Europako zein Ameriketako aitzinako zibilizazioek ilbeteei sasoiak oparo eskaintzen zuen horren izena ematen omen zioten. Horregatik deitzen diote ingelesez, oraindik ere, Gaizkata ilargia abuztukoari, arrain hau ugari arrantzatzen delako bolada honetan Ipar Ameriketako lakuetan.
Nik ez dut baratzerik —hilabete gutxiz mantendu dut bizirik etxera determinazioz ekarri nuen orkidea gajoa...—, baina entzuna dut ilargiaren une ezberdinei kasu eman behar zaiela, ez dela il-sasoi bera ona ereiteko edo kimatzeko, sustraiak indartu ala fruituak jasotzeko.
Bi urtean behin, otsaileko ilberrian akuiluak eta eskuareak egiteko urritza ebakitzen zuen aitonak; lorailekoan, belar metak arin eraikitzeko altza; uztarriak egiteko, pagoaren txanda dagonilekoan izaten zen. Ilberrian zuraren izerdia bare egoten omen da, beste une batean moztuz gero tantaka izango ei duzu egurra urte osoan.
Urari eragiten dio ilargiak: egurraren izerdiari etaitsasaldiei. «Eta gu ere ez al gara ba, ura?», esaten dit aitak... Eta hala diote zenbait psikologok: mareen gorabeherek aldartean eragiten digutela, hauengan ilargiaren erakarpen grabitazionalak eragiten duen heinean.
Mitologiak konnotazio asko eman dizkio mendeetan zehar ilargiari, onak eta txarrak. Jainkotiarrak eta sorginkeriazkoak. Ziklikoki antolatzen den ororekin estuki lotu da ilargia, baina baita bulkada eta oldartze basatienekin ere. Lunaticus selenita latindarrak lunático bihurtu zituen Lurrean gaztelerak, ilargi-eriak euskarak. Gizakiak ere, Ilargia zapaldu zuenean, sentitu zuen planeta batekin nahikoa ez eta espazioa ere berea izan zitekeela, bere bandera laukia iltzatzeko kolonia esferikoa topatu zuela.
Zer den sineskeria, zein satelitearen benetako eragina... oraindik ere ilaren argia bera bezain lausoa egiten zait niri. Baina badugu tema berezi bat Ilargiarekin.
Urtebetean moztu gabeko ile punta irekiei begira nabil ideia honi bueltaka. Berriro ere oharkabean harrapatu nau ilbeherak...
MIRA
Ilbetekada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu