Teknikariok sindikatuak sektore horren «egoera jasanezina» salatuko du gaur eguerdian, Donostiako Kursaaleko zabalgunean egingo duen elkarretaratzean. Kultur arloko ikuskizunetan lan egiten duten teknikariak biltzen ditu sindikatuak. Gorka Agirre bozeramaileak adierazi du langileetako asko kulturara bideratutako «diru laguntzetatik kanpo» geratu direla. Azaldu duenez, autonomoentzako diru laguntzek baldintza moduan zuten gutxienez azkenengo hamabi hilabeteetan alta emanda egotea, etenik gabe. Ondorioz, alarma egoera ezarri zenean langabezian edo autonomoen erregimenean baja emanda zeuden langileak laguntzetatik kanpo geratu dira.
Hala ere, lanean ari ziren askok ere ezin izan dute laguntzarik jaso, haien hitzetan, eskatutako baldintzetan ez delako lanaren «behin-behinekotasuna aintzat hartu». Maiatzetik urrira izaten dute lan gehien, eta tarte horretan egoten dira autonomoen erregimenaren barruan. Kultur enpresen eta sortzaileen kasuan, kontuan hartu dute egoera laguntzak emateko. Teknikariak, aldiz, kanpoan geratu direla salatu du Agirrek. Ondorioz, sektoreari lotutako autonomoen %60k ez dute diru sarrerarik izan martxotik.
Sindikatuak teknikarien gutxieneko diru sarrerak bermatzeko eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari, autonomoen kuotaren ordainketa geldiaraziz edota aldi baterako erregulazioak ohiko jardunera iritsi arte luzatuz, beste hainbat neurriren artean.
Lan hitzarmena helburu
Premiazkoena alarma egoeraren ondorioak arintzea da, baina Teknikariok sindikatuak langile hitzarmen bat sinatzea du jomuga. Historikoki, teknikariek ez dituzte beren aldarriak «modu egokian bideratu», Agirreren ustez, eta, horren ondorioz, instituzioek ere ez dituzte legeak «ondo» zehaztu. Gaur egun, legeak ez ditu finkatzen teknikarien lanorduak, kontratatzeko modua eta diru sarrerak.
Hitzarmen hori lortu nahi lukete sindikatu berriarekin. «Orain arte, gure sektorean ez gara bateratuak egon», onartu du Agirrek, baina langileen «isolamendua» ere gogora ekarri du: «Bakoitza bere gunean dago, eta horrek ere ez dio elkartasunari mesede egiten». Egoerari konponbidea emateko hasi ziren sindikatua eratzen, apirilean, eta ekainean estatutuak onartu zituzten. Indarrak batzeko haien saiakera hasi besterik ez da egin: «Gero eta afiliatu gehiago ditugu».
Ikuskizunetako teknikariek protesta egingo dute egoera «jasanezina» dela salatzeko
Teknikariok sindikatuak elkarretaratzera deitu du Donostian, eguerdirako. Salatuko dute diru laguntzak ematean ez dela aintzat hartu beren lana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu