Ikuskizun bat, euskal kulturaren hazle eta zaintzaile bati gorazarrez

'Roger Idiart gurekin', Jean Bordaxarrek moldatua, hilaren 8 eta 9an emanen dute Azkainen

Roger Idiart, jakan gurutzea duela, 1991n, berak idatzi Xalbador pastoralaren emanaldiaren hastapenean, Larrainen. ALEXIS IRIART.
2014ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Roger Idiart apaiz eta euskal kulturaren hazle eta zaintzale suharra (1931-2009) lapurtarra zen, Azkainen sortua izanda, baina zuberotar ere izan zen, lurralde horretan 23 urtez erretor egon baitzen, zuberera ere oso ondo ikasi baitzuen, kantu andana euskalki horretan idatzi, baita bi pastoral ere: Xalbador (1991, Larraine) eta Etxahun-Iruri (2001, Iruri). Zubereraz mintzatzea lortzeaz oso harro zen eta egun batez zuberotar batek esan ziolarik: «Bena jauna, zük gure ber eüskara emaiten düzü!»,hori entzutea bere «gaitasun-agiri ederrena» zela adierazi zuen...

Zuberoarekin izan zuen lotura estu eta maitakorraz jakinean izanda, ez da harritzekoa Zuberoako kultura arloko seme entzutetsu batek nahi izan badio omenaldi berezia eskaini, Azkaineko bere sorterrian.

Lapurdiko herri horretan, beraz, Roger Idiart gurekin ikusgarria eskainiko dute agorril honen 8an eta 9an, ostiral eta larunbateko 21:00ean, Kiroleta polikiroldegian. Ikusgarri honen moldatzaile eta zuzendari artistikoa Jean Bordaxar kantari eta pastoral idazle zuberotar ezaguna da. Kantu, dantza eta bideoz osatutako bi orduko agerraldi berezi bat asmatu du Bordaxarrek. Oholtza bi, bata handia eta beste bat txikiagoa, eta pantaila handi bat erabiliko dira Roger Idiart gurekin ikusgarriarentzako.

Kantarien aldetik 18 arituko dira, bakarlariak edo taldeak, Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetako ordezkari, hauek direla: Naia Robles, Begiz Begi, Hinka, Hiru Soinu, Kantiruki, Mixel Etxekopar eta Mathieu Mendizabal, Maddi Oihenart, Niko Etxart, Jean Bordaxar, Robert Larrandaburu, Dominique Urruti, Jean-Pierre Luro, Jean-Louis Aranburu, Nikolas Ürrüti, Eric Alzazebe, Pierre Larrandabürü, eta Larrun Kanta. Dantzarien aldetik, bost taldetakoek jardungo dute, zehazki: Elirale, Azkaineko Ikasleak, Xiberoko Kauter Ballet, Xiberoko Neskak, Etorkizuna Kontzeptuak. Musikaren alorrean, berriz, Kauter Sinfonia eta Evilness izango dira protagonista. Bideoaren egilea, azkenik, Kanaldude izango da. Guztira, Euskal Herriko 140 kultur jardule eta sortzaile elkartu dira Roger Idiart gurekin ikusgarria osatzeko.

Bizitzako bost aro

Jean Bordaxarrek azaldu duenez, Roger Idiarten omenerako ikusgai hau bizitza bateko bost arorenarabera ondu du, hauek direla: haurtzaroa, nerabezaroa, gazte aroa, heldutasun aroa eta zuhurtasun aroa. Hala, bost aro horien hariari jarraituko zaie ikusgarria, bai kantuetan, bai dantzetan. Roger Idiart gurekin entzun-ikusgarriaren beste ezaugarri nagusia izango da, ordea, kantu eta dantza alorretan obra ezagun bat eta sorkuntza bat entzutera edo ikustera ematea. Abestiei dagokienez, kantari eta kantu talde bakoitzak Roger Idiartek ondutako kantu bat eta sorkuntzazko bat emango ditu. Dantza partean, aldiz, dantza tradizional bat eta sorkuntzazko lan bat eskainiko dute oholtzan jardungo duten taldeek.

Roger Idiart gurekin ikusgarriaren lehen agerraldi bat izango bada ostiral arratsarekin, bigarrena egon bitartean jai eguna izango da larunbat osoa. Hala, goizean Azkaineko elizan meza ospatu ondoren, tokiko mozkinekin osatutako bazkaria proposatuko da herriko jatetxeetan; bazkalostean, elkarteen erakusgune eta topagune izango da Pierre Loti plaza eta Bil Tokia gelan, berriz, Roger Idiarten bizi-urratsak gogoraraziko dituen dokumentala pantailaratuko da etengabe. Oro har, jai egun honen osagaiekin eta arratseko agerraldiarekin «Lapurdi, kostaldean, euskal kulturaren bizitasuna nabarmen erakutsiko duen ikusgarri bat eskaintzea» nahi duela adierazi du Jean Bordaxarrek.

Ikusgarrirako sarrerak 15 eurotan dira helduentzako, 7 eurotan 6 eta 12 urte bitartekoentzat eta 5 urte artekoentzako urririk. Bi mila bat leku prestatuta egongo bada ere, hobe litzateke hauek aurrez hartzea, Azkaineko turismo bulegoari zuzenduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.