Euskal kulturaren ekosisteman antzematen zituzten gabeziek kezkatuta, elkartzeari eta gogoeta egiteari ekin zioten duela hiruzpalau urte Jalgi osatzen duten elkarteek. Kezka horietatik abiatuta, egitarau oso bat antolatu dute Ahotsenea sortzaileen guneak, Euskal Herriko Bertsozale elkarteak, Ehaze Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak. Maiatzaren 23tik 29ra bitartean egingo dute, aurrenekoz, Jalgi. Euskal kulturaren plaza ibiltaria egitasmoa. Lehenengo aldia izango da, eta Bizkai eta Arabako bederatzi udalerrik osatzen duten Aiaraldea eskualdean egingo da. Laudio, Amurrio, Urduña, Aiara, Orozko, Artziniega, Okondo, Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldo bihurtuko dira kulturaren plaza.
Egun horietan, 70etik gora kultur jarduera egingo dituzte, baina emanaldi zerrendatze batetik harago joateko bokazioa azaldu dute. «Ez genuen egin nahi ikuskizun errenkada bat, baizik eta euskal kulturaren komunikazioaren eta transmisioaren inguruko gogoeta saio zabal bat», adierazizuen atzo Gotzon Barandiaran idazle eta antolakuntza taldeko kideak. «Euskal sorkuntza ez dago krisian, eta plazak ere egon badaude, nahiz eta horietako asko ez diren izaten euskaraz ekoitzitako lanetara bideratuak, baina kezkatzen gaituen gaia komunikazioa eta transmisioada».
Ohiko sorkuntza emanaldiez gain (kontzertu, antzezlan, dantza saio, bertso saio, arte erakusketa...), komunikazioa nahiz transmisioa ardatz izango duten egitasmoak landuko dituzte batez ere, ikastetxeetan, gaztetxeetan, edota kalean bertan ere. Andoni Egañak eta Asier Rubiok bertsolaritzaz jardungo dute, adibidez, ikastetxe batean; Patxi Zubizarretak literatur solasaldia emango du; eskualdeko trikitilari gazteekin bilduko da Joseba Tapia; Elirale eta Aiko konpainiek dantza tailerrak emango dituzte; hip hopekoa Endika Albellak; Eider Eibar arte plastikoez ariko da; emanaldi musikatua izango da Juan Mari Beltranena; eta bateria jotzaile izatearen zailtasunez ariko da Galder Izagirre, beste askoren artean. Ruper Ordorikak eta Igor Arzuagak kontzertua eskainiko dute Amurrioko antzokian, maiatzaren 27an. Eta, maiatzaren 28an, Jalgi eguna ospatuko dute. «Hura izango da festa egun handia,ospatzeko baliatuko duguna». Egun guztiko egitaraua izango da, eta arratsean (18:30ean hasita), Gorka Urbizu, Aguxtin Alkhat, Hesian (Zuriñe Hidalgo eta Fran Urias formatu akustikoan), Anari eta Garilak 26 taldeak entzun eta ikusi ahal izango dira Laudioko herriko plazan.
Jarraitzeko bokazioa duena
Edonola ere, kultur emankizunetik harago, bi eguneko gogoeta, eztabaida eta elkarlanerako jardunaldietan jarri nahi dute indarra eta fokua antolatzaileek. «Azken hamabost urteotan hainbat bilgunetan euskarazko kulturgintzak dituen gabeziei buruz iritziak trukatu ditugularik, gure ustean bi dira berandu baino lehen betetzen hasi beharreko gabeziak: komunikazioa eta transmisioa», nabarmendu du Barandiaranek.
Horregatik, ekinaldiaren lehen aldi honetan garrantzi berezia izango dute maiatzaren 26an eta 27an Amurrion egingo diren jardunaldiek. Euskal sorkuntzaren transmisioa eta komunikazioa goiburuarekin bi egun horietan hainbat solasaldi eta bi mahai-inguru egingo dituzte. «Euskarazko hainbat hedabidetako kazetariek euren esperientziak eta arazoak kontatuko dituzte goizeko batzordeetan, eta arratsaldean mahai inguruak egingo dira bi gaion inguruan». Besteak beste, honako galdera hauei erantzuten saiatuko dira. Baga: Zer egin genezake gure kultur sorkuntzaren transmisioa bermatzeko? Eta biga: Noren ardura dira komunikazioa eta transmisioa, soilik komunikabide eta hezkuntzako arduradunena?
Jardunaldiak irekiak izango dira: «Edozeinek har dezake parte. Irudipena dugu euskarazko sorkuntza ez dela iristen euskaldunongana, euskaldunek ez dakitela zer egiten den euskal kulturan. Hor estrategia oso bat behar da, eta lehen urratsa kazetari eta hedabideen lana eta kezkak ezagutzea da». Lehen ekitaldi honetan ez da erakunde nahiz komunikabide publikoetako ordezkaririk izango. «Ez da gonbidatu ez ditugulako. Guk eskua luzatzen dugu, eta batzuek hartzen dute, eta besteek ez. Baina argi dugu, lehentasuna orain hedabide eta kazetarion lana ezagutzea dela».
Lehen saioa Aiaraldean egiteak baditu bere arrazoiak: «Lan handia egiten ari dira eskualde horretan. Kultur ekipamendu onak dituzte, eta, gainera, ideia ona iruditzen zitzaigun hiriguneetatik ateratzea, eta Arabako eskualde batean egitea». Hala ere, egitasmoak «ibiltaria» izateko bokazioa duenez, «posible da hurrengo urtean beste leku batean egitea», antolatzaileen hitzetan. Izan ere, jardunaldiotan «detektatzen diren gabeziak findu eta landu» egin beharko dira, ez soilik datozen urteetako edizioetan, baita urtean zehar ere. «Gure egitasmora geroz eta eragile gehiago biltzea nahi genuke».
Ikuskizun errenkadaz harago
Kultur sorkuntzaren komunikazioari eta transmisioari buruzko jardunaldiak izango dira Jalgi plaza ibiltariaren ardatza. Aiaraldea eskualdean egingo dira, maiatzaren 23tik 29ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu