Caracasen, Venezuelako hiriburuan kokatzen da Pelo malo, Mariana Rondon zinemagile venezuelarraren hirugarren filma. Hori dela eta, bete-betean ageri dira herrialdeko egoera politikoak herritarren egunerokoan duen protagonismoa, egoera sozialaren latza eta kalean ohikoak diren indarkeria kasuen lekukotasunak. Hori zen, hain zuzen ere, Rondonen helburuetako bat, atzo pelikula proiektatu ostean adierazi zuenez.
Hori guztia ageri da, baina ez da filmaren nondik norakoa ezartzen duen ardatz nagusia. Pelikulak ama-seme batzuen arteko hartu-eman liskartsuaz dihardu. Junior Marta ama alargunarekin eta anaia txikiarekin bizi da, 9 urte ditu, baita ile kizkur-kizkurra ere. Itxura batean, huraxe izango da amarekiko duen harremana gaiztotuko duena. Eskolako argazkian ateratzeko ilea lisatu nahi du, baina amari ez dio ideiak grazia zipitzik ere egingo.
Gauzek, baina, okerrera baizik ez dute egingo ama langabezian geratutakoan. Lan bila hasteko, Junior amonaren —aita zenaren ama— etxean uzten duenean. Amonak, umeari ilea lisatzen lagundu, eta kantarien moduan janztera animatuko du. Gainera, amari diru baten truke haren kargu egiteko eskaintza egingo dio. Hor hasiko dira tirabirak: ama-semeen artean elkarrenganako susmo txarrak direla medio eta ama eta amonaren artean haurraren zaintza dela medio.
Modu horretan, Rondonek Venezuelan «arazo den baina arazo jotzen ez den» homofobiarako hurbilketa sotila egin du, inplizituki bada ere. «Homofobia baino gehiago aurrejuzkuak salatu nahi izan ditut. Intolerantzia, bestearen behar, askatasun eta nahiak ez errespetatzea». Eta hori ama-semeen arteko begiradetan ez ezik, jendearengan sor dezakeen eraginean ere gauzatu nahi izan du. «Azken finean, amaren beldurretan oinarritzen da filmaren trama guztia». Hain nabariak diren tentsio uneak sortzeko garaian ezinbestekoa izan da Martaren eta Juniorren rolak bete dituzten aktoreen arteko harreman estua —Samuel Lange eta Samantha Castillo—. Ez da, ordea, indarkeria esplizituaren aztarnarik. «Errazegia eta ikusiegia izateaz gain, ez da beharrezkoa izan».
Pelo malo-k amatasunaren etaemakumearen rolaren inguruan hausnarketa egiteko bidea ematen du, besteak beste. «Askatasun guneak aldarrikatzen ditu».
Donostiako 61.Zinemaldia. Sail Ofiziala
Ile-bihurria buruhauste guztien iturburuan
Ama-semeen arteko harreman tirabiratsuaz gain, Caracasko egoera soziopolitikoa islatzen du 'Pelo malo' filmak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu