Ikusi Mikusi azoka urriaren 7an eta 8an egingo dute Saran, bigarrenez

Euskara hutsezko azokak 1.200 haur eta gazte baino haborori eginen die harrera. Ruper Ordorika izango da aurten azokako aitabitxia

Ikusi Mikusi literatura azokaren aurkezpena, atzo. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Sara
2022ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Iazko arrakasta ezin galgatuz, 1.200 haur eta gazteri eginen die harrera euskara hutsezko haur eta gazte literaturaren azokak, urriaren 7an eta 8an, Saran (Lapurdi). Ruper Ordorika izango da azokaren aitabitxia; «gogotik» onartu duela erran du: «Saran tradizio handi bat egon da, tamalez hein handi batean ahantzia». Maddi Ariztia idazle saratarraren aitzinsolasa «harrigarria» leitu du; justu hilabete honetan 50 urte beteko baitira zendu zenetik. «Orain da unea berriz aitzinera begira jartzeko, baina iraganetik ikastea ez da sekula soberan».

Lehen eguna eskolei zuzendua zaie; haurka bonuak banatuko dizkiete: «Norberak gustukoen duen liburua eskura dezan», xehatu du Amaia Hennebutte azokaren antolatzaileak. Oraino eskolara ez doazenek ere beren gunea eta egitaraua ukanen dute, lehentze: Ttipittoen xokoan.

Nerabeek hartuko dute protagonismorik handiena: «Zaila zaie literaturari lotzea; beraz, tailer berezia antolatu diegu. Bada eskasa euskal literaturan; 11-12 urtetan galtzen ditugu euskal irakurleak, erdarara pasatzen dira. Beharbada badelako eskaintza eskasia? Bada hor erronka bat». Hennebuttek salatu du egitarauaren zati bat: alde batetik, nerabeak kazetari bilakatuko dituzte, Kanaldudek filmaturik idazle-ilustratzaileei zuzeneko elkarrizketak eginez. Gainera, Patxi Zubizarretak eta Maite Gurrutxagak tailer berezia asmatu dute.

Zahar eta gazte

Azokaren bigarren aldi hau gai bati lotua zaio: Gure xaharrak. Eta oraindik aitzina ere hala egin gogo dute: urte oroz hari gorria izanen den gai bat hautatuko baitute. «Gaia biziki potentea da. Zer egin gure xaharrekin? Galdera potoloa da gure gizartean, eta haur eta gazteak lotzen dira gaiari, ez baitzaie berdin», azpimarratu du Hennebuttek.

Kari horretara, Bonbon Beltz konpainiaren Gure Xaharrak ikusgarria emanen dute, lau aldiz.

Adinean hedatzeko, profesionalei begira ere, elkarren arteko topagunea sortu dute. Hartara, Speed dating egiteko parada izanen da: argitaratu gabeko obrak aurkeztuz denbora tarte mugatuan. Halaber, gai korapilatsu bat jorratuko dute mahai inguruan: «Sorkuntza ala itzulpengintza?».

Hainbertze atal ezberdin aitzinerat eramateko, herri osora hedatuko da azoka, autorik gabe, eta, iaz bezala, Etxepare lizeoko ikasleen laguntza eskuratuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.