Ikusten ez diren ertzak argitzea

Virginie Despentesen 'King Kong teoria' itzuli du euskarara Itziar Diez de Ultzurrunek. Jakinek eta Elkarrek sustatutako Eskafandra bilduma feministaren bigarren zenbakia da

Idurre Eskisabel, Lorea Agirre, Anari Alberdi eta Ainara Lasa Eskanfandrako kideak, Antxiñe Mendizabalekin (Elkar) eta Irene Arrarats hitzaurrearen egilearekin. / ARP.
Maialen Unanue
Donostia
2017ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Eskafandra bilduma feministak badu bigarren zenbakia: Virginie Despentesen (Frantzia, 1969) King Kong teoria. Jakin fundazioak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean sustatutako bilduma da Eskafandra, pentsamendu feministan mugarri izan diren liburuak euskarara ekartzeko eta argitara emateko sortua. Itziar Diez de Ultzurrunek itzuli du Despentesek 2006an argitaratutako saiakera.

Liburu «benetan indartsua eta berezia» da, Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariaren ustez: «Badira liburuak, gutxi-asko, aldatu, kolpatu edo zerbait eragiten dizutenak, eta hau horietako bat da». Lehen pertsonan idatzitako «saiakera atipikoa» da King Kong teoria, haren esanetan, eta Despentesek, bere bizipenen eta gogoeten hariari jarraituz, gaur egungo gizartearen «kritika brutala» egiten du. Hori hala izateko arrazoietako bat da irakurlea une oro interpelatzen duela: «Kasik lerroz lerro egiten du: 'Zu zaren emakume hori, zuk dituzun uste horiek, zuk duzun leku hori gizartean'. Berdin interpelatzen ditu gizonezkoak ere». Despentesek «zintzotasunez» egindako liburua dela nabarmendu du Agirrek, bere burua delako interpelatzen duen lehenengoa.

Feminitatea, «maskulinitatearen indarkeria», «bortxaketaren kultura» eta pornografia dira lanaren gai nagusiak. Despentesek gai horiei begiratzeko duen moduan jarri du arreta Diez de Ultzurrunek: «Bere ikuspuntutik heltzen die, agian, oso konbentzionala ez den ikuspuntu batetik». Eta hori da, itzultzailearen ustez, uste orokortuak deseraikitzeko Despentesek darabilen erreminta: «Esku-argi bat balerama bezala da, ikusi nahi ez ditugun ertzak argituko balitu bezala».

Gai horien inguruan feminismoaren baitan egon daitezkeen «posizionamendu kontserbadoreenei» buelta ematen die, Agirreren esanetan. Beren burua aurrerakoitzat dutenak ere kolokan jartzen ditu: «Gure uste aurrerakoi eta, aldi berean, liberatzailetzat ditugun horiei beste buelta bat ematen die, eta jartzen gaitu leku batean non geure buruak ikusten ditugun ez hain aurrerakoi, ez hain liberatu eta ez hain eraldatzaile». Uste berekoa da Idurre Eskisabel Eskafandraren editore taldeko kidea ere. Lehenengoz irakurri osteko gogoeta antzekoak egin ditu euskarazko itzulpena irakurri ostean. «Nire buruaz emakume bezala nuen irudia zen aurreratu eta librearena: zaplaztekoak eman zizkidan etengabe, alde guztietatik».

Hala baieztatzen du Despentesek liburuan: «Ni, neska gisa, areago naiz King Kong, Kate Moss baino». Hortik izenburua. Agirrek eman du azalpena: «Alegia, saltzen diguten emakume zuri horren irudia, irudi bat baino ez ote den, eta existitzen ote den». Emakumeak etengabe neurrian sartzera behartzen dituen eta, aldi berean, neurria ematen ez duten emakume izatera kondenatzen dituen sistema ez ote den gizartea. Irene Arrarats hitzaurrearen egileak hala azaldu du: «[...] Feminitatea hipokrisia hutsa da Despentesentzat, otzan zuria izateko artea, emakumeen neurrira eginiko presondegi bat, eta neurriz kanpoko emakume munstroak sortzen ditu, behar ez bezalakoak, beti zerbaitegi: santuegiak edo putegiak, lodiegiak edo argalegiak, ergelegiak edo argiegiak... horiexek feminitatearen egiak».

Despentesen ikuspuntu «gordina eta argia» nabarmendu ditu Diez de Ultzurrunek. Eta guztia idazkera «kaletar» batean idatzia, idazkera ez-akademikoan. «Saiatu naiz kaleko euskara batean idazten, hitzekin bezainbat sintaxiarekin ere».

Estigmaren zama

Frantzia «librean» polemikotzat hartua da Despentes. Idazle eta zinemagile feminista eta punk gisa aldarrikatzen du bere burua. «Horrek dakarren bizikera, biziaren aurreko jarrera eta pentsamenduarekin», zehaztu du Agirrek. Baise-moi [Egidazu larrutan] filma zentsuratu zion Frantziako Estatu Kontseiluak 2000. urtean: Coralie Trinh Thi aktore pornoarekin batera egin zuen, izen bereko bere eleberria eta hango gaiak landuz. Bortxatua izan zen Despentes, eta prostituzioan jardun zuen: haren lana ulertzeko gakoetako bi dira.

Hain zuzen ere, bortxaketan kokatzen du Despentesek «errebelazioa edo esnatzea», Eskisabelek azaldu duenez. Eta ez da, haren esanetan, «esnatze automatiko bat»: «Zaplaztekoa ez da bat-batekoa: denbora behar du, jabetze prozesu bat. Isildu eta ukatu egiten du: autoisildu eta autoukatu». Eskisabelen arabera, Despentesek bortxaketa ikusten du «feminitatea eraikitzeko tresna potenteena» bezala. Izan ere, nabarmendu duenez, emakume gehienentzako bortxaketa da gerta dakiekeen «egoerarik traumatikoenetako bat».

Emakumeen aurkako biolentzia horrek hedabideetan duen trataera kritikatu du Eskisabelek. «Ustezko bortxaketa esamoldearekin ohitu egin gara, eta badirudi, gainera, zuhurtzia eta praktika onaren izenean erabili behar dugula, baina horren oinarrian dagoena susmoa eta estigma besterik ez da». Horretaz ohartarazten ditu irakurleak Despentesek liburuan: bortxaketaren gauzarik «mingarriena» bortxatua «errudun» bihurtzea dela. «Beti daude susmoak: nork eman ote duen bide, nork ez, zenbateraino erresistitu den bortxatua, zenbateraino ez...», azaldu du Eskisabelek. Estigma horri buelta ematea posible dela erakusten du Despentesek, haren ustez, eta Diez de Ultzurrunek bat egin du: «Hain gauza sinplea da, eta funtsezkoa: biktimen gainetik erru guztia kentzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.