudiak atera ahal izaten zituen horrela. Gerora, tranpak jartzen hasi zen, animaliak beste modu batera erretratatzeko. Gaur egun, biologoek erabiltzen dute teknika hori —teknologia berriagoekin—, animaliak gauez ikusteko. Xarma du artistarentzat animaliak horrela ikusi ahal izateak: «Egunez ikus ezin daitekeen hori ikusteko aukera ematen du».

Hain zuzen, egun argiz ezkutuan dagoen hori erakutsi nahi izan du Rindlandek, eta erakusketa aretoa ilunpean jarri du horretarako. Bi gunetan banatuta dago erakusketa. Batetik, bi bideo instalazio jarri ditu artista argentinarrak; biak zuri-beltzean —aldi berean proiektatzen dira—. Lehenengoan, Rewilding Argentina fundazioak emandako irudiak dira; igarabak agertzen dira horietan. Argentinan igarabak desagertuta daude, eta munduko zoologiko batzuetatik igaraba espezieak hartu, eta hara eraman zituzten, pixkanaka askatu eta espezieak habitat naturalean berriro txertatzeko. Kamera infragorrien bitartez filmatutako irudiak dira, eta animaliak gauean nola dabiltzan erakusten dute.

(ID_14261725) (/@FOKU) 2024-09-17, Donostia. Jessica Sarah Rinlanden erakusketa Tabakaleran
Bi bideo instalazioen irudi bat, gaur Tabakaleran. MAIALEN ANDRES / FOKU

Bigarren bideo instalazioak artistak berak grabatutako irudiak jasotzen ditu. Historia Naturalaren Londresko Museoan filmatutakoak dira, kamera termikoak erabiliz. Museoko kontserbatzaile taldearen taxidermia lanak jaso du Rindlandek: haien eskuek, kameraren bitartez ikusita, distira egiten dute —bizirik daudelako, eta, beraz, beroa transmititzen dutelako—, animalia hilen irudi ilunen ondoan —horiek hotzak baitaude—. Taxidermistek Rindlandekin izandako elkarrizketak eta azalpenak entzun daitezke bideo horietan.

Animalien irudiez gainera, National Geographic aldizkariko orrialdeak ere jaso ditu argentinarrak. Horiekin osatzen du erakusketaren bigarren zatia. Shirasek aldizkariaren lau zenbakitan argitaratu zituen irudiak —1906ko uztailean, 1911ko ekainean, 1913ko uztailean eta 1921eko abuztuan—, eta orrialde horiek daude erakusgai; 23 guztira. Animalien irudiak, zein argazkilariak gauez irudiak lortzeko garatutako teknikaren inguruko azalpenak daude.

Pantailaz haratago

Bigarren aldia da Tabakalera Rotterdamgo nazioarteko zinema jaialdiarekin elkarlanean dabilena. 2022an sortu zuten lehen erakusketa, Vive le cinéma! izenekoa. Orduko hartan, Dea Kulumbegaxvili, Isaki Lacuesta, Lemohang Jeremiah Mosese eta Jia Zhan-ke zinemagileen lanak jaso zituzten. Vanja Kaludjercicek Rotterdamngo jaialdiko zuzendariak adierazi duenez, «modu naturalean» sortu zen duela bi urte bi erakundeen artean lankidetzan aritzeko ideia. Halaber, Kaludjercicen esanetan, eurek antolatzen duten zinema jaialdian «tradizioa» dute Rindlanden moduko arte instalazioen erakusketak antolatzeko: «Zinemak forma eta itxura asko izan ditzake. Zinema instalazioak ez dira pantaila handietarako bakarrik».

Lankidetza ere garrantzitsua iruditu zaio Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosi: «Proiektuetarako gehitzea beti da ona». Bestalde, Zinemaldiak harrobia sortzeko duen gaitasunaz ere mintzatu da. Zinemagileen hastapenetan lehen geldialdietako bat izaten da Donostiako jaialdia; esate baterako, John Crowley 2015ean izan zen Zuzendari Berriak sailean, Brooklyn filmarekin. Rindland ere Ikusmira Berriak programan jardun zen lehenik, eta bere azken lana eskainiko du aurten. «Talentua duen jendea berriro hona etortzea gure lanaren oinarrizko elementua da», gehitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.