Xabi Bandini. Kerobia taldeko kantaria

«Ikusi dugu jende talde txiki batentzako musika dela gurea»

'Supernova' mundu ikuskera bat da, «balio batzuk transmititu nahi dituen» proiektu multidiziplinar bat. Iazko urtearen hondarrean iritsi zen aurrez diru bat jarrita eskatu zutenen etxeetara. Leku itxietarako kontzertuak prestatzen ari da orain Kerobia.

gorka erostarbe leunda
2013ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
«Esfortzua eta denbora» eskaini dio Xabi Bandini kantari eta kantuen egileak Supernova lan berriko kantuak osatzeari. Finantzaketa kolektiboaren bidez atera du aurrera Iruñeko taldeak Supernova proiektua, 15 kantuz osaturiko diskoa, ilustrazioz eta testuz osaturiko liburuxka, lan prozesuari buruzko dokumentala eta margolan handi bat. Jendearen erantzuna ona izan dela adierazten du horrek alde batetik.

Bestetik, mila aleko edizio mugatua egiteak ez al du mugatzen lanaren zabalpena bera, ez al du murrizten jende gehiagorengana iristeko aukera?

Proiektu multidiziplinarra finantzatzeko diru aski ez izateaz gain, finantzaketaren kontuari buelta eman nahi genion, eta mikro-mezenasgoarekin lan egin nahi genuen. Kostuak kalkulatu genituen. Kerobiaren errealitatea da jende gutxiri heltzen zaion musika dela. Azken hamar urte hauetan saiatu gara hedapena izaten, baina denborak esan digu jende talde txiki samar batentzako musika dela, eta oso fidelak direla entzule horiek. Hori dena kontuan hartuta, argi ikusi genuen ez genuela edizio zabal bat zertan egin.

Baina ez al da bihurtzen Kerobiaren klub itxi moduko bat?

Urteotan ikusi dugu ahoz ahoko transmisioa dela garrantzitsuena. Mila ale ateratzea planteamendu errealista samarra izan zela uste dut, eta sare sozialen bidez lan ona egin dugula uste dut. Guk berriz errepikatuko ez den gauza fisiko bat eskaini nahi genuen, liburuxka, DVD bideoa, murala... usaina duen zerbait, baina, jakina, kantuak eta edukia sarearen bitartez zabalduko ditugu. Benetako hedapena Internetez eta sare sozialen bitartez egiten da, eta halaxe egingo dugu.

Musikarekin bakarrik ezin duzuela zuen mundua islatu adierazi zenuen diskoa grabatzen ari zinetela. Kontrakoa esango nuke diskoa entzunda: kantuekin mundu propio bat azaldu duzuela, eta ondo azaldu ere.

Bai, esan nuen guk sortu nahi dugun mundu hori ez ginela kapaz musikarekin bakarrik gorpuzteko, eta nik horri eusten diot. Beste iritziak ere ez ditut ukatuko, baina nik uste dut musikarekin bakarrik ez garela oraindik gai mundu hori entzuleari helarazteko.

Alderantzizkoa ere gerta liteke. Proiektu multidiziplinarra izateak ez al du arriskua musika bera pixka bat lausotzeko?

Egia esanda, bi gauzak ditugu buruan. Lehendabizikoa da gu musika talde bat garela. Guretzat, musika eta hitzak dira garrantzitsuena. Hori behin eta berriz gogoratu behar izan diogu geure buruari. Bestalde, apustu bat egiten duzunean beste diziplinetako jendearekin, sinetsi egin behar duzu haien lanean. Errespetua zor diozu haien lanari, eta hori maila berean jarrita bakarrik islatzen da. Ez dugu nahi izan besteen lana txikiagotzerik.

Hordagoa jo duzue proiektuarekin, eta musikan ere igartzen da anbizio moduko bat: kantuak asko zainduak eta landuak, ñabarduraz josiak, instrumentu asko, konponketak...

DVDko bideoan esaten dut kantuak konposatzen hasi nintzenean ez nuela kontuan izan behar gero zuzenean nola egingo genituen, eta abar. Kantuak sortu behar ziren nahi zen instrumentuekin, nahi zen moldaketekin, nahi zen guztiarekin... Askatasun hori hartzeak eragina izan du kantuen forma eta egituretan. Aurrekoen aldean, desberdinak dira, beste tonu bat dute.

Egiturak konplexuagoak dira, bai; baina, hala ere, melodien indarra da oraindik ere zuen sostengu eta kontzertuetarako helduleku?

Orain hasiko gara emanaldiak prestatzen, beste fase batean sartzen. Ez dakigu zehatz zer aterako den, baina zerbait polita egin nahi genuke, leku itxietarako, antzokietarako, kultur etxeetarako, eta abar. Eta erronka nagusia da nola asmatu kantu hauek zuzeneko lengoaian islatzen. Horretan gaude. Dena den, esan duzunari ñabardura bat jarri nahi nioke. Aurreko diskoetako kantuetan melodiak ateratzen zitzaizkidan modu naturalean. Nolabait esateko, gitarra batekin eta ahotsarekin erraz defenda zitezkeen kantuak. Kasu honetan nahita egin dut melodiei horrenbesteko indarra ez ematea. Gitarra eta ahots soilarekin kantuek ez dezatela melodia borobil bat izan, ondorengo instrumentazio horri guztiari indarra emateko. Kantuen zati askotan daude melodia politak, nire ustez, baina ez dira aurrekoen tankerakoak, linealagoak dira, gero sortzen den progresibotasun hori gehiago indartzeko.

Ameslaria, jostaria, errealitatean oinarritua eta sentiberatasuna duena. Hori izan al liteke Kerobiaren mundu propio hori?

Hego Amerikako errealismo magikoaren literatura asko gustatzen zait. Horrek ematen du gure munduaren giltzarri bat. Nebulosa mundu bat da. Irudi batzuk daude, pertsonaia batzuk, baina ez dago ezer inguruan. Eta gauza arraro samarrak gertatzen dira. Testuekin saiatzen gara pertsonaia horiek balioen konfrontazio batera hel daitezen. Nebulosa mundu horretan erantzun bat eman behar dute. Erraietatik ateratzen den hori hitzera eramatea da. Testu bakoitzaren atzean mezu bat egotea da interesgarriena. Mezu hori ez bada ulertzen, idazle txarra izango naiz. Istorioak balio konkretu batzuetara heltzen dira. Ea kapaz izan garen balio batzuk transmititzeko, mundua ikusteko modu bat, eta ez soilik gogoeta soil batzuk.

Nia-estatua kantuan diozue: «Nor bere gabezien putasemeak gara. Nor bere pasioen putasemeak gara». Zer gabezia eta pasio ditu Kerobiak?

Hau modu pertsonalean erantzuten dut. Niretzat, gabezia handiena, askotan, esaten dudana ez sinestea da, beldurra izatea, aurrean dudan pertsonak, entzuleak edo lagunak egin dudan lanari kritika egingo ote dion. Eta ez da justifikazioa bilatzen dudala bestearen iritzian, baina laguntzen dit baieztatzen nik pentsatzen nuena. Niretzat, hori gabezia da. Eta pasioa da kantu bat egiten ari zarenean edo kontzertu batean jotzen ari zarenean sentitzen duzun burmuinen mozkorraldi hori. Denak berdin dio, eta bakarrik zaude, eta berdin dio aurrean dagoenak zer pentsatuko duen. Aurrekoaren, gabeziaren edo beldurraren kontrapuntua da. Momentu horretan zuk esaten duzuna da egia eta bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.