Aritz Galarraga.
Klasiko gisakoak

Ikuskera maskulinoaren gaineko ikuskera femeninoa

2024ko maiatzaren 5a
05:10
Entzun

'FARORANTZ'

Idazlea: Virginia Woolf

. Generoa: Eleberria. Euskaratzailea: Anton Garikano. Argitaldaria: Elkar, Urrezko biblioteka. Urtea: 2015a.

Virginia Woolf, oroz gain, sententzia honengatik litzateke ezagun: «Literatura egingo badu, emakume batek dirua behar du, eta gela bat beretzat». Gela bat norberarena izeneko saiakeraren hasieran esaten du hori —diruaren ideia ahazten duen izenburua, kurioski—. Baina liburu horren balioa gutxietsi gabe —kontrara, emakumeen askapenari buruzko hiru panfleto gorenetako bat da, Mary Wollstonecraften A Vindication of the Rights of Woman (1792) eta Simone de Beauvoirren Bigarren sexua (1949) lanekin batera—, benetan ezagutu nahi badugu Woolf, zer-nolako idazlea izan zen, esango nuke Farorantz jotzea litzatekeela egokiena; Gonzalo Tornék dioen bezala, Virginia Woolf ez zaigu beste inon agertzen Virginia Woolfago Farorantz eleberrian baino. Pierre Bourdieuk nikelatzen digu: bere testu teorikoek daramatzaten sexu, diru eta boterearen inguruko topikoetatik aske, generoen arteko harremanen ebokazio argigarria da Farorantz.

Eleberri honi buruz, oro har Woolfez, kritikariek nabarmenduko dizuten lehen gauza da teknika. Pertzepzio intersubjektiboa, autoritate narratiboaren galera, kausalitate-denbora konbentzionalen ordezkatzea, nanani, nanana. Ados. Baina, horiek hala izanik ere, testuaren aspektu formaletan insistitzen duen irakurketa bat derrigorrean gertatuko zaigu gutxigarria, asko mugatzen digu Woolfen kontakizunak bere baitan daukan intentsitate politiko, filosofiko eta, laburbilduz, giza kondizioaren gainekoa. Erran nahi baita, objektu estetiko autoerreflexibo baino, artelan itxi, perfektu, buruaski ordez, publikoarekin loturarik gabeko esperientzia pribatu beharrean, eleberri honek kontatzen dituen gertaerak guztiok hunkitzen gaituzten esperientzia orokor gisa irakur daitezkeela, eta izan ditzaketela gainera irakurketa ugari.

Pertsonalki, hasteko, interesatzen zait Woolfek egiten duen familiaren bibisekzioa, familia gisako, familia handi batena —«talde bat osatzen zutela denen artean zoko batean, uharte batean»‒. Ramsay andrea genuke, batetik, pertsonaia inondik ere zentrala: «Zertan zen desberdina?», «Zuhurtzia ote zen? Jakinduria ote zen? Edertasunaren engainua ote zen berriro». Ramsay jauna bestetik: «Beti bere liburuekin larriturik, irakurriko ote dira, onak ote dira, zergatik ez ote dira hobeak, zer irizten ote dit jendeak?». Zortzi seme-alabak gero: «Hain ziren kritikoak beren umeak». Eta kontakizunean zehar joan-etorrian dabiltzan hainbat pertsonaia azkenik, garrantzitsuena segur aski Lily, pintore bat, estanpa harekin guztiarekin maiteminduta legokeena, edo gutxienez liluratuta. Horien guztien identitateetan barneratuko gara irakurleok, bakoitzak besteei buruz egindako monologoen bitartez.

Virginia Woolf idazlea.
Virginia Woolf idazlea.

Eta ezin okerrago abiatzen da dena. Eleberria irekitzen duen eszena, bere huskerian, bere ohikotasunean, bere gordintasunean da osotoro krudela. James semeak landetxetik ikusten den farora joan nahi du, desio du, beste ezer baino gehiago, oporraldi hartan. Eta galdera pausatzen, amaren baiezko erantzunarekin. Baina, sorpresa, orduantxe agertzen zaigu aitatiar figura, festa hondatzailea: «Ez du eguraldi ona egingo». Bost hitz, ohar meteorologiko bat, alegia, deus ez. Itxuraz. Semearen ilusioa zapuzten baitu eta emaztea barregarri uzten. Aita patriarkal bati dagokion bezala. «Bihar ez gara farora joango», bizi guztian edukiko du hori gogoan Jamesek. Izan ere, umeek ez dute ahazten. Nola. Mendeetako biolentzia sinboliko guztia biltzen baitu esaldi itxuraz anodino horrek. Hain zuzen, «Ramsay jaunak halakoxe emozio azkarrak ernatzen zituen, ondoan egote hutsarekin, seme-alabengan»; edo «handik ehun pausotara egonda ere, zuri hitzik esan gabe ere, zu ikusi gabe ere, iragazi egiten zen, nagusitu, gailendu». Azpiratze sistema oso bat fikziozko pasarte batean laburbildua.

Kultura femenino, matriarkal, intuitiboaren aldeko aldarria da eleberria, kultura patriarkalaren ukazioa den ber neurrian

Noski, jarrera horrek erresistentzia bat sortzen du, erresistentzia isila: «Baina semeak gorroto zion». «Basapiztia sarkastiko», «berekoi jasanezin», denetan okerrena, «tirano» deituko dio. Beldurraren kontrako borroka bat abiatzen du: «Ikaraz zegoen hark gora begiratu eta zer edo zer esango ote zion zorrozki»; eta, hala egingo balu, «labana atera eta bihotzean sartuko diot». Azken batean, kultura femenino, matriarkal, intuitiboaren aldeko aldarria da eleberria, kultura patriarkalaren ukazioa den ber neurrian: aitak «inguru guztian hoska oztopatu egiten baitzuen amarekiko harremanaren sinpletasun eta zuhurtzia perfektua». Eta, noski, bere gauzatze soilarekin ukatzen du garai hartan, eta auskalo oraindik ere, hain zabaldua dagoen iritzia: «Emakumeek ez dakite margotzen, emakumeek ez dakite idazten».

Bourdieu berriz, eta bukatzen hasteko (ia mugagabea baita liburu honen emaria): menperatzearen esperientzia maskulinoaren kontraesanak aztertzen dituen eleberria litzateke Farorantz, gizon ororen gizon gisa maila emateko esfortzuaren aurreko emakume begirada. Ikuskera maskulinoaren gaineko ikuskera femeninoa, alegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.