Antzerkia

'Ilargiaren alabak' antzezlana estreinatuko du Pez Limbok asteartean, hilekoa ardatz hartuta

Emakumeen bizitzak zeharkatzen dituen «bidaia ziklikoan» murgilduko du antzezlanak ikuslea, publikoaren «erraiak» mugiarazteko. Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren barruan oholtzaratuko dute lana estreinakoz, euskaraz.

Susana Teruelo antzezlaneko irudi batean. RAUL BOGAJO/ FOKU
Susana Teruelo antzezlaneko irudi batean. RAUL BOGAJO/ FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2024ko urriaren 24a
15:07
Entzun

«Masailetik behera malko bat erortzen zaizu ama datorrela ikustean. Ilea laztantzen dizu esanez: 'Ya estoy aquí, nena!' (Hemen nago jada, polit hori!)». Aldamio baten gainean igota, ezpata luzea eskuetan duela, ozenki hitz egin du Ainhoa Alberdik. Aldamiotik jaitsi eta badoa eszenatokitik korrika, ezpata gora duela, gerlari itxura eginez. Belauniko dago Susana Teruelo oholtzaren aurrealdean, berdez jantzita, eta haren gainean paratu dira argi fokuak: «Usain hori, joaten ez dena, baina ez da nirea, berea da, bere ohean lo egiten dudalako. Ohean mugitu eta bere usaina dator gora», dio, atsekabeturik. Kaxa biribil batetik oihal gorri distiratsu bat atera du, eta, une horretan, Alberdi, buruan untxi-maskara zuri bat duela, eszenan sartu da, isilean.

Pez Limbo konpainiaren obra berria entseatzen ari dira Jesus Ibañez de Matauko antzokian, Gasteizen: Ilargiaren alabak. Hannah Frances Whelanek zuzentzen duen eta Alberdi eta Teruelo protagonista dituen lana hilaren 29an estreinatuko dute antzoki horretan bertan, euskaraz, Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren barruan —hurrengo egunean gazteleraz oholtzaratuko dute—. Emakumeen bizitzak zeharkatzen dituen «bidaia ziklikoan» murgiltzen du lanak ikuslea, eta begirada berri bat eskaintzen du emakumearen une intimo, dibertigarri eta etsigarriak ardatz harturik. Gorputzaren eta hitzaren bitartez, eta poesia, sinbologia eta musika bidaide hartuta, hilerokoaren zikloari buruzko ikuskizun goxoa eta zirraragarria ondu du konpainiak.

ILARGIAREN ALABAK
Susana Teruelo eta Ainhoa Alberdi aktoreak, entseguan. RAUL BOGAJO / FOKU

Maskara zuri handia buruan duela igo da Alberdi aldamiora. Oinutsik dago, eta jaka gorri bat besterik ez du soinean. Untxia balitz moduan mugitzen ditu besoak, hankak, burua, azkar baina modu finean, eta musikak lagundurik gerturatu da Teruelorengana, haren erakarmenak bultzatuta edo. Oholtza batera igota, zain du aktorea, soineko gorri luzea jantzita; aurrez aurre jarri dira bi antzezleak, elkarri begira, isilik. Untxi maskaratik eskegita duen larruzko txano bat hartu, eskuetan zimurtu, biratu, eta kolore gorriko aldea bistan dela jarri du buruan Teruelok.

Orduan hasiko dira bi protagonistak sinbolismoz beteriko eszenetako bat antzezten. «Hilekoaren odola normalizatzea erritualaren parte bat da», Teruelok geroago azalduko duenez. Haren soineko gorriaren azpitik, odol isuria balitz bezala, oihal gorria ageri da, eta, haren azpian, oihalari tira eginez, Alberdi, lurretik arrastaka. Hilerokoaren koagulu baten itxura hartu du, eta espasmoka egiten du aurrera. Gorputza eta aurpegia bihurritu ditu orduan Teruelok, eta garrasi egin du.

«Bizipen unibertsalak»

Bi emakumeren istorioak kontatzen ditu Ilargiaren alabak lanak; protagonisten benetako istorioak dira, baina izan litezke arbasoen istorioak ere. «Familia guztietan izan diren bizipen unibertsalak dira», zehaztu du Alberdik. Obrak badituelako bi aktoreek menstruazio zikloarekin izan dituzten —eta oraindik dituzten— bizipenen zertzeladak, baina «kontakizun unibertsalago bat» ere transmititu nahi du: «Emakumearen hilerokoaren zikloaz hitz egiten dugu, baina, finean, bizitzaren zikloaz ere ari gara».

«Emakumearen hilerokoaren zikloaz hitz egiten dugu, baina, finean, bizitzaren zikloaz ere argi gara»

AINHOA ALBERDIAktorea

Alabari hilekoa etorri zitzaionean otu zitzaion Teruelori gaiari buruzko pieza bat sortzea. Hurrengo lau urteetan buruan bueltaka izan zuen ideia, eta Eduardo Hernando Pez Limboko arduradunari komentatu zion. Hernandok Whelanen esku utzi zuen lan berriaren lema. Proposamena jaso zuenean, Whelanek ez zuen zalantzarik egin: «Baiezkoa eman nion zuzenean».

ILARGIAREN ALABAK
Susana Teruelo eta Ainhoa Alberdi, Hannah Frances Whelan zuzendariaren azalpenak entzuten. RAUL BOGAJO/ FOKU

Lasierran (Araba), Azpeitian (Gipuzkoa) eta Gasteizen egindako egonaldietan garatu dute proiektua, bi abiapuntu hartuta: Teruelok hilekoari buruz kontatu nahi zuena, eta Miranda Greyren Luna Roja liburua. Greyk liburu horretan deskribatzen dituen hilekoaren lau faseak —dontzeila (obulazioaren aurreko fasea), ama (obulazioa), sorgina (obulazio ondorengo fasea) eta agurea (odol galtzea)— inspirazio iturri izan dira antzezlana eraikitzeko. Emaitza, horra: «Irudien eta bizipen pertsonalen bidez hitz egiten duen obra bat ondu dugu», Whelanen hitzetan. Maider Lasa Santamaria eta Peru Galbete musikariek antzezlanaren sormen prozesuarekin batera ekoitzi dute obra girotuko duen musika.

«Irudien eta bizipen pertsonalen bidez hitz egiten duen obra bat ondu dugu»

HANNAH FRANCES WHELANAntzezlanaren zuzendaria

Alabaren prozesua eta bizipen propioak eskutik joan direla azaldu du Teruelok, eta lanak aukera eman diola hilekoaren zikloarekin «adiskidetzeko», bai eta prozesu hori dena, klimaterioaren fasea barne, normaltasunez jorratzeko ere. Alberdiren esanetan, «erraietara» doan ate bat zabaldu nahi dute antzezlanarekin, eta nahiko lukete «deserosoak» izan daitezkeen gaien inguruko gogoeta bultzatu, «barrenak mugiarazteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.