«Ikuskizun eta ekitaldietako teknikariok erakundeen abandonua eta langabeziaren igoera larria salatu nahi ditugu». Horrela hasi dute oharra langileon kolektiboak, eta iragarri dute sindikatu bihurtuko direla laster.
Oharrean, salatu dute Izurriak eragindako krisiaren aurretik ere aritu direla «lan baldintza prekarioekin eta erregulatu barik, milaka orduko jardunaldiekin, langileon estatutua bete barik». «Whatsappetik kontratatutako autonomoak gara».
Kexu dira, ikusezin sentitzen direlako. Konfinamendu neurriak ulertzen dituztela esan dute, baina «ez dugu uste horrek langileriaren abandonua eragin behar duenik instituzioen aldetik, abandonatuak edota ia desagertzeko zorira bultzatzen gaituzte».
Eskaera zehatzak egin dizkiete agintariei: euren lanaren egoera normaldu arte, «eta krisi honek eragindako galerak leuntzeko, kulturarako diru laguntzen ehuneko bat» mantentzeko eskatu dute, eta euren lan alorreko baldintzei begiratzeko. «Eusko Jaurlaritzari dei egiten diogu, tonbola bidez zozketatutako diru laguntzekin gure isiltasuna erosi beharrean, gure beharrak entzuteko».
Egoera aldatzeko garaia heldu dela esan dute. «Fokuari buelta emango diogu, gu ikusteko; bozgorailua jarriko dugu, eta soinu mahaitik bolumena igoko dugu gure ahotsa entzun dadin». Duintasuna exijitu dute.
Deialdia egin dute ekainaren 12rako, 12:30ean, Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan. Hurrengo egunean, kulturaren «hileta martxa» egingo dute Jaurlaritzaren Lakuako egoitzara (Gasteiz).