Txomin Badiola. Artista

«Ikusleak bere begiradarekin nire artelana elikatzen du»

Lau urte daramatza Euskal Herrian bere obra erakutsi gabe. Azkenengoz Iruñean egin zuen. 2008az geroztik Jorge Oteizaren lana biltzen duen katalogoa egiten aritu da. Bilboko Carreras Mugica galeriak atzo inauguratu zuen Badiolaren erakusketa berria.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Txomin Badiola artistak (Bilbo, 1957) azken bost urteotan sortutako lanak ikusgai jarri ditu Bilboko Carreras Mugica galerian. Una entrada, mil salidas (Sarrera bakarra, milaka irteera) erakusketa Henao kalearen 10. zenbakian izango da zabalik urtarrilaren 27a bitartean. Ez da erraza artista bilbotarraren artelanak gurean sarri ikustea. Azken erakusketa Iruñean egin zuen, 2007an, eta jaioterrian zortzi urte daramatza erakusketarik egin barik.

Aspaldian ez dugu zure sorkuntza lanaren berri izan.

Azken lau urteak Jorge Oteizaren lan osoaren katalogo arrazoitua egiten aritu nahiz. Amaitu dut, eta datorren urteko lehen hiruhilabetekoan argitaratuko dira haren lan mardula batzen duten liburuki biak. Bestalde, iaz Mikel Euba eta Sergio Pregorekin MUSAC Gaztela eta Leongo Arte Garaikideko Museoan Proforma egitasmoan hartu nuen parte. Han, hilabete eta erdian, egunean zortzi orduz, jendearen aurrean 30 ariketa egin nituen. Esperientzia aberasgarria izan zen ezelako intimitate gabe nire estudiotik kanpo alboan bi lagunak nituela sortzea.

Zer zeregin du zure obraren ikusleak?

Garrantzitsua, azken finean bere begiradarekin nire artelana elikatzen baitu. Velazquezen Meninak margolana, esate baterako, errege familiari egindako erretratu gisa jaio zen, baina obrak bizirik irauten du denboran begiratzen dionaren interpretazioaren arabera esanahia aldatuz doalako.

Zein da artelan on batek bete beharreko ezaugarria?

Ikuslea aktibo bihurtzea, gauzak egitera bultzatzea eta ez txunditurik aho zabalik uztea. Artelanak ikuslearen barrena piztu behar du bere artelan propioa sortzera bultzatuz, edo sentimenduak iratzarri, adibidez, sensibleago bilakatuz. Komunikatzeko gogo horretatik jaio da, hain zuzen ere, atzo Bilbon inauguratu genuen erakusketa.

Nondik dator Una entrada, mil salidas erakusketaren izenburua?

Azken bost urteotan sortu ditudan artelanak hartu eta esperimentu bat egiteko gogoz nenbilen. Horregatik aukeratu dut erakusketa egiteko galeria bat eta ez museo bat. Jendeak nire lana osotasunean ikustea nahi nuen, eta ez elkarren ondoan horman zintzilik dauden artelan bakanak izango balira bezala. Bestalde, interesgarria deritzot artelanak elkarren ondoan jartzea eta batak bestea elikatzea.

Eta nola lortzen da hori?

Marko gabeko margolanak elkarren ondoan jarrita. Markoak mugak jartzen ditu, artelana eta artelana ez dena banatzen du. Obra mugatzen dute. Nire artelan bakoitza osatu gabea da, hutsala da bere bakardadean baina inguruko artelan eta ikusleen begiradez elikatu egiten da. Horregatik, erakusketa honek egitura poetiko musikala du. Artelanak pentagrama moduko egurrezko euskarri batean eskegi ditut. Orotara 34 daude, eta zazpi gai jorratzen dituzte.

Badago gai nagusirik?

Bai, artista eta bere arbasoen arteko harremanaz ari naiz. Belaunaldi batek bestearengan duen eragin konplexuaz. Harreman horrek batzuetan antsietate handia sortzen du artistongan. Oteizak, esate baterako, asko eragin du nire obran, neuk egin bainuen bere lanaren lehen erakusketa antologikoa. Orain, bere obraren katalogo arrazoitua amaitu berri dut. Baina, era berean, belaunaldi berriekin harremanetan nago, eta horrek eragina du nire sorkuntzan. Truke horien guztien eraginez teknikak nahasten ditut, eta esperimentaziorako askeago sentitzen naiz.

Belaunaldi berrien gainean hitz egiten ari garela, nolakoa iruditzen zaizu euskal artista gazteen artea?

Kalitate handikoa da. Euskal Herrian sortzen diren artelanek ez dute zerikusirik Espainian egiten direnekin. Hemengoak hobeak dira. Katalunian, esate baterako, badaude artista handiak, baina ez dute hemengoekin zerikusirik. Euskal Herriko artista gazteek oso esperientzia aberasgarriak izateko aukerak dituzte. Arte Ederretako Fakultate bikaina dugu. Arteleku oso erakunde baliagarria da beste belaunaldi batzuetako artistekin harremanetan jartzeko eta batera lan egiteko. Euskal Herrian belaunaldien arteko lotura oso indartsua eratzea lortu dugu, eta horrek asko aberastu du gure sorkuntza. Horretan lagundu dute Euskal Eskolak, Gaur taldeak, Ibarrola eta bere inguruan sortu den kulturgintzak eta abarrek. Euskal artea taldean sortzen delako da berezia. Belaunaldiz belaunaldi gertatzen den transmisio horri esker.

Pello Irazu, Angel Bados, Juan Luis Moraza edo Maria Luisa Fernandezekin batera euskal eskulturagintza berriaren taldea sortu zenuen. Zertan ezberdintzen zara zure arbasoengandik?

Ni artista legez ez naiz ni bakarrik. Ni askoren nahasketa daukat. Eta egiten ditudan erakusketak nire ni-a osatzen dute, baina era kolektiboan. Postmodernitatearekin batera kontaera bakarrak edo bakartuak atzean utzi ditugu. Txillidak edota Oteizak, ordea, beti izango dute ni bakar bat. Estiloari dagokionez, Txillida Txillida da, eta Oteiza Oteiza. Ez dago izaera nahasketarik. Estilo propio finkoa dute.

Artelan baten esanahia azaldu daitekeela uste duzu?

Ez, eta ez zait galdera hori batere gustatzen. Norbaitek galdetzen didan bakoitzean «zer esan nahi du artelan honek?» sutan jartzen naiz. Artea ezin da hitzez azaldu. Nik adierazi beharrekoa ez dut hitzez azaltzen, baizik eta nire margolan eta eskulturen bidez. Hitzez adierazteak ito egiten du nire sorkuntza. Jendea gaizki ohituta dago. Dena hitzez azaltzea nahi dute, eta ez dira konturatzen askotan hitzek azaldu ezin dutena azaltzen duela arteak. Artelanak ez dira ulertu behar, bizi egin behar dira, interpretatu; jendearengan zerbait egiteko gogoa pizteko funtzioa dute. Barre, negar, sortu...

Bilbon dagoen erakusketan ikuslearekin komunikatzeko zer material erabili dituzu?

Hiru material mota. Testu eta argazkiekin egindako collagea. Bertan, 2006tik gaur arte egin ditudan zenbait artelanen zatiak erabili ditut. Paperezko zenbait grafiko gai edota sail bakoitzaren hasiera markatuz. Eta arinagotik eginda nituen zenbait eskultura zatitu eta beste batzuekin nahastuz artelan berriak sortu ditut. Ikusleak zenbait artelanen detaileak antzemango ditu, baina bestelako zentzua hartuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.