Ikuskizunik borobilena, 20 urte ospatzeko

Deabru Beltzak kale-antzerki konpainia erreferente bihurtu da. 'Su À FEU' ikuskizuna estreinatu dute, euren ibilbideko «landuena»

Bilbo
2016ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
«Asko ikasi dugu kalean ibiliaz. Orain, jada, kalea kontrolatzen dugu, badakigu zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Lehen inprobisazioa zen nagusi, kalera irten eta ea zer gertatzen zen». Oscar Castaño Garbitxu Deabru Beltzak konpainiako zuzendari artistikoak argi utzi du hogei urte ez direla alferrik pasatu. Eta, hori ospatzeko, euren ibilbideko ikuskizunik «landuena, luzeena eta exijenteena» aurkeztu dute: Su À FEU.

1996an sortu zuten konpainia, eta ordutik hamar ikuskizun ondu dituzte, eta hamar ikuskizun horiek milaka plazatan aurkeztu. «Orain trikimailu guztiak dakizkigu, esperientzia gehiago daukagu pirotekniarekin, badakigu jendearen inplikazioa nola lortu... egiten jakite hori urteek ematen dute». Deabru beltzez mozorrotutako zazpi kideak beteranoak dira zalaparta sortzen eta piroteknia erabiltzen.

Kale antzerkiaren erreferente bihurtu dira, bai Euskal Herrian, eta bai Euskal Herritik kanpo. Garbitxu harro mintzo da konpainiaren ibilbideaz eta lortutako entzuteaz: «Ez dago ondo nik esatea, baina Frantzian Deabru Beltzak instituzio bat da. Frantziak asko maite gaitu, eta Frantzia da kale artearen merkaturik handiena mundu osoan. Talde onenak frantziarrak dira, eta horien artean Deabru Beltzak-ek bere lekutxoa egin du».

Esaterako, iaz, Norwichen (Erresuma Batua) 32.000 pertsonaren aurrean aritu ziren. Errugbi txapelketaren inaugurazioa egin zuten hango estadioan, eta harrera itzela izan zuen ikuskizunak. Horregatik, kale antzerkiaren aldeko aldarria: «32.000 pertsona, badakizu zer den hori? Areto ikuskizun batek hori lortzea ezinezkoa da kasik, ezta bere ibilbideko emanaldi guztien batuketa eginda ere. Gainera, publikoarekin eraikitzen den harremana bestelakoa da kale antzerkian: gertukoa, estua eta beroa».

Trilogiaren gailurra

Garbitxuk azaldu duenez, sua eta perkusioa oinarri dituen trilogia baten azken pieza da Su À FEU. 2002an Les Tambours de Feu aurkeztu zuten, eta 800 emanaldi egin zituzten mundu zabalean barrena. Haren arrakastaren ondorio izan zen 2007ko Bande Déplacée, eta orain dakarten Su À FEU aurreko bien ondorioa da. «Lanean jarraitu dugu, sortzen, diseinatzen, bidaiatzen, eta Su À FEU horren guztiaren emaitza da. Bizi izandako esperientziak, sorkuntza, energia eta konpainiaren ahalegin guztiak bildu ditugu oraingo honetan».

Ikuskizunaren ardatza ere ez da nolanahikoa. Teknologia berriekin lotutako ikuskizuna da, argi eta efektu bereziz jantzia: «Etorkizuneko pertsonaia batzuk heltzen dira Lurrera, eta Lurra konkistatu nahiko dute. Ideia horretatik abiaturik, zazpi antzezle ibiliko gara kalean. Eta pertsonaia nagusia suzko gizona izango da, txotxongilo handi-handi bat».

Dantza eta koreografia gogotik landu dituzte, ikuskizunarekin publikoa inguratu eta publikoaren inplikazioa lortzeko asmoz. Eta musika ere «goi mailakoa» dela azpimarratu du Garbitxuk. «Hamazazpi hilabete egon gara ikuskizun guztia lantzen. Eta hamar hilabete musika lantzen, soilik musika. Inoiz baino kalitate handiagoa lortu dugu, eta inoiz baino musika konplexuagoa egin dugu. Prozesu luzea izan da, inoiz baino luzeagoa».

Duela lau hilabete bukatu zuten espektakulua guztiz, eta «azken ukitu txikiak» ematen dabiltza egunotan. Garbitxuren esanetan, oraindik ere, hainbat entsegu gelditzen zaizkie. Miarritzen egingo dute jendaurreko entsegua, maiatzaren 6 eta 7an. Eta estreinaldi ofiziala Leioako Umore Azoka kale artisten azokan egingo dute, maiatzaren 19 eta 20an. «Indarrez eta energiaz beterik iritsiko gara Leioara; ikaragarria izango da, ez izan dudarik». Hortik aurrera, dagoeneko 46 emanaldi dituzte lotuta. «%40 Euskal Herrian, eta beste guztiak Frantzian, Italian, Erresuma Batuan, baita Australian ere!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.