Maiatz aldizkariak Baionako Passemillon karrikan duen egoitzan egin du elkarrizketa Lucien Etxezaharretak (Hazparne, Lapurdi, 1946). Badu munta harentzat Passemillon karrikak, langile izan den Gure Irratia egon baitzen bertan urte luzez, eta aspaldi horretan Maiatz argitaletxea bera han kokatua baita. Eraikina zaharberritze obretan da egun hauetan, aldamioz hesiturik. Baiona guzira hedatua den etxegintzaren negozioa etorria da horraino, baina Maiatzek segitzen du beti alokatzen duen bere gelatxoan. Zolatik solairuraino hor daude dokumentuak, liburuak eta aldizkariak, kartoietan. Atxikitzea helburu, Etxezaharretak salatu du Lazkaoko artxiboetara igortzen hasiak direla, partez.
Maiatzen Instagram kontuan irakurri berri dugu mezu hori: «Lapurtar, baxenabartar edota zuberotar gaztea bazara, bidali zure testuak gurera. Maiatz aldizkariak behar zaitu». Zer da dei horren gibelean?
Egia da Facebook eta Instagram kontuak baditugula. Galdera hori, hastapenetik dugun gauza bat da: «Hitza hartu behar duzu!». Nolabait gure leloa izan da hori. Hiru probintzia horiei lotua da, eta erran nahi du iparraldekotasun zerbait izan dugula, hasieratik. Jakina da Euskal Herriko idazleen erdiak gipuzkoarrak direla. Normaltasun batean bezala sartua da euskal literatura, eta literatur eredu bat sortu da azken hogei urte hauetan; Hegoaldeko estilo bat balitz bezala. Gu Iparraldeko berezitasun horren alde ari izan gara: hemengo euskalkien, espresa bideen, hemengo euskararen herrikoitasun aberats horrek egin ekarpenak ez zirela galdu behar iruditu baitzaigu. Baina ikusten dut, halere, idazle berriei inposatzen zaiela estilo berri bat, Hegoaldetik.
Nolako estiloa?
Gure artean irri egin dugu joan den egunean, Euskaltzaindiak portzierto hitza onartu zuela, adibidez; espainoletik atera espresabide herrikoiak gazteek erabiltzen dituztenak dira. Inpresio ezkor bat dugu Iparraldea pixka bat ahantzia dela, baina gure kulpaz bistan dena. Hemen hitza hartzea literaturan zailago baita, irakurlegoagatik, eta jakina, euskararen ahulezia guziengatik.
«Literaturgintza lotua da argitalpenari, eta argitalpena negozio bat da nonbait; ez da erraz argitaratua izatea. Horregatik heldu dira guregana, batez ere poesia lanak»
Hain zuzen, ez dea Maiatz aldizkaria mugaz bi aldeetako euskal idazleak biltzen dituen azken literatur aldizkaria?
Hori naturalki egin den gauza bat da. Euskara da euskal nazioa egiten duena, eta normal da hori. Harreman pertsonalek, elkar ezagutzek ere pizten dute. Hatsaren Poesiaren bidez ere mugaz bi aldetako idazleak badira. Batzuek idazten dute, baina ez dute ahalik Hegoaldean argitaratzeko. Horren atzean den gauza da literaturgintza lotua dela argitalpenari, eta argitalpena negozio bat da, nonbait; ez da erraz argitaratua izatea. Horregatik heldu dira guregana, batez ere poesia lanak —ez dira diru iturri argitaletxeendako—; gure argitalpenen %30 poesian kokatzen dira.
Aldizkariari zer funtzio ikusten diozu?
Irail hasieran hogei bat lagun bildu gara. Aspaldian ez ginen hainbeste jende bildu, eta preseski galdera hori egin dugu: «Zer da Maiatz aldizkariaren ekarpena? Balio ote du jarraitzeak?». Jakinez, hastapenetik izan nahi genuela esperimentazio gune bat, independentea, zentsurarik gabe —jakina, betiko mugekin: arrazakeria, sexismoa...—. «Idazle berriak sortzen ote ditugu?». Maiz, idazle berriak heldu dira liburu batekin. Beti erraten diet, liburu bat egin baino lehen, beharbada, behar dela hasi testu labur batzuk idazten, besteekin trukatzeko eta bere buruaren ezagutarazteko.
Izan dituzue idazle gazteak zuengana etorri direnak, alta?
Egia da. Aipatzen ahal dira Amaiur Epher, Xan Idiart edo Maddi Sarasua. Hola agertu zaizkigu idazle berriak. Gero, aldizkari batek funtzio teoriko bat baluke oraindik. Batzuetan ari naiz 100. zenbakiraino iristen ahalko garen; 79. zenbakian gara, momentu honetan.
«Idazle berriei beti erraten diet, liburu bat egin baino lehen, beharbada, behar dela hasi testu labur batzuk idazten»
Badea oraino Ipar Euskal Herrian euskal literaturaren inguruko bizitasunik?
Azken urte hauetako berritasuna, halere, irakurle taldeena da. Bereziki, barnealdean. Baionako eta Miarritzeko mediateketan hasi zen; Hendaian ere badago. Barnealdean, Larzabaleko Espelletenian edo Baigorriko irakurle taldeak badira, eta urrats inportanteak dira gustua emateko. Pozgarria da. Gero, gauza gutti gertatzen da literaturaren inguruan. Zaila da egoera zein den ikustea; irakurlegoaren arazoa handia da. Euskara egoera larrian da. Kolonizazio mundu batean gara, hemen, itoak kanpoko jendearekin; ez dira euskararen etsaiak, baina ez dira euskaldunak. Gero, literatura beti izan da bazterreko gauza, gutiengo batena. Eta badira komunikabide berriak, gogoeta jaleak.
Nolako literatura behar genuke, gaur egun? Zeren kontatzeko, zer idazketa generotan?
Norberaren mundua, besteena, norberaren jakintza beti agertzen dira liburu guzietan. Dibertsitate handia ikusten da. Maiatzen bada memoriarena: Piarres Trounday batek egin duen bezala, bere bizia kontatuz. Eñaut Etxamendik agertu du Euskal Herri oso minbera bat. Dibertsitatea beharrezkoa da. Beti bada protesta mundu bat edo ezkutua den mundu baten agertzea; eman dezagun abusu sexualak agerian emateko. Munduko literatura kopiatzen dugu. Euskaldun batek frantsesez, espainolez edo ingelesez irakurtzen du munduko literatura, eta informatuak dira zein diren bide berriak.
Euskal Herriko errealitatea kontatzeko ere bai?
Bada euskal gatazkaren aipamena; agertu zen [Ramon] Saizarbitoriarekin. Maiatzek argitaratuko duen Jose Austin Arrietaren liburu batean agertuko da laster. Aipatu behar da, zeren eta literaturak ezinbiziak, borrokak, minak oro agertzen ditu, eta ez da ahantzi behar nondik datorren Euskal Herriko mundua —errepresioa, frankismoa—. Ez dakit Hegoaldekoak konturatzen diren frankismoko 40 urteko diktadurak nolako arazoak sortzen dituen jendearen bizian, memorian eta eragin handia du oraindik. Horien kontatzea inportantea da. Idazlea pertsona bat da munduaren erdian.
«Ikusten direlarik Gazako, Libanoko edo Kanakyko sarraskiak, ariko gara gu literatura goxo baten egiten? Zer erran nahi du horrek? Ahalketzekoa bada»
Eta munduko gertakariek eragiten dute?
Ikusten direlarik Gazako, Libanoko edo Kanakyko sarraskiak, ariko gara gu literatura goxo baten egiten? Zer erran nahi du horrek? Ahalketzekoa bada. Bazen garai bat eztabaida sutsua baitzen idazleek gizartean hartu behar zuketen lekuaz. Gogoan dut Atxagaren eta Txillardegiren arteko eztabaida famatuaz: euskal idazle konprometitua behar da ala ez? Atxagak zioen idazlearen aberria literatura zela; Txillardegik, berriz, idazleak hitza hartu behar zuela, eta borrokan sartu. Norberak bere kontzientziaren arabera egin behar du, eta libre izan.
Aspaldiko eztabaida.
Ikusten da, halere, liburu bat saltzen dela inguruan pizten duen interesgatik. Maddi Sarasuaren liburuak gazte politizatu baten liburuaren itxura hartzen du —borroka soziala aipatzen du, eta guti ikusten da euskal literaturan—, eta interesa pizten du. Itsusi da hola erranik, baina liburua hobeki saltzen da egokitzen bada ingurumenaren arazoei. Gazteen literatura ez da bakarrik polizia istorioak, edo norberaren zorionaren bilaketaren istorioak; gazteak ere kontzientzia batekin dira, konturatzen dira; ezintasun bat balitz bezala sentitzen dutelarik munduaren aitzinean hitza hartu behar dute, eta borrokan sartu. Mundua beti berreraikitzekoa da. Ingurumen arazo larriekin ere ikusten da; nola egon ezer egin edo erran gabe?
Ez ote da Maiatz argitaletxearen egunerokoa Lucien Etxezaharretaren bizkar? Horrek badua arrisku bat?
Hori egia da. Baina, erabakien hartzeko taldean ari gara. Administrazio lanak badira beti: txostenen egitea, saltokiekin harreman komertzial hori. Gutieneko hori egiten dut. Laguntza ukaiteko dei bat egin daiteke, baina nork du astia, gaur egun? Nork du diru pixka bat galtzeko arrisku hori hartu nahi? Eta literaturazaletasun bat behar da, halere, errabia berezi bat, hastapenetik ukan dugun sukar militante hori; atxiki behar dena. Laguntza gutirekin ari gara. Ahal gehienak gure ingurutik heldu dira. Liburu saltokien laguntza ere eskertu behar da, nonbait. Ortzaizeko [Nafarroa Beherea] Menta liburu dendaren lana azpimarratu nahi nuke, liburuzaletasun hori agertzen baitute. Horiei esker ere bizi gara. Iruñean eta Donostian ere baditugu laguntzaileak.
Duela zenbait urte elebitasunaren hautua egin zuen Maiatz argitaletxeak, frantsesa eta okzitaniera gehituz. Irakurle berriak ekarri dizkio?
Ez dut uste zerbait, bereziki, zabaldu duenik. Gure argitalpenetan, hamarretarik bat edo biga dira elebidunak. Oraingo argitalpen xedetan ez dugu holakorik. Ez dut uste ekarpen berezirik egin duen euskal literaturan. Behar bati erantzun bat izan da, batzuetan. Idazle batek ere harremanak baditu bere ingurumenarekin, eta harreman pertsonalek eragiten dute behar direla atxiki. Gure auzo okzitaniarrak egoera larrian dira; eta Bretainian ere baditugu lagunak; hor ditugu gure harreman gehienak. Elkarlanaren mentura inportantea da, esperantza bat ekartzen baitu.
Zer eramanen duzue Durangoko Azokara?
Hamar liburu argitaratu ditugu urte hastapenean, Korrika kulturala zela eta, Sarako eta Ziburuko bi azokak: Pantzo Hirigarairen Etxauz, Eguneko arrantza Itxaro Bordak itzuli Eric Fottorinorena, Arantzazu Martinez Etxarriren Haize gaziak, Eric Dixarriren Post-Internet, Emilio Lopez Adanek euskaratu Santxo Azkarra (Marc Legasserena), Maddi Sarasuaren Biharraren hegietan. Ekarriko dugun berri-berria Piarres Aintziarten Filosofian ibiliz liburua izanen da. Filosofia irakasle izan da, eta bizian zehar egin dituen hainbat lanen bilduma bat da. Platonetik [Jean-Paul] Sartreraino, testu andana bat itzuli du; Friedrich Nietzschek herri maitasunari buruz egin testu ezezagun bat ere, eman dezagun. Filosofian sartzeko dokumentu bat da.
Durangotik landako baduzue besterik?
Datorren urtean bi memoria liburu gotor aterako ditugu: Joxe Austin Arrietarena eta Marikita Tambourinena.
Zuk ez duzu idazlanik bidean?
Ez. Buruan idazten dut aski, baina guti paperean. Munduari begira banituzke... Ez dakit adinak egiten duen, baina hainbeste gauza ikusi eta ikasiak direnean... halako ipuin labur batzuen idazteko gogoa nuke. Ontzen ari den gauza bat da, seguraz ere. Idazteak badu bere grazia salatzeko, sentiarazteko, maitarazteko; bide interesgarria da munduaren zabala eta batasuna ere agertzeko.